Bizikletaz ibiltzearen esperientzia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko urr. 14a, 18:57

Nork ez du amestu inoiz bizikleta hartu eta helmugarik gabeko ibilaldia egitearekin, tokian tokiko jendea ezagutuz? Bada, abentura horretara ausartu ziren Gartxot Arregi eta Saioa Gorriti iaz.

Urte eta erdi egin dute Asiako kontinentean, eta India, Nepal, Tailandia, Kanbodia, Laos, Malasia eta Indonesia lurraldeetako herritarrekin zuzeneko tratua egiteko aukera eduki dute bitarte horretan. Itzuli berriak dira, eta Gartxotek gogoeta egiteko beta hartu du egunotan.
Zergatik hautatu zuten halako bidaia egitea eta zergatik Asia, horra lehen bi galdera. “Ez zen izan aurrez erabakitako gauza. Halaxe, ibiliaren ibiliz atera zen. Saioa eta biok hemengo bizimoduarekin hausteko gogoa geneukan. Bera langabezian zegoen eta nik bi urteko eszendentzia hartu nuen lantegian. Orain bederatzi urte Saioa Kadmanduko (Nepal) eskola batean aritu zen bolondres, eta bazituen adiskideak. Beraz, argi geneukan gauza bakarra, hara iristeko joaneko hegaldi txartela ateratzea izan zen. Astebete, hilabete, urtebete…, askatasun osoa zernahi egiteko”.
Kadmandura 2007ko martxoan iritsi, hango lagun zaharrei bisita egin, eta aurrerantzean, gogoak agintzen zien tokira joatea eta nahi adina denbora hartzea horretarako, horixe izan zen euren filosofia bakarra. “Horretan, ekain aldera monzoiak hasten direla-eta, Indiara joatea gomendatu ziguten. Herrietako kamioi eta autobusetan ibili ginen han, eta trekinak Kadmandu eta Anapurnako inguruetan egin genituen”.
“500 kilometro autobusean bi egunetan egin behar baziren ere, ez ginen estutzen”. Libre ziren, hortaz, mendebaldeko turistaren gaitzetik (leku guztiak ahalik eta denbora laburrenean zapaldu eta ikusi beharraren gaitzetik, alegia).

Bizikletak ateak irekitzen
Oraindik deskubritzeko zeuzkaten bizikletaz garraiatzearen abantailak, hala ere. Nahitaezko konpromiso batek etxera eramanarazi zuen Saioa irailean, eta orduan, bizikleta erosi eta India zeharkatzera abiatu zen Gartxot. 2.000 kilometro egin zituen herriz herri bakarrik, Saioak berriro hara joan ahal izan zuen arte.
“Hostaletara joaten hasi nintzen, gaua igarotzera. Baina bosgarren egunerako ohartu nintzen ‘nik daukat dirua eta zuk  lekua’, harreman merkantilista horretara mugatzen zela dena. Bertakoekin harremanetan jarri eta bertakotzeko, bestelakoa behar zuela izan nire jarrera. Handik aurrera, bertakoengana zuzendu nintzen, non lo egin zitekeen galdetzeko. Hori nahikoa izan zen giza tratu handia izateko harrezkero”.
Saioa eta biak berriro elkartutakoan, eta bizikleta bidaiarekin jarraitu zuten Asian barrena, 2008ko urtarrilean. 7.500 bat kilometro egin zituzten, pedalari eman eta eman. Joaten ziren tokira joaten zirela ere, bere horretan jarraitu zuen Asiako jendearen abegirkotasunak, miresgarria izan ohi dena mendebaldeko bizilagun batentzat. “Etxetxo ahul bat eta behi bat besterik ez zeukan familiak atea irekitzea normalena zen. ‘Urrutitik datozen atzerritarrak dira, eta guk, zaindu egingo ditugu, afaria eta logela eskainiz’. Hasieran pentsatzen duzu interesatua izan litekeela jarrera, dirua izatearen poderioz. Baina laster ohartzen zara ezetz, beren kulturaren parte dela, eta gainera, zure bizitzaren berri jakiteko minez daudela”.  
Ibilbide turistiko nagusiak alboratu eta bide txiki ezezagunetatik eta gainera bizikletan ibili izanak, komunikazio hori erraztu egin zietela aitortu du Gartxotek.
Maiz izan zuten hizpide Saioak eta Gartxotek Asiako biztanleek egunero egunero eskaintzen zieten harrera gozo hori. “Egoera bera baina, Euskal Herrian, Europan irudikatzen genuen; argi geneukan bidaiari asiarren bat gure etxe aurrera helduko balitz bizikletan, ez lukeela jasoko, inondik ere, gu jasotzen ari ginen tratua. Are gehiago, arrazismo puntu batez hartua izango zen zenbait kasutan!”.  
Sua egiteko tramankulua eta kanpin-denda eskuratzea erabaki zuten bidaian zehar. Horrek autonomia gehiago izatea eragin zien eta ondorioz, bertakoekiko harremanak ere beste modu batekoak gertatu ziren; ez hotzagoak, barregarriagoak baizik. “Herri batera iritsi eta ea non akanpatu zitekeen galdetzen genuen. Kanpina zutitu eta afaria prestatzen hasterako, ume mordoa hor edukitzen genuen gure bizkarrean, gu inguratuz, begia kendu gabe guri! Ondoan jartzera gonbidatzen genien orduan. Nekagarria izan zitekeen zirkuko atrakzio sentitzea, baina tira!”. Modu askotako pasadizoak pilatu zaizkie han-hemen. “Batzuetan gure ondo-ondoan jarri eta, sukaldean gaizki ari ginela eta zuzen nola egin behar genuen adierazten ziguten”.
Herrietako merkatuen garrantzia ere azpimarratu nahi luke Gartxotek, behin harremanen kontua aipatzen hasita. “Genero aniztasuna erakusteaz gain, sozializatzeko leku ezin aproposagoak dira. Gizarte bizitza aberatsa erakusten dute merkatuek herrialde horietan”.

Zer den aberatsa, zer ez
Aberastasunaren kontzeptua zalantzan jartzen lagundu die bidaiak, behin eta berriro. “Nongotarrak ginen zen lehen galdera beti, eta erantzuna entzunda, herri aberatsekoa ginela erantzuten ziguten ia denek. Baina zer da aberatsa izatea? Konparatzen hasita, konturatzen ginen askotan haiek gu baino aberatsagoak zirela. Guk dirua eta ondasunak izanagatik, kulturan, ohituretan, bizimoduan…, galduta daukagula haiek bere duten elkartasunaren benetako zentzua. Hemen izugarrizko ondasunak dauzkagu: dirua, txartela, pasaportea, argazki kamera… Baina aldi berean, horiek galtzeko beldurra daukagu; haiek, berriz, ez dakite zer den beldur hori”.
Hara joan aurretik, bai Saioak baita Gartxotek ere bazeukaten kultura ezberdinen talka horren berri, gutxi gehiago. “Bazoazenean badakizu hori guztia, baina hantxe zabiltzanean, orduan baieztatzen da. Txirotasuneko estatistikek Nepal zeharo txiroa dela diote, adibidez, eta ez zebiltzala oker ikusi ahal izan genuen. Eta hala ere, ezpainetako irribarrea inoiz ez zaie joaten. Materialki, denetik daukagu guk hemen; irribarre horrek, ordea ez dauka preziorik eta ezin dugu erosi…”.
Txirotasuna bere krudeltasun osoan agertzen da, natural-natural. “Ugari dira elbarriak; jai dute han, eta kalean bizitzera kondenatuta daude. Errealitatea den bezala ageri da han, izkutakeriarik gabe. Gogoan daukat Tailandian, adibidez, nola elkartzen zen itsu piloa kalean; pintura poteekin eta instrumentuak egin, orkestina osatu, eta kalean zehar ibiltzen ziren musika jotzen”.

Emanaldiak
Biek bizitu duten eskarmentu sakona edonori kontatzeko prest dagoela adierazi du Gartxotek. Bidean zehar makina bat argazki atera ditu, eta beraz, inork eskatuz gero, irudi eta hitzez hornitutako emanaldiak emango lituzke. Dagoeneko, badu data lehenbizikoak: Andoaingo Gaztetxearen urteurreneko kultur astearen baitan, azaroan ospatu ohi dena.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!