Urkamendi txakur haztegia Zizurkilen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko urr. 14a, 19:10

Betidanik izan du Luis Mari Lopezek ehiza txakurrekiko zaletasuna. Setter ingeles arrazako txakurrak hazten ditu Zizurkilen eta txoko askotatik hurbiltzen da jendea haiek erostera.

Mutil koskorra zela oparitu zioten Luis Mari Lopezi lehen txakurra. “Villabonako pisu batean bizi ginen orduan, eta txakurra amonaren etxeko baratzan egoten zen. Ezkondu ginenean, Zizurkilera etorri ginen bizitzera eta orduan izan nuen txakurren munduan gehiago sartzeko aukera, toki gehiago nuelako. Urkamendi izeneko haztegia dut orain”, dio Luis Marik.
Txakurren kalitatea zaintzeaz arduratzen da Luis Mari: “Beti saiatu izan naiz pedegree-dun txakurrak izaten. Pedegreearen paperetan, txakurraren guraso eta aurrekoen datuak biltzen dira. Horrek ez du ziurtatzen txakurra ona izango denik, baina badakizu bere aurrekariak zeintzuk diren. Orain ditudan txakur guztiek badute bere pedegreea ziurtatzen duten papera. Duela hogeita hamabost urte hasi nintzen txakurren pedegree munduan sartzen. Garai hartan jendeak ez zion baliorik ematen erosi behar zuen txakurrak paperak edukitzeari. Gaur egun berriz, horixe izaten da lehen eskaera”.

Esperientzia eta zortea
Txakurrak hazteak bere zailtasunak baditu: “Errezeta magikorik ez dago. Txakur ar eta eme onak gurutzatzeak ez du ziurtatzen txakurkume onak izango direnik. Kumaldi bereko txakurkumeak ere ezberdinak izaten dira. Mundu honetan dabilen jendearekin hitz egiten asko ikasten da eta liburuak badira txakurrak haztearen inguruan, esperientziak ere erakusten du gauzak nola egin, baina zortea ere beharrezkoa izaten da ofizio honetan”.  
Setter arrazako txakurrekin egin izan du lan beti Luis Marik eta urteotan, zenbait aldaketa sumatu du: “Txakur gehiago eta hobeak daude orain duela hogeita hamar urte baino. Txakurrak hazten ditugunok, geroz eta txakur hobeak lortu nahi ditugu. Horretarako, txapelketatako irabazleak edota kalitatea dutela erakutsi duten txakurrak elkarrekin gurutzatuz joan gara”.

Oilagorretarako aproposak
Ehizarako erosten dituzte setter arrazako txakur gehienak: “Animalia lumadunak ehizatzeko txakurrik hoberenak direla iruditzen zait eta lumadunen artean, oilagorrak ehizatzeko primerakoak dira. Oilagorrak basoan egoten dira gehienetan eta setter txakurrak oso ondo moldatzen dira basoko baldintzetara. Ileak sasietatik babesten ditu eta toki umeletara ondo egokitzen dira”.
Gaur egun hamalau txakur daude Luis Mariren etxean, baina berrogeita lau batera edukitzera iritsi izan da. “Txakur gehienak kumetan saltzen dira, bi hilabete ingururekin. Duela hamar urteko prezio berean saltzen ditut kumeak, 600 eurotan. Txakur helduak ere saltzen ditut eta horien prezioa aldagarria izaten da. Nik saldu dudan txakurrik garestiena 6000 euro ordaindu zuten. Oso zaila da txakurren salmentarekin negozioa egitea. Pentsua etengabe doa goruntz, txakurren botikak, albaitari gastuak, paperak..., gastu handiak ditu. Negozioa egin ahal izateko hamar kumalditik gora atera beharko lirateke urtean”, azaldu du Luis Marik.
Laurent Marchesi hezitzaile frantziarrarekin elkarlanean ere aritzen da Luis Mari: “Negu aldean, hilabete inguru pasatzen dut berarekin txakurrak entrenatzen eta Cordobara ere joaten gara eperrekin entrenamendu saioak egitera”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!