Nerea Amilibia eta Joxe Mari Etxeberria korrikalariak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko urr. 14a, 19:06

Aiarra da Nerea, andoaindarra Joxe Mari baina, Zizurkilen bizi dira biak. Zaletasun bera dute biek: korrika ibiltzea. Euren afizioaren berri azaldu dute elkarrizketan.

Noiz eta nolatan hasi zineten korrika?
J.M.:
Betidanik egin izan dut kirola baina, tarte batean etena egin ondoren, duela lau urte hasi nintzen korrika. Errepidean entrenatzen hasi eta hainbat krosetan hartu nuen parte. Ondo sentitzen nintzen korrika eta konpetizioetan sakonki sartzeko gogoa piztu zitzaidan. Kiroldegi ingurutik jaso nuen nondik nora jo gidatzeko laguntza. Egun, nire taula pertsonala jarraitzen dut; urte erdia mendian ibiltzen naiz eta beste urte erdia errepidean. Entrenamendu ezberdinak egiten ditut baterako edo besterako. Gehiago entrenatzea gustatuko litzaidake baina, lana eta familia tarteko, ezin izaten dut nahi adina denbora topatu.
N.: Niri alderantziz gertatzen zait. Denbora gutxi izaten dut baina, gehitxo entrenatzen dut. Eskola garaian, nire kabuz hasi nintzen korrika eta gerora, Zarauzko koadrila batekin jarraitu nuen. Nire kasuan, ez dut sekula lehiatzeko helbururik izan. Aurrena errepidean eta gero mendian hasi ginen eta ordudanik korrikari lotuta bizi naiz. Alaba izan nuenean denbora tarte batean korrika egiteari utzi nion. Gero kiroldegian hasi nintzen baina, berehala jabetu nintzen nahiago nuela korrika jarraitu. Ezin diot korrika egiteari utzi. Spining nahiz walking saioak ere egiten ditut kiroldegian.

Afizio gogorra duzue. Zerk bultzatzen zaituzte korrika egitera?
J.M.:
Asko, ondo mantentzeagatik ibiltzen da. Baina konpetizioetan ibiltzen garenak beste helburu batzuk ditugu: kilometroka denbora neurtu edo pultsazioka entrenatzen dugu. Agian ez egunetik egunera, baina, urtetik urtera denbora hobea lortu nahian ibiltzen gara beti. Horrela da eta ezetz esaten duena gezurtia da. Lasterketen amaieran guztiok kronometroa geratzen dugu. Oso gogorra da etxea, lana eta entrenamenduak uztartu eta ondo sentitzea; korrika segitzeko motibazioa behar da, beraz.
N.: Hori da, guztiz ados nago. Aurreko asteburuan parte hartu genuen La Vega de Riosa lasterketan, esaterako, ibilbide guztia korrika egitea zen nire azken helburuetako bat. Iaz zati batzuk oinez egin behar izan nituen, arnasbide gutxi dituen oso proba gogorra delako. Proba ondo egin eta emakumeen marka jaisten saiatzea ziren nire helburuak. Helburu handiak ziren baina, lortu egin nuen.

Egindako zein lasterketa aipatuko zenituzkete?
J.M.: Hiru Handiak; 100 kilometro, 24 ordutan. Donostiako hiru maratoi egin ditut, baita Aizkorriko maratoia eta joan zen asteko Asturiasko lasterketa ere. Bestalde, ahal dudan herri gehienetako mendi krosetan parte hartzea gustatzen zait.
N.: Lehen gehiago ibiltzen nintzen errepidean eta Donostiako bost maratoi segidan egin nituen. Ez naiz gehiago joan. 3 ordu eta 24 minutu izan zen nire denborarik onena eta hori jaisteko izugarri ibili behar da, mendia ere pixka bat alboratuz; abiadura asko galtzen baita bestela. Dudarik gabe, gehiago erakartzen nau mendiak orain.
J.M.: Mendian potentzia edo hanketako indarra irabazten duzu baina, galdu egiten da indar hori errepidean. Indarra hartzearekin batera, moteldu egiten zara eta errepidean abiadura berreskuratzeko, serie asko eta asko egin behar da.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!