Sacem lantegia, arte eskola

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko urr. 14a, 19:03

Garai bateko Sacem lantegi entzutetsua artea lantzeko gune bilakatu da azken urteotan. Bertan biltzen dira kultur batzordeak antolatutako ikastaroetan izena eman duten ikasleak.

Astean zehar, goizez nahiz arratsaldez izaten dira eskolak baina, eskola orduetatik kanpo ere zabalik egoten dira Sacem-go ateak; nahi duenak, nahi duen orduan joateko aukera izan dezan. Egur-lanketa, pintura nahiz zaharberritzea eta arte aplikatuak lantzeko aukera eskaintzen da. Duela aste gutxi jarri dira abian ikastaroak eta oraindik ere, urriaren 31 bitarte, zabalik da izena emateko epea. (943 691 655 edo 943 692 100).

Egur-lanketa
13 urte daramatza Jon Iñaki Ormazabal herritarrak egur-lanketako eskolak ematen. Aurtengoa Sacem-en eskainiko duen hirugarren ikasturtea izango da. Aurtengorako makina berria ekarri dutela nabarmendu du, “Udalak diru-laguntza ematen digu urtero, lanerako beharrezko materiala erosteko. Aurten zepillo funtzioa egiten duen makina ekarri dugu”. Etorkizunera begira badute asmo berririk, “orain artean egurra landu izan dugu beti. Aurrerantzean arotz tailerra martxan jartzea gustatuko litzaiguke”. 20 lagunek eman dute izena. “Oso ondo funtzionatzen du tailerrak. Aurtengo ikasturtean lau kide berri animatu dira. Oraindik bada jende gehiagorentzako lekua. Norbaitek informazio gehiago jaso edo lan funtzionamendua ikusi nahiko balu, etor dadila lasai, zabalik ditugu ateak”.
  • Astelehenetan, 15:00-18:00 edo 18:00-21:00. Urteko kuota: 140 €.

Marrazkia eta pintura
Helga Massetani margolari argentinarrak bigarren urtez gidatuko du Sacem-go pintura tailerra. Bi talde heldurekin biltzen da bertan eta haur nahiz gaztetxoekin Udalak Larrean duen egoitzan egiten du lan. “Iaz baino jende gehiagok eman du izena: kopurua bikoiztu egin da”. Taldeak beteta dauden arren, itxaron-zerrenda osatzen ari da. “Helduei zuzendutako beste talde bat eratzea posible da oraindik”. Helduek marrazkia eta pintura landuko dituzte batik bat. “Beti izango da askatasuna nahi den alorrean aritzeko baina, programa zehatzagoa landu nahi dut aurten”. Haur eta gaztetxoekin pintura eta marrazkia ez ezik, buztinarekin eskulturak ere landu nahi ditu, “8 urte bitartekoentzat entretenimendua izaten da gehiago baina, oso lan politak egin daitezke”.
  • Haurrak: Asteartetan: 17:15-18:15, 18:15-19:15. Ostegunetan: 16:15-17:15, 17:15-18:15, 18:15-19:15. Urteko kuota: 50 € (materiala barne).
  • Helduak: Asteazkenetan: 16:00-18:00, 18:00-20:00. Urteko kuota: 50 €.

Zaharberritzea eta arte aplikatuak
Zaharberritze ikastaroaren arduraduna, berriz, Candi Peguero da. Bi urte daramatza Sacem-en lanean. “Aurrez EPAren baitan, urte luzean eskaini zen zaharberritzeko aukera. Beste irakasle bat aritzen zen orduan”. Lan ezberdinak egiten dituzte: altzari nahiz tresna zaharrak berritu, brikolajea… “Ikastaroan parte hartu eta gero, ikasleek edukiontziak hobeto begiratzen dituztela esaten dute”. Eztainua, beruna, beira, egurra nahiz oihala ere lantzen dute. Candik aurtengo ikasturtean interes handiagoa sumatu du herritarren aldetik, “agian iaz baino lehenago iragarri direlako saioak. Nik uste iazko ikasturte amaieran egin genuen erakusketak ere eragina izan duela; jende asko hurbildu baitzen”. Parte hartu nahi duenarentzat, oraindik bada tartetxoren bat.
  • Astelehenetan: 17:00-19:30 eta asteartetan 10:12:30. Urteko kuota: 60 €.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!