Mintzalaguna egitasmoa martxan, aurten ere

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko urr. 20a, 11:16

Iazko esperientzia arrakastatsua eta positiboa dela azaldu dute teknikariek, eta urrian zehar izena ematera animatu dituzte euskaraz hitz egiteko erraztasuna eta ohitura hartu nahi duten guztiak. Villabona eta Zizurkilgo euskara zerbitzuek abian jarri dute bigarren urtez Mintzalaguna egitasmoa.

Villabonako eta Zizurkilgo euskara zerbitzuek Mintzalaguna egitasmoa jarri dute martxan aurten ere. Helburua euskara ikasten ari direnei (edota gaur egun ikasle izan gabe, euskaraz hitz egiteko ohitura eta erraztasuna landu nahi duten herritarrei) kalean hitz egiteko konfiantza hartzen laguntzea da. Horretarako, hiru laguneko taldeak osatuko dira (bi euskara-ikasle eta laguntzaile euskaldun bat), eta talde hauetako kideek konpromisoa hartuko dute astean behin, gutxienez ordubetez, euskaraz aritzeko elkarrekin, kafe bat hartu, kirola egin, paseatu edo nahi duten jarduera egiten duten bitartean.

Iaz abiatu zuten egitasmo berri hau bi herriotako euskara zerbitzuek elkarlanean, eta oso positibotzat jo dituzte lortutako emaitzak. Izan ere, 25 lagun bildu ziren guztira, 8 taldetan banatuta.

Bestalde, Villabonako eta Zizurkilgo euskara teknikariek jakinarazi nahi dute aurten ere bertako Udalek matrikularen %75 arteko diru-laguntzak emango dituztela euskara ikastaroetan matrikulatuta dauden ikasleentzat. Eta, lehengo urtean bezalaxe, aurten ere, diru-laguntza jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituenak eta horrez gain ikasturte osoan zehar Mintzalaguna egitasmoan parte hartzen duenak %85 arteko diru-laguntza jaso ahal izango duela.

Era berean, adierazi dute Mintzalaguna egitasmoan parte hartzeko laguntzaile euskaldunak behar dituztela, eta hilaren 29an, 19:30ean, bilera egingo dela interesa duten guztiekin, Villabonako udaletxeko gela polibalentean (liburutegiaren gainean).

Informazio gehiago nahi izanez gero, hona jo:

Villabonako Euskara Zerbitzua: 943 693 501 – euskara@villabona.net
Zizurkilgo Euskara Zerbitzua: 943692 495 – kultura@zizurkil.com

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!