Ondartza-Bitarte behitegia Asteasuko Iramuñon

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko urr. 14a, 18:38

Joxe Manuel Zubeldiak, Asteasuko Ondartza-Bitarte baserrian jaioak, behiekin lan egin izan du gaztetxotatik. Iosune, Imanol eta Xabi seme-alabek ere aitaren langintzarekin bat egin dute.

Anai-arrebek txiki-txikitandik ezagutu dituzte behiak etxean, “betidanik izan dira behiak gure etxean. Garai batean 17 eta 19 behi inguru izan zituzten baserrian eta amonak, garai hartarako, ukuilu handia zela hura esaten du beti”. Joxe Manuel Zubeldiak, baserrian aurrena eta baserriaren ondoan eraikitako ukuiluan gero, behitegiaren martxari eutsi egin dio. “Behitegia da aitaren bizimodua, betidanik langintza horretan aritu da. Oso lan lotua izanagatik, gustukoa du eta lan asko egin du urte luzetan”. Orain ere lanean jarraitzen du Joxe Manuelek eta beste hiru langilerena ez ezik, seme-alaben laguntza ere badu. Andezarrateko gainean eraiki berri duten behitegian lanean jarraitzeko gogoa azaldu dute seme-alabek, “suerte handia izan dugu aitak aurrez lan handia egin duelako. Sektorea nola dagoen ikusita, egungo gazteak langintza honetan ezerezetik hastea ia ezinezkoa da”. Behitegiarekin aurrera jarraitzekotan, eraikin berria altxatzea ezinbestekoa zela adierazi dute Zubeldia anai-arrebek, “lehengo eta egungo bizimodua oso ezberdinak dira eta behitegia aurrera ateratzeko, oso ondo antolatu behar da. Langintza honek oraindik ere lotua izaten jarraitzen du, animaliak bizidunak direnez, egunero zaindu behar baitira”.

Ondartza-Bitarte behitegia Iramuñon
Andezarrateko gainean, Iramuño parajean, duela urtebete inguru hasi ziren behitegia eraikitzen. Behiak biltzen dituzten bi nabe handi eta jezteko gunea prest dituzte dagoeneko. Aldagelak, bulegoa eta inguruko berdegunea, berriz, urte amaierarako amaitzea aurreikusten dute. Joan zen uztailaren 14tik aurrera ari dira bertan lanean eta guztira 400 behi inguru dituzte. “Herri bidea zela, bizilagunak zirela…, ez geneukan Asteasuko behitegia handitzeko aukerarik. Behitegi berria eraiki edo beste lanen bat bilatu…, zalantzan egon ginen. Baina guk garbi geneukan behitegiari eutsi egin nahi geniola eta aurrera egitea erabaki genuen”. Teknologia berriek, askatasun gehixeago ematen laguntzen dute ukuiluko lanetan ere. Ondartza-Bitarten, berrikuntza informatikoen bidez, behi bakoitzak eman dezakeen esne kopuruaren berri zehatza jakiten dute. “Behi bakoitzak txipa edo koilarea du. Txiparen funtzioa behia identifikatzea da eta datuak ordenagailuan biltzen direnez, erraz jakin dezakegu behi bakoitzak zenbat litro ematen duen egun bakoitzean”. Jezteko modua ere asko aldatu da teknologia berrien laguntzaz, “makina bidez jezten dira behiak eta makinak berak neurtzen du denbora tartea ere. Jetzialdia bukatutakoan, automatikoki askatzen da makina behiaren errapetik”. Bi jetzialdi egiten dituzte egunean, “lehen hiru jetzialdi egiten baziren ere orain bi egiten ditugu, lasaiago ibiltzearren. Produkzioa %10 altuagoa da hiru eginda baina, oso-oso lotua da; egun osoa horri eskaintzea eskatzen du. Orain, goizeko 06:00etan egiten dugu lehenengoa eta arratsaldeko 18:00etan bigarrena. Bi ordu irauten du bakoitzak”. Iparlat-era bidaltzen dute jasotako esnea.

Ernai prozesua bertan
Baserri gehienetan ernai prozesua albaitariaren lana izaten bada ere, Ondartza-Bitarten etxekoen artean banatzen dute lan hori ere. Jaiotzatik hasita, prozesu guztia behitegian bertan lantzen dute. “Intseminizio artifiziala egiteko, izoztutako hazia ekartzen dugu zentro espezializatuetatik. Hemengo zentroetako haziaz gain, Kanadakoa ere erabiltzen dugu tarteka”. Frisoi arrazako behiak dituzte, txuri beltzak, esnetarako gaitasun handiena dutenak. Erditzeko unea iristen denean ere bertan izaten dira lagundu behar den kasuetarako. “Oro har, bakarrik moldatzen dira erditzeko. Hala ere, hortxe izaten gara laguntza behar dutenean”. Urruxa edo idiskoa jaio, aldea izaten da; arrek ez baitute behitegirako balio. “Idiskoa oso gaizki baloratuta dago. Oso gutxi ordaintzen da haiengandik. Gizentzeko erabiltzen dira gehienak, haragitarako”. Bi egunez behin desinfekzioa egiten diete behiei. Apatxak edo azkazalak zaintzeko, enpresa bati deitzen diote urtean bitan. Ohiko mantenuaz Imanol arduratzen da. Behitegiaren atzealdean, hondakinak bideratzeko depositua dute. Bi orduro sistema automatiko baten bidez garbitzen dituzte behien hondakinak. Inguruko baratze askotan ongarri modura erabiltzen dira gero.

Ganadu erakusketak
Hainbat ganadu erakusketatan hartzen dute parte urtean zehar. “Gipuzkoa eta Euskadiko txapelketetan urtero hartzen dugu parte. Espainiako hainbat txapelketetara ere joaten gara”. Horrelako probetan hainbat ezaugarri zaindu behar izaten da, “hanketatik hasi eta buru formari, bizkarreko kurbari nahiz errapeari ematen zaio puntuazioa. Itxuraz gain, postura egokiari ere erreparatzen zaio”. Emaitza onak izan dituzte behin baino gehiagotan, Juror behiarekin esaterako. Anaiak gaztetxo zirela, aitarekin joaten ziren erakusketetan parte hartzera. Orain azoketako epaile titulua ateratzen ari da Imanol.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!