Perretxiko galantak, Pio Kortajarenaren aurkikuntza

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko urr. 9a, 14:49

Ia bi kilo eta 35 bat zentimetro luze. Perretxiko falta dagoen honetan, eskukada ederra ekarri berri du Pio Kortajarena urnietarrak Aralarretik.

Esaterik bai, non eta nola aurkitu zenituen halako piezak?
Pio Kortajarena: Aralarren bilatu nituen pasa den astean. Non, zer zonaldetan ez dizut esango. Perretxiko hori ez nuen ezagutzen, baina atentzioa eman zidan. Halako sei ikusi genituen. Bat puskatu nuen eta barrua mamitsua zuen. Ona ote den edo ez galdetzen genuen. Beti ezagutu ditut antzeko perretxikoak, baina txikiagoak, astaputzak. Astaputza ez zela pentsatzen genuen. Ekarri nuen, aditu bati galdetu nion eta jateko ona zela esan zidan. Onttoa eta beste perretxiko asko bezain ona ez zela, baina jangarria zela esan zidan.

Azken aldian, zaletuak perretxiko falta dagoela kexu dira. Zu joan eta aurkitu dituzu?
P.K.: Orain denak esperoan daude. Gu ere bagabiltza hilabete eta gehiago, beste bikote batekin igandetan joanda, baina zorterik ez. Mendia lehor egon da. Orain egindako euriarekin jendeak esperantza badu, askok kolpea jo behar duela dio.

Perretxiko zalea al zara?
P.K.: Orain arte ez naiz ibili perretxiko bila, ez dut denborarik izan. Beti lanean aritu naiz, eta orain aurrejubilatuta nagoenez, tartea dut eta mendira joaten naiz.

Pieza handiak dira. Nola banatu dituzu?
P.K.: Suiari eman diot, lagun bati beste pilota bat, eta beste bi etxerako gorde ditut.

Perretxiko bila joateagatik sarrera kobratzen hasiak dira. Zer iruditzen zaizu?
P.K.: Ez zait ondo iruditzen kobratzea. Orain dena dirua da. Ehiza diruarekin, perretxikoak diruarekin… Baina perretxikoa bere garaian biltzen ez bada, usteldu egiten da. Harek ez du balio. Paseko usoa bezala, botatzen ez baduzu alde egiten du, oilagorrak berdin. Atera egiten da eta denborarekin usteldu. Mendian ateratzen dena, nik uste denona dela. Baina leku askotan ordaindu gabe hartzea galarazita dago.

Lehia handia da beraz, zaletuen artean?
P.K.: Perretxiko zale batzuekin egon naiz eta egun hauetan kolpea jo behar duela diote. Bati non ibiltzen den galdetu eta hark mendian erantzun zidan. Baina mendia handia da.

Aurkikuntza horrek gehiago piztu al dizu perretxiko bila joateko grina?
P.K.: Grina baino gehiago denbora dut orain. Nik kalean ibiltzeko ez dut balio. Horregatik, mendira, egunpasa egitera joaten gara emaztea eta biok.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!