Burdina Taldearen kalejira

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko urr. 9a, 14:58

Herri kalejira eta bazkaria egin zuen Burdina Taldeak lehengo larunbatean. Ondare historikoa berreskuratzeko asmoz aurten egindako egitarauari egin zion agurra taldeak, era horretan.

Hainbat ekimen burutu ditu taldeak aurten gertuko ondare historikoa txukundu eta berreskuratzeko ahaleginetan. Bukatu ditu aurrez erronka gisa jarritako lan gehienak, eta hori nola ospatuko eta, jai giroan izan behar. Izan ere, auzolanaren filosofia izan du ipar hasiera hasieratik Burdina Taldeak. Auzolana, guztiona den ondare naturala edo arkitektonikoa zaintzeko; eta hori dena lagun eta jai giroan egina, auzolanaren lege zaharrek eskatzen duten eran.

Lanbroa tabernatik irten zen kalejira eguardiko 12etan. Burdina taldekidez eta laguntzailez osatutako kuadrila jendetsua, beheko kalerantz irten zen. Bidea trikitilarien hotsek alaitu zuten. Musika horren doinupean, Burdina taldearen ikurra daramaten makina bat bandera astindu zituzten partaideek. Andoainen jada ezaguna egin denez ikur bereizgarri hori, nahikoa izan zen kalean begira geratzen ziren herritarrak ohar zitezen nortzuk ziren kalejirako partaideak.
50 lagunentzat Irunberri elkartean egin zen bazkariarekin amaitu zen jai eguna.
 
Lana erruz
Joxe Ramon Barrondo taldekideak jakinarazi zituen taldeak aurten aurrera eraman dituen ekimenak. “Sorabilla aldean, lau karobi garbitu eta txukundu ditugu: Elordi, Erdoizta, Pagarte eta Bazkardo Txikikoak. Guztiak daude ikusgarri, baina akaso azken hau gomendatuko nuke bereziki; oso da polita, jostailuzko karobia ematen baitu. Horiez gain, lehenagotik garbitu eta berreraikiak geneuzkanak txukun jarri ditugu (ostoak, larra…) berriro”.
Lan horiek denak Andoainen burutu dituzte. Leitzarango bailaran ere jardun dute, ordea: “Ollokiko eta Bertxingo ur biltegia garbitu egin ditugu. Frankin (Berastegi-Leitzako mugan) dagoen XVI. mendeko zubia txukundu egin dugu. Karburo fabrika hornitzen zuen Leitzako karobia ere berreskuratu dugu”.
Leitzaran bailara aipatuz gero, ezin ahaztu taldeak erakunde publikoei aurten aurkeztu dien Meatzaritzaren Parkearen egitasmoa. “Egitasmo potoloa, luzera begirakoa da; Leitza, Berastegi eta Elduaiengo udalei partzuergo modukoa osatzea proposatu diegu. Bien bitartean, egitasmoan azaltzen diren zenbait leku berreskuratzen aritu gara: Frankin dagoen zamatze-tokia; Txotaneko eremuan dagoen meagintzako sarrerak eta meatzarien etxola; Bizkotxera iristeko garai batean Plazaolako trenak zeukan bidea…”.
Egitasmoak sortu duen ikusmina dela eta, urtea bukatu aurretik herritarrei aurkezteko konpromisoa hartu du Burdina Taldeak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!