Pello Ezeiza, taxi gidaria

Adunarra da Pello Ezeiza, Aristi etxean jaioa. Batek baino gehiagok maiz ikusiko du eskualdeko errepideetan barrena, furgoneta hartuta

1995 urtean hasita, 13 urte daramatza Pellok taxista lanetan, “elbarrituei zuzendutako zerbitzua eskasa zela ikusita, behar horri erantzuna ematea erabaki nuen. Izan ere, hemen inguruan zaila zen bestela taxista modura soldata ateratzea”. Lehen hilabeteak gogorrak izan zirela azaldu du adunarrak Duela zortzi urtez geroztik, pertsona helduak eguneko zentroetara eramatea ere bere lanaren zati da. “Lan dezente ematen dit horrek. Inguru honetan guztian ibiltzen naiz: Andoain, Asteasu, Zizurkil, Amasa nahiz Villabonan… Goizean Zizurkilgo Matia eguneko zentrora nahiz Villabonako Santio egoitzara ekartzen ditut helduak eta arratsaldean etxera eramaten ditut”. Pertsona nagusi eta elbarrituekin ez ezik, gazteekin ere egunero egiten du lan Pellok. “Hezkuntzak bideratuta Alkizako hainbat gazte Villabonako Erniobea institutura ekartzen ditut egunero”. Gainera, eguneroko eskaera ezberdinei ere erantzuten die, “elbarrituei egokitutako autoa dudanez, elbarriak medikutara edo eskatzen didaten lekura eramaten ditut. Elbarriei bezala, ezintasunik ez duten pertsonei ere zerbitzu bera eskaintzen diet”. Autoa aulki gurpildunak sartzeko egokituta dago. Aulki bakarra sartuz gero, bost pertsona sar daitezke. Bi aulki sartuta, hiru pertsona. Aulkirik sartu behar ez den kasuetan bederatzi pertsonentzat lekua izaten da: gidaria eta beste zortzi. Zizurkilgo plazaren ondoan dauka geltokia Pellok. “Plaza ematea ez da erraza. Elbarriei egokitutako zerbitzua eskaintzen nuelako eman zidaten niri”.

Egunez eta gauez
Herri txikietan edo hirian taxista izatea oso ezberdina dela adierazi du. Deiari erantzunez, hirietan gauez lan egin beharrak behin baino gehiagotan estuasunak sortzen dituela. Eguneroko ardurez kgain, aurrez lotuta egiten du lan Pellok gauez nahiz egunez, “egunez baserri inguruko pertsonekin egiten dut lan bereziki. Seme-alabak lanera joaten direnez, atera behar dutenean deitzen didate helduek”. Gauetan, sagardotegi garaian eskaera handia izaten dela adierazi du, “sagardotegiekin ikaragarrizko eskaera dago. Denak 20:30etatik 21:00etara joan nahi izaten dute eta ezin izaten diet denei baiezkorik eman”. Gidatzeko puntukako sistema martxan jarri zenetik aldaketa handia nabaritu du. “Afariren batera joateko autobusa, mikrobusa edo taxia nahi izaten dute denek”. Gidatzeko baimenaren eta puntuen gaia puri-purian dago egun eta aipatu zerbitzuen eskaera 30 urtetik gorakoen artean sumatzen du Pellok nagusiki, “denetarik ibiltzen da baina, jende heldu samarrarekin egiten dut lan, gehienbat. Gazte jendea Iñauterietan edo bestelako festen inguruan ibiltzen dut gehiago. Izugarrizko burrunba izaten da orduan”. Despedidak eta ezkontzak direnean ere, askotan ibiltzen da batetik bestera.

Auto egokitua
Egun antzeko lanik hartzen ez badu ere, hasiberritan bidaia luzeren bat egin beharra egokitu zitzaion. “Behin Portugalgo mugaraino joatea suertatu zitzaidan. Larunbat arratsalde batean abiatu, goizean goiz iritsi eta gauez itzultzea. Geroztik ez dut horrelako bidaia luzerik egin”. Langintza honetan hasi zenetik hirugarren autoa du Pellok, “oro har, sei urtez behin aldatzen dugu autoa. Azkenak orain egingo du urtebete”. Goitik behera egokituta dago, “eserleku guztiak jiratu egin daitezke eta modu horretan pasillo luzea geratzen da tartean. Gidariaren ondoko eserlekua, oinez ibil ezin daitezkeen pertsonenei zuzendutakoa da. Eserlekua autotik kanpora jaitsi eta igo egin daiteke”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!