EAJren agerraldia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko urr. 9a, 14:50

Herriak aurrera egitea nahi dugu”. Hitz horiekin argitu zuen Maribel Vaquerok zein den aurrera begira Urnietako EAJ-PNV-k duen nahia, Miren Martiarena eta Gaspar Esnaola zinegotziekin batera urriaren 7an eskaini zuen prentsaurrekoan. Atzera begira jarrita, geldirik dagoen herri bat dela gogorarazten dute jeltzaleek eta horren adibidetzat jartzen dituzte, kiroldegi berria, osasun eta eguneko zentroak, Mikaela Enea, Idiazabal kalearen birmoldaketa, udal aurrekontuak edota politika fiskala. Proiektuak aurrera eramateko jarrera erakutsi arren, horien gestioan udal gobernu taldea aurrerapausoak ez dela ematen ari gogoratzen dute jeltzaleek. Kultur etxe eta kirol instalazio berrien kasuan adibidez, “beraiek (UDA) dira horiek aurrera eraman behar dituztenak, eta ez dute ezer egin”, adierazten dute.
Urnietarrek duten iritzia jakin eta herritarren parte hartzea sustatzearen aldekoak dira jeltzaleak. Baina aipatzen dutenez, ez edozein modutan. Urnietako Udalak duen web orriko foroa itxi izanagatik pozik agertu ziren. Edozein kasutan, seriotasunez eta konfiantzaz jarduteko, negoziazioetarako prest agertzen da EAJ-PNV. “Gai horietan guztietan adostasunak lortzeko prest gaude”, adierazi zuen Vaquerok. Orain arte mahai gainean jarri diren eta ez diren gaietan ere ekarpenak egiteko prest agertu direla gogorarazi eta boikotaren aurkako jarrera erakutsi zuten aste honetako prentsaurrekoan.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!