Iluntzean izugarrizko euri-zaparradaren ondorioz, busti-busti eginda ailegatu zen jendea Subijana etxe berritura. Etxea txiki geratu zen gerturatu zen jende multzoa jasotzeko. Bertso-saioa Joxe Agirre eta Imanol Lazkanok hasi zuten; "bertsolaritza ez da galduko / euskara bizi dan arte" ahapaldiarekin amaitu zuten euren saioa. Xabier Amuriza eraikin berriaren inguruan aritu zen eta etxeari zahartzen ez diotela utziko adierazi zuen, jende gazte asko datorrela atzetik berritzen lagunduko dutenak. Maialen Lujanbio, Sustraio Colina, Xabi Paia eta Manolo Arozenak amaitu zuten bertso-saioa. Umoreari lotuta aritu ziren azken hauek, jende dezente bertsoak entzutera baino pintxoak jatera gerturatu zela azalduz, besteak beste.
Iñaki Muruak Bertsozale elkarteko lehendakariak, "hemendik mundura eta mundutik hona zabaldu nahia" adierazi zuen eta gazte nahiz heldu, bertsozale guztientzako lekua egongo dela eraikin berrian. Maixabel Arrieta alkateak Bertsozale elkartea herrian bertan kokatzea pozgarria dela adierazi zuen eta egoitzari etekina ateratzeko eskatu zien elkarteko kideei.
Oinkari dantza taldeko kideek eta Loatzo musika eskolako gaztetxoek emanaldia eskaini zuten gero. Ikusleen aldetik txalo zaparrada beroa jaso zuten. Luntxarekin eta hizketaldi luzeekin eman zitzaion amaiera egoitzaren inaugurazio festari.
Arduradunak gustura agertu ziren euren deiak izan zuen erantzunarekin. Bereziki pozik agertu ziren herritarrek egindako harrerarekin. Aurrerantzean ere herria ahaztu gabe eta elkarlanean jarraitzeko gogoa azaldu zuten.