Izena emateko epea zabalik
Urriaren 31n amaituko da zozketan parte hartu ahal izateko izena emateko epea. Astelehenetik ostiralera, goizeko 09:00etatik 14:00etara izango da horretarako aukera. Izena emateko, ordea, hainbat baldintza bete behar da:
- Elkarbizitza unitateko (familia nukleoa osatuko duen taldea) kide bat, 5 urtez gutxienez, Villabonan erroldatuta egotea. Edo etenaldirik izan badu, gutxienez 15 urtez Villabonan erroldatuta egon izana.
- Beste etxerik ez duten herritarrei zuzendutako etxebizitzak direnez, eskatzaileak ezin du beste etxebizitzarik inon eduki. Hala izanez gero, zozketatik kanpo geratuko litzateke.
- Elkarbizitza unitateak 9.000 eta 52.500 euro arteko diru-sarrera ponderatuak izan behar ditu urtean.
Zozketa azaroaren erdialderako
Behin eskaerak eginda, errolda-agiriak aztertuko dira lehenengo. Baldintzak betetzen ez dituena zozketatik kanpo geratuko da zuzenean. Onartu diren eskatzaile guztien izen-abizenekin osatutako zerrenda jarriko da gero Udaleko iragarki-taulan. Handik hamabost bat egunera, alegaziorik ez badago, zozketari ekingo zaio. Villabona Lantzen S.A.-ko arduradunek dena ondo joanda, azaroaren erdialderako aurreikusten dute Gurea antzokian egingo den zozketa. Zozketa sistema zenbaki bidezkoa izango da. “Eskatzaileek izena ematen dutenean, zenbaki bana jasoko dute udaletxean. Ondo gorde beharreko zenbakiak dira, zozketa egunean ateratzen diren lehen hamar zenbakien jabeei egokituko baitzaizkie etxebizitzak”. Etxebizitza eman aurretik, ordea, aipatutako baldintza guztiak ondo betetzen ote dituzten begiratuko zaie hamar zortedunei.
Garrantzitsua: salneurria
Etxebizitzak trasteleku eta garajearekin batera salduko dira. Ondorioz, etxea egokitzen zaionari, sail osoa egokituko zaio. Kontuak ateratzeko, BOEren moduluaren prezioari 1,7 bidertu behar zaio. Emaitza, 220.000 eta 240.000 euro artekoa da, garai bateko 36.000.000 eta 38.000.000 pezeta artekoa, hain zuzen ere.
Edozein zalantza argitu edo informazio gehiago jaso nahi izanez gero, Villabona Lantzen S.A.-ko kideekin harremanetan jar daiteke. Hona bideak: 943 212 354 / Zarautz etorbidea 82-3, Donostia / maider@esarbe.net.