Jaten duguna garelako, makrobiotika

Elikagai egokiak janez, gorputzaren oreka lortzea da makrobiotikaren helburua. Urte garai bakoitzean gorputzak behar duen energia mota ematean dago gakoa. Hori guztia erakusten duen ikastaroa egiten ari dira, ekaina bitarte, Larraulen.

Ane Errazkin da makrobiotika ikastaroko irakaslea. Hilean behin, bederatzi ikaslez osaturiko taldearekin elkartzen da Larraulgo Txulobi elkartean. “Jaten duguna gara. Irensten ditugun elikagaiek gure izaera eta gure pentsaera baldintzatzen dituzte. Elikadura aldatuz, gure izaera ere alda dezakegu. Makrobiotikak bere osotasunean hartzen du kontuan pertsona. Haragia, esnea..., jaki gogorretan oinarritutako elikadurak, esaterako, nortasuna gogortu egiten du, kaska gogortu egiten gaitu”, azaldu du Anek.
Japoniatik ekarritakoa da makrobiotika: “Japonian gaixotasun gutxiago zegoela antzeman zen eta horren arrazoia elikadura orekatua zela ondorioztatu zen. Pixkanaka hona ekartzen hasi zen makrobiotika eta geroz eta jende gehiagok jarraitzen du, arazoei konponbidea eman nahian. Euskal Herrian bertan ere, duela berrogeita hamar urte, orain baino modu egokiagoan jaten zen, lurrak ematen zuena jaten zelako, baina orain galdu egin dugu kultura hura. Orain, urte guztian denetik bilatzen dugu merkatuan eta gorputza gainezka daukagu, jaten dugun guztiari buelta eman ezinik. Denetik dugu, baina tristeago bizi gara eta gehiegikeria horrek, gainera, gaixotasun gehiago ere ekartzen ditu”.

Aldaketak, pixkanaka
Jateko ohiturak aldatuz, norberaren oreka bilatzen du makrobiotikak. “Hala ere, ez da ona kolpetik aldatzea. Gorputzak pixkanaka ohituz joan behar du. Lehendabiziko aldaketak egiten hastean normala izaten da gorputzak erantzunen bat ematea: nekea, buruko mina, izerdia botatzea, urduritasuna... Lehen egun horiek pasatakoan hasiko gara onurak nabaritzen. Zure burua hobeto ikusten hasten zarenean, bizitzarekiko jarrera ere aldatu egiten da. Horrek guztiak jendea animatu egiten du elikagaiak zaintzen jarraitzera. Nik nire etxean bertan ikusi dut hori”.
Bi talde osatu dira Larraulgo ikastaroan: “Oso erantzun ona izan du, jendeak jakin-min handia duela sumatzen da. Gorputza barrutik garbitzeko eman daitezkeen pausoekin ekin diogu Larraulgo ikastaroari. Ohitura txiki batzuk hartuz aldaketa handiak sumatzen dira”. Hileko lehen astelehenetan biltzen dira Txulobi elkartean. “Udazkenari aurre egiteko komeni zaizkigun elikagaien inguruan aritu gara orain arte. Datozen hilabeteetan, dagokion urtaroaren inguruko azalpenak emango ditut. Janaria prestatu eta elkarrekin bazkaltzen dugu. Oso giro ona sortu da taldean. Partaide bakoitzak interes bereziak ere izaten ditu eta klase amaieran erantzunak ematen saiatzen naiz. Esaterako, haurren elikadurarekiko jakin-min berezia dagoela antzematen da”, dio Anek.

Do-in, energia pizteko
“Elikaduraren inguruko azalpenez gain, Do-in izeneko gimnasia ere egingo dugu. Gorputz osoan energia puntu ezberdinak ditugu eta komenigarria da puntu horiek aktibatzea energia hori mugiarazteko. Gainera, jarabeak egiten ikasteko tartea ere hartuko dugu Larraulgo ikastaroan”, gaineratu du.
Bederatzi kidez osaturiko taldea du Anek, eta beste talde bat ere badabil. “Jende kopuru handia animatu da. Gainera, elikadura aldaketak egiten hasteko gogoz daudela antzematen da. Nire taldean bi gizonezko daude eta horrek asko poztu nau. Orain arte aldaketak egiteko garaian emakumeok eman izan dugu lehen pausoa, baina badirudi gauzak aldatzen ari direla”.
Valentzian ikasi zuen makrobiotika Ane Errazkinek. “Makrobiotika institutuan hiru urteko kurtsoa egin nuen. Han ikasi nituen puntu nagusiak. Ondoren, kasu ezberdinak ikusten zoazenean, gehiago ikasiz joaten zara. Egunero ikasten duzu zerbait berria”.
Nekea izaten da kontsultarik gehien eskatzen duen arrazoia. “Jendea oso nekatuta dago. Azkarregi bizi gara eta gorputzari ez diogu indarra duen elikagairik ematen. Urte garai honetan oso egokiak dira kalabaza edota tipula, indarra eta garbiketa ematen dutelako, aldi berean”, azaldu du Anek.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!