Extremadurako kultur jardunaldiak, asteazkenetik igandera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko urr. 9a, 15:00

Kultur ekitaldi aberatsa prestatu du elkarteak egun hauetarako.

Kultur jarduerak:

Urriak 15, asteazkena
Erakusketa: "Exilio"
Ibilbide politiko bat pertsonai politikoen artean, Badajoz probintzian bizitako pentsamendua eta kultura gerra zibila bukatu ondoren.
Tokia: Bastero Kulturgunea.

Urriak 16, osteguna
Antzerkia: "Soliloquio de grillos"
Taldea: Triclinium. Ordua: 20:30
Hiru pertsonaje bizia eta heriotza artean, gerra zibilaren bukaeran.
Tokia: Bastero Kulturgunea.

Urriak 17, ostirala
Liburu aurkezpena
"Tiempo perdido: la guerra civil en Almendral 1936-1939". "Arturo Barea de Investigación 2006" saria irabazi zuen.
Tokia: Bastero Kulturgunea. 19:00

Dokumentala
"Después de la batalla". Oroipen historikoa gogoan dago oraindik, elkargo extremeño akademikoan eta artistikoan.
Tokia: Bastero Kulturgunea. 20:00

Urriak 18, larunbata
Kontzertua
Planeta Suroeste Extremadurako folk taldea.
Tokia: Bastero Kulturgunea. 19:30

Urriak 19, igandea
Janari dastaketa
Ekitaldi instituzionala. 13:30.
Janari dastaketa. Extremadura etxea. 14:00.

Eduardo Sanchez Calleja, elkarrizketa

Lantegikoak eta eskolakoak egin ostean, elkarteko ardurak hartzen dituen 32 urteko gaztea da Eduardo Sanchez Calleja. 

Ze balorazio egiten duzue pasa den Herrien Arteko Jaiaren gainean?
E. S.: Ona. Hala ere, jendetsuagoa izan zitekeen, baina herrian baziren ezkontzak eta beste zenbait ekitaldi eta... Agian, jaia Zumea aldera ere zabalduko nuke nik hurrengo urtetarako. Izan ere, irudipena daukat herriko goikaldean jende heldua bizi den bitartean, behekaldean gazte jende asko jarri dela bizitzen azken urtetan.

Nola modaltzen zara ustez gazteentzako erakargarriak ez diren elkarteetako bat zuzentzen?
E. S.: Zuzendaritza batzordekideak, egun, 27 urteren inguruan gabiltza, hiru kenduta. Egia da elkarte tradizionalak ez daudela gazteentzako eginak. Baina hala izan dadin saiatzen ari gara. Liburutegia, internetara lotutako ordenagailuak, haur jokoak… gazteak elkartera erakartzeko eskaintzak jartzen ari gara. Emaitzak, epe ertainera ikusi beharko dira.

Zenbat kolaboratzen du bazkideak, gastronomikoaz gain kulturala ere baden zuen elkartean?
E. S.: Batzuk elkartera “egotera” etortzen dira bakarrik, agian ohartu gabe Extremadurako errealitatea, kultura… zabaltzea dela elkartearen helburu nagusia. Hala ere, 220 bazkide gehienak dexente kolaboratzen dute. Jatorriz extremeñoa denak, oso berea sentitzen du bai elkartea eta baita Extremadura ere, eta horrek asko laguntzen du kultur ekitaldietan parte hartzerako orduan.

Kultur egitarau benetan aberatsa prestatu duzue datorren asterako Basteron…
E. S.: Guk bitartekari lana egin dugu, Extremadura gure artean sustatu nahi duen Badajozeko Diputazioaren eta Andoaingo Udalaren artean. Antzerkia, folk musika, liburu aurkezpena… Egia esanda, egitaraua jatorriz Extremadurakoa denari bezain erakargarria egingo zaio Andoaingo biztanleari.

Deigarria da egitarauko ekitaldi ia denak Gerra Zibila eta gerrako galtzaileak izatea gaitzat.
E. S.: Berez, Diputazioa bera izan da edukia hautatu duena. Hori bai, modan dagoen gaia da oroimen historikoa. Niri Gerra Zibilak errespetu handia sortzen dit, sufrimendua alde guztietan eragin zuelako. Errespetagarria da gerran gaizki pasa zuela eta hobe dela ez hitz egitea esaten duenaren iritzia.
Baina errespetagarria ere bada errepresioa jasan eta urtetan isilik egon behar izan zuenak orain hitz egin nahi izatea.


Andaluziako eta Extremadurako kultura, Nafarroa Plazan

Pasa den asteburuan Andaluziako eta Extremadurako folklorea eta gastronomia uztartu ziren, Nafarroa Plazan.

Andoaingo Triana eta Hogar Extremeño kultur elkarteek antolatuta, Herrien Arteko XII. Jaia burutu zen. Eguerdian nahiz arratsaldean, Triana elkarteko Azahara, Triana eta Rocieras dantza taldeen emankizuna ikusi ahal izan zuen plazara bildu zen jende ugarik. Gainera, dantza saiotik dantza saiora, Andaluziako eta Extremadurako jakiak eta edariak dastatu ahal izan ziren.

Trianako taldeak, oholtzan
Andaluziako folkorea zaintzea eta zabaltzea helburu duen Trianako hiru talde igo ziren oholtzara. Iker Gomez gaztetxoa Azahara taldeko dantzaria da. “Ia bi urte daramatzat dantzatzen. Oso gustuko ditut Andaluziako dantzak, eta astean bi alditan biltzen gara entsaiatzeko. Bederatzi dantzaritik bakarra naiz mutila, baina ondo moldatzen naiz neskekin. Gaurko saio honek laugarrena egiten du Andoainen. Lehentxoago egin dugu lehen saioa; gero urdaiazpikozko ogitartekoa jango dut familiarekin, eta arratsaldean berriro dantzatzera!”.

Iglesias Triana taldearen txosnan zerbitzatzen aritu zen. Atsedenik hartu gabe, platerak jotake prestatzen ari zela, tartetxoa hartu zuen ondorengo balorazioa egiteko: “Jaia dena primeran ateratzen ari da. Zoragarria izan da oraintxe amaitu den eguerdiko dantza saioa. Alkateak berak aurkeztu du, eta zer nahi duzu gehiago! Bi helburu dauzka gaurko jai honek: bi herri, Extremadura eta Andaluziako kultura eta jaki goxoak Andoaingo jendeari hurbilaraztea, eta aldi berean, xoxak ateratzea, laguntza urriak jasotzen baititugu bi talde antolatzaileok. Badakigu badagoela gaur hemen eskaintzen ari garena gustatzen ez zaion jendea; baina Euskadi zabala da, eta hori ezin da zalantzan jarri”.

Datorren asteazkenean hasita, berriz, Extremadura ardatz izango duten kultur ekitaldiak izango dira Basteron.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!