Harkaitz Martinez, Sorabillan bizi den musikaria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko urr. 16a, 10:32

Oreka Tx txalaparta taldeko partaide da Harkaitz Martinez de San Vicente.  Eta azken hilabeteotan Andoain aldean dabil, Sorabillako auzunean bizitzen jarri zenetik.
Nömada Tx pelikulari esker munduan zehar zabaldu dira txalaparta eta taldeko txalapartariak. Martinez txalaparta pertsonen eta kulturen topagune bihurtzeko ahaleginetan dabil azken urtetan.

Aiurri: Zer moduz Sorabillako auzotar bezala?
Harkaitz Martinez: Gustura bizi gara auzo honetan; hori bai, bitxia da hemendik kanpo Sorabilla aipatu eta inork ez ezagutzea. Alokairuko etxeen menpe, nomaden gisa bizi gara, eta hona etorri arte, Granadako errekazuloko bordan bizi ginen, Iturriotzetik behera joanda. Hangoa bukatu zen eta Andoainen aurkitu genuen lekua. Villabonan 20 minutura jartzetik dena gertu egotera, badago aldea.

Nomadaren izpiritua Euskal Herrian ere?
H. M.: Lokal baten beharrak taldea baldintzatzen du; entseatzeko, materiala gordetzeko... Milaka lokal huts daude inguruan, baina gero zaila da bat topatzea. Andoaingo Udalari egina diogu eskaera enpresa gisa; ezezko erantzuna jasoz gero, beste norabaitera joan beharko dugu.

Sorabillako jaietan, “Bihotzetik” ikuskizunean parte hartu zenuten.
H. M.: Oso gustura aritu ginen. Jai Batzordeko Xabier Huitzi tematua zegoen, eta horrela, beste musikariekin bezperan entseatuta atera zen ikuskizuna. Bapatekotasunez, gauza polita izan zen. Mendiluzeren idatziak ere asko lagundu zuen.

“Bihotzetik” bezalako proiektu eta kolaborazio txikietan ikusten zaizue asko...
H. M.: Nahiz eta Nömadak tx egitasmoaren dimentsioa ez eduki eta denbora asko kendu, asko ilusionatzen gaituzte gauza txikiek. Beti daukagu zeozer esku artean. Egunotan Pirritx eta Porrotxekin disko berria grabatzen aritu gara, Castellonera teilaz osatutako txalaparta egitera joan gara, Kursaalean Aukeran dantza taldearekin saioa egin dugu, gaur Ezkioko Igartubeiti baserri-museoan izan gara sagardoaren denboraldiaren irekiera ekitaldian... Datorren astean, berriz, Kaledonia Berrira goaz.  

Zertan da Kaledonia Berriko kontu hori?
H. M.: Hango dokumentalen jaialdi batek gonbidatuta goaz. Zelanda Berriaren ondoan dagoen Frantziako kolonia da irla hura. Kanak kulturaren eta herri independentziaren aldeko jaialdia omen da, eta guk Nomadak tx aurkeztu eta bertako musikariekin sorkuntza lanaren bat egitea nahi dute. Josu Iztueta eta Raul de la Fuente gure dokumentaleko zuzendaria ere animatu dira gurekin joatera.   

Pelikulak munduko makina bat ate zabaldu dizkizute...
H. M.: Ez genekien, baina pelikulak izugarrizko zirkuitua du. Musikarekin etxetik ateratzea kosta egiten den bezala, dokumentalak luzerako bidea eman dezake. Gainera, fin ari da jokatzen gure banatzaile austriarra. DVD-an argitaratu eta telebistan jarrita erre beharrean, ttaka-ttaka ari da lanean. Ehun jaialdietan aurkeztuko zen honezgero, eta laster Europako hainbat herrialdeetan estreinatuko da.

Ze ikuskizun handi dituzue oraintxe eskuartean?
H. M.: Bi dauzkagu, Nömadak tx egitasmoan jasotako esperientzia islatu nahi dutenak. Karpa puzgarria da lehena, herri txikietarako diseinatua; planetario bat da barrutik, eta zirkuluan jarrita 50 lagunentzako kabida du. Hiru pantailetan, bidaiaren eskarmentua agertzen da, eta Mikel Ugarte, Igor Otxoa eta hirurok erdian gaude. Egurrezko, tutuzko, harrizko eta bidoiezko txalapartetan jotzen dugu, eta sinkronizazio handia dago irudien eta gure zuzeneko emanaldiaren artean.
Bigarren ikuskizuna, antzokietarako dago pentsatua. Errepertorio berria sortu eta musika taldea osatu dugu. Otsailean aurkeztuko gara ofizialki Victoria Eugenian, Laponia, Mongolia, Sahara eta herri bereberretako musikariekin ahal bada.  

Laudorioak nonnahitik heldu zaizkizue. Konforma errazak bihurtu eta errentetatik bizitzeko tentaldirik ez?
H. M.: Errentetatik bizitzeko ez gaude gu. Aurrena egin dugun zuloa estali eta gero jarraituko dugu bide berriak egiten. Kostu handia du nomadaren egitasmoak; bidaiek, produkzio lanek eta lehen aipatu proiektu txiki ugarik nekea eragiten dute. Burua zentratu eta egin duguna barneratu behar dugu lehendabizi.     

Txalaparta aproposa dela munduko kulturekin harremanatzeko, sarri adieraziko zizuten...
H. M.: Zalantzarik gabe. Hala ere, zenbat kostatzen den kulturartekotasuna! Hizki handiz erabiltzen da termino hori, baina zenbat kostatzen den elkar ulertzea, hizkuntzarengatik, ohiturengatik, gauzak ulertzeko moduagatik... Happy-happy dela Nomada tx esan izan digute; pelikula agian bai, baina nomada gisa bizitu dugun esperientzia ez. Pelikulak zeozer erakutsi badigu, kulturen arteko loturak egiten saiatzeak merezi duela izan da.

Txalaparta gauza askoren metafora dela diozue...
H. M.: Guretzat garrantzitsua izan da txalaparta biren arteko sorkuntza modura ulertzea; bi pertsonen arteko osaketa, elkar entzunez eta ulertuz. Beste instrumentuek ez dute berezitasun hori. Herri bakoitzak bere bizi baldintzen araberako adierazpideak ditu, eta txalaparta ere auzolanari, herri musikari, egurrari... lotua dago.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!