Ipupomamua ez da Asteasun egingo

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko urr. 14a, 18:52

Lau urte bete dira Ipupomamua aurkeztu zenetik. Haur eta gazteen literaturari eskainitako gunea Lamitegiko belazean eraikitzekoa zen, baina uztailean jakin zen ez dela horrela izango.

Ipuina, poema, marrazkia eta mamua hitzak bateratzen ditu Ipupomamuak. Asteasuko Lamitegiko belazean zuten egitekoa elementu guzti horiek batuko zituen eraikina eta horrela aurkeztu zuten 2004ko urriaren 14an. Asteasuko Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak egitasmoari babes ekonomikoa emateko hitzarmena sinatu zuten. Iñaki Amenabar alkateak eman ditu Ipupomamua egitasmoak eman dituen pausoen inguruko azalpenak: “Momentu hartan, 1,8 milioi euroko aurrekontua zuen proiektuak eta erakunde bakoitzak aurrekontuaren herena hartu zuen bere gain. Kudeaketa gastuei aurre egiteko modua erabakitzeko geratu zen. Momentu hartan egindako bideragarritasun azterketak, urteko 36.000 euroko galera aurreikusten zuen eta hiru erakundeen dirulaguntzen bidez erraz molda zitekeen hori”.
Oso eraikin berezia zegoen aurreikusita ipuinaren etxea hartzeko. Lamitegiko ertz batean, lursailaren muino batean egitekoa zuten eraikina. Kobazulo bat bailitzan, belarrezko estalkiaren azpialdean zen kokatzekoa gune berezia. Antzokia, erakusketa-aretoa, lantokiak, jolastokiak, irakurtzeko txokoak, liburu denda eta kafetegia jaso ziren Ipupomamuaren lehen proiektuan. Euskal Herri osoko guraso, haur, ikastetxe, idazle, antzezle edota ipuin-kontalarien bilgune eta aisialdirako aukera berria izateko sortu zen Ipupomamua. Gorringo taldeko kideen ekimenez sortu zen ipuinaren etxea sortzeko lehendabiziko ideia eta Bernardo Atxagak eman zion izen berezia.

Inbertsio altua
“Egitasmoa korapilatzen hasi zen. Eusko Jaurlaritzako Ur Sailak egindako erreken azterketaren arabera, lursail horretan eraikitzeko zenbait lan egin beharra zegoen, Usarrabi erreka bertan egoteak uholde arriskua sortzen zuelako. Lehendabiziko proiektuaren aurrekontua igo egin zen eta berri bat egitea erabaki zen”, azaldu du Iñakik. “Inbertsioa 3 milioi eurotara igo zen. Erakunde bakoitzak, beraz, milioi bat euroko inbertsioa egin beharko zukeen. Gainera, bideragarritasun azterketa ere berritu egin zen eta horren arabera, urtean 50.000 pertsona etorriko balira, 400.000 euroko galera izango lukeela aurreikusi zen”, gaineratu du.

Fundazioari ezetza
Iñaki Amenabarrek adierazi duenez Ipupomamuaren kudeaketarako fundazio bat sortzea proposatu zuen Asteasuko Udalak: “Udalarentzat gastu handiegia suposatzen zuen kudeaketak eta fundazio baten sorrera bultzatu nahi izan genuen. Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Asteasuko Udala eta enpresa pribatuen parte hartzea izango zukeen fundazio horrek, baina Foru Aldundiak ezezkoa eman zigun eta Eusko Jaurlaritzak ere ez zuen aurrera egin. Ez dugu ezezko horren arrazoia ulertzen, beste zenbait kasuetan fundazioko partaide direlako, Ekainberrin edota Mintzolan, esaterako ”.
Uda aurreko osoko batzarrean, Asteasuko Udalak proiektutik ateratzea erabaki zuen: “Baldintza horietan, Asteasuko Udalak ezin zion aurre egin horrelako proiektu bati. Erabakia ez da erraza izan ilusio handia genuelako jarria egitasmoan, baina herriaren etorkizuna ezin genuen horrela baldintzatu. Guretzat erabakiorra izan da Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak fundazioan sartzeari eman zioten ezezkoa”.
Ipupomamua egitasmoa ez da bertan behera geratu baina oraindik zehazteko dagoen herriren batek hartuko du etorkizunean. Lamitegiko belazeetan berriz, arau subsidiarioetan aurreikusitako gainerako proiektuak aurrera joango dira, halaxe adierazi du Asteasuko alkateak: “Lamitegitik Artzubirako lursailean hainbat lan egingo da: igerilekua, herritarrentzako etxebizitzak, aparkalekua, bidegorriaren jarraipena..., hori guztia aurrera doa. Horrez gain, toki libre gehiago geratuko denez, kirol ezberdinetarako gune bat ere egin nahi genuke”.

HERRITARREI GALDEZKA

  1. Ezagutzen al duzu Ipupomamua egitasmoa?
  2. Zer iruditzen zaizu?
  3. Aurtengo udan jakin zen ez dela Asteasun egingo.  Zein da zure iritzia?


Miren Beobide

  1. Ez dut oso argi zen den, baina badakit ipuinarekin zerikusia duen zerbait dela. Haurrei zuzenduriko egitasmoa dela uste dut, atal ezberdinak dituena.
  2. Nik bi ume ditut eta oso egitasmo polita iruditzen zait. Hala ere, ez dut bere inguruko berri oso zehatzik.
  3. Herrian zabaldu zen hemen egingo ez ote zenaren kontua, baina ez nekien ziur. Pena ematen dit herrian bertan ez egiteak.


Garbiñe Ariztimuño

  1. Aurkeztu zutenean jakin genuen nolakoa izango zen, baina ez diot jarraipenik egin.
  2. Ez dut uste herriko jendeak jakinmin berezirik izan duenik Ipupomamuaren inguruan. Hori baino gauza premiazkogoak ikusten ditut.
  3. Herrirako oso beharrezkoa zenik ez zait iruditzen. Euskal Herri mailan interesgarria izan daiteke, baina herriari berari begira, ez horrenbeste.


Maxux Oiartzabal

  1. Ipuina, poesia eta marrazkia bateratuko dituen gune bat dela badakit.
  2. Horrelako herri txiki batentzako egitasmo polita dela iruditzen zait, kanpoko jendea erakarriko lukeelako eta herriari bizitza gehiago emango liokeelako. 
  3. Pena ematen dit hemen ez egiteak. Gauza berria zen eta jendea erakartzeko modua izan zitekeela uste dut.


Iñaki Zubeldia

  1. Umeek bisitatzeko gune bat zela uste dut, umeentzako herri txiki baten antzeko zerbait. Baina ez dute oso garbi azaldu.
  2. Asteasu bezalako herri txiki batentzat aurrekontu handiegia zuela iruditzen zait. Oso egitasmo polita zen, baina Asteasurako gehiegizkoa. 
  3. Horrelako egitasmo handi bat hartzeko herri egokiagoak badaudela iruditzen zait, beraz, ados nago Asteasu proiektutik atera izanarekin.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!