EHBEren egoitza berriaren inaugurazio ekitaldia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko urr. 16a, 16:57

Gaur eguerdian Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak, (EHBE)k, egoitza berria inauguratu du Amasa-Villabonan. Garai bateko Subijana etxe berritua izango da aurrerantzean euren bilgune. Villabonako alkate Maixabel Arrietak, EHBEko lehendakari Iñaki Muruak, Kutxako kultur sailaren arduradun Mikel Iribarrek, Eusko Jaurlaritzako kultura sailburu Miren Azkaratek eta Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusi Markel Olanok hartu dute hitza aurkezpenean. Besteak beste, bertsolaritza eta euskal kulturgintzan lanean diharduten gonbidatu ugari gerturatu da. Arratsaldean, nahi duen ororentzako jai irekia izango da, arratsaldeko 18:00etatik aurrera.

Argazki gehiago

Maixabel Arrieta Villabonako alkateak, eraikin berria, bertsolaritzaren etorkizuna sustatzeko pauso garrantzitsua dela adierazi du eta dena dela beharrezkoa “gure hizkuntza eta kultura sendotzeko”. Euskarak eta euskal kulturak independentziarik gabe aurre egitea zaila dela azaltzen duen Gotzon Garateren pasartea aurkezpenera ekarriz, eurei ere eskubide zibil eta politikoak banan bana urratu zaizkiela adierazi du. “Espetxerako bidean egon gara eta bigarren mailako herritar modura hartu gaituzte. Hala ere, ez dago ez tribunal ez epailerik gure lana etengo duenik”. Maixabel herritarrengana zuzendu da Subijana etxeak hartu duen erabilera herriari nahiz Euskal Herriari dagokionez, positiboa izango dela adierazteko. Hala ere, Villabonan herri kultura sustatzeko Kultur Etxerik ez dagoela gogorarazi du eta lanean jarraituko dutela espazio hori lortzeko. “Horretarako gaur eta hemen dauden instituzioen laguntza izango dugula espero dut”.

Maixabelen ondoren, EHBEko Iñaki Muruak hartu du hitza eta Bertsozale Elkartearen sorrera gogoratuz abiatu da. Bertsolaritza gorde ez ezik, zaindu, egokitu eta sustatzea da euren helburua eta edonorentzat eskuragarri jartzea, gainera. Horretarako, transmisioa, sustapena eta ikerkuntza sailak lantzen dituzte. Aurreko egoitzatan izan dituzten baldintzak kontuan hartuta, “mutil koxkorrak zapata berriekin bezala gaude gaur”, adierazi du eta lankideek umorean bezala osasunean irabaziko dutela, eraikineko argiaren laguntzaz, besteak beste. Egitasmoaren hasieran bidelagun izan zituzten kideen artean, Xabier Huitzi aipatu du “lehen harremanetan bidelagun izan genuelako” eta aurreko legealdian Villabonako alkate izan zen Bakartxo Tejeria ere bai. Eskerrak emateko zerrenda luzea duela azpimarratu du Muruak, “ez zurikeriazko eskerrak, benetakoak baizik”. Villabonako Udala eta herriari eskerrak eman nahi izan dizkio eta Villabonak eman duen neurrian jasotzea espero dutela adierazi du. Gipuzkoako Foru Aldundiaren baitan, Maria Jesus Aranburu eta Estibalitz Alkortari horrenbeste bilera eta gero eskainitako laguntza eskertu nahi izan die. Eusko Jaurlaritzaren izenean, berriz, Miren Azkarate, Patxi Baztarrika, Joxean Rodriguez eta Erramon Osa aipatu ditu. Kutxaren Gizarte Ekintza ere bai. Bestalde, Mikel Almandoz, Iñaki Bolibar, Amaia Errazti, Arantxa Mariskal, Imanol Lazkano, Koldo Tapia, Jexux Murua eta egitasmoak aurrera egiteko lan egin duten guztiei eman dizkie eskerrak.

Ahozkotasunari garrantzia
Kutxako kultur arduradun Mikel Irizarrek oso pozik lagundu dutela adierazi du, “oso pozik gaude lankidetza emaitza ikusita eta aurrera begira ere, gustura jarraituko dugu elkarlanean”. Komunitate txikiek burua ateratzeko zailtasun handiak izaten dituztela aipatu du eta euskararen herrian ahozkotasunak duela urrezko domina. Eusko Jaurlaritzako kultura sailburu Miren Azkaratek, etxeak txundituta utz gaitzakeela adierazi du baina, birmoldaketa ere bat datorrela bertsolaritzaren beraren bilakaerarekin. “Hizkuntz munduan ere behar dira berrikuntza eta garapena. XXI. mendean abiada handian doaz bertsolaritza eta ahozkotasuna”. Euskara egunetik egunera erabiltzeko, ahozkotasunak zeresan handia duela nabarmendu du. Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusi Markel Olanok, hizkuntza nahiz kultura aldetik Euskal Herrian berpizkundea izan dela adierazi du. “garai berriak etorri dira eta aurrerapausoek arazoak ere ekarri dituzte. Euskararen erabilera handitzea da orain erronka”. Euskara eskoletatik kalera atera beharra aipatu du eta alor horretan, txalogarria dela EHBE hezkuntzarekin batera egiten ari den lana.

Jaia, 18:00etatik aurrera
Etxearen aurkezpen ofiziala eta gero, nahi duen guztiari zuzenduta, aurrera jarraituko du jaiak arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Hauxe egitaraua:

18:00eta, Erronda Villabonako kaleetan bertsolariekin.
19:00etan, Ongietorria Subijana etxeko balkoitik. Ondoren bertso saioa.
19:50etan, Iñaki Murua Bertsozale Elkarteko lehendakariaren agurra.
20:00etan, Villabonako Bertso Eskolako bertsolariak, Oinkari dantza taldea eta musika eskolako kideak.
20:20etan, Subijana etxearen bisita, luntxa eta erromeria.

Subijana etxearen nondik norakoak
Duela 150 urte eraikitako etxe berritua oihal lantegia izan zen hasiera batean. Villabonatar askok eta askok egin zuen bertan lan. 1980ko hamarkadan eskuratu zuen etxea Villabonako Udalak eta egun ahozkotasunaren gune bihurtzeko apustua egin da. Etxea birmoldatzeko 1.847.000 euro behar izan dira. Horietatik 861.000 euro Gipuzkoako Foru Aldundiaren kontura izan dira, 750.000 euro Eusko Jaurlaritzaren kontura eta 236.000 euro, berriz, Kutxaren kontura.
Azpiegitura berri honi esker, elkarteak leku bakarrean burutuko du aurrerantzean bere jarduna. Lau solairu ditu etxeak: 1.- Harrera, areto nagusia eta bilera aretoak. 2.- Xenpelar Dokumentazio Zentroa. 3.- Bulegoak. 4.- Liburutegia, Ikergunea eta ikus-entzunezkoen aretoa.
Etxe berrituaren kanpoaldean Nikolas Alba artistak eginiko burdinazko eskultura jarri da. Mintzola du izena eta eraikin horretarako berariaz diseinatutako lana da. Eskulturaren bidez, ahozko adierazpideen inguruko ikerketa eta zabalkunde proiektua iradoki nahi da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!