Giro ederra Zizurkilgo Azoka berezian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko urr. 20a, 12:12

Eguraldi onak lagunduta, jende asko hurbildu zen Zizurklgo Azoka berezira. Berrogeita hamar postu jarri ziren, mota guztietako elikagai eta artisautza lanekin. Andrezketa baserriko kideek eskuratu zuten herriko postu onenaren saria. Arratsaldean, txakur erakustaldia egin zen udaletxe ondoko belazean.

Zizurkilgo Udalak aurtengo azokaren balorazio positiboa egin du, nahiz eta krisi ekonomikoaren itzala nabaritu den: "Baserritar eta artisauek krisia nabaritu dela adierazi dute. Beste urteetan baino jende gutxiago ibili dela iruditu zaigu eta erosketak ere ez dira aurreko urtekoak adinakoak izan. Hala ere, jende asko gerturatu zen eta bertako giroa oso ona izan zen". 

Berrikuntza bezala, talo postua jarri zen lehendabiziko aldiz eta eguerdi aldera, jendetza handia hurbildu zen bertara. Eguerdian egin zen, baita ere, postu onenaren sari banaketa: "Aurten Andrezketa Baserriak jaso du eta hau izan da Zizurkilen jaso duen lehen saria. Sari honek produktuen kalitatea baloratzen du, eta ez postuaren itxura. Sari hau ematearekin batera, Zizurkilen Barrena Beka aurkeztu zen berriz ere. Aurtengoan Zizurkilgo euskara bildu eta ikertzea du helburu beka honek. Proposamenak aurkezteko epea urriaren 24an amaitzen da."

Haurrentzako joalasa, kantu jirako kideen emanaldiak, trikitilarien doinuek eta txakurren erakustaldi bikainak borobildu zuten eguna.  

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!