Sanmielak Urnietan, herritarren balorazioa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko urr. 8a, 18:46

1  Parte hartu duzu Sanmiel jaietan? 
2  Zer iruditu zaizkizu aurtengoak?  
3  Zer da gehien gustatu zaizuna? 
4  Zerbait faltan bota duzu?

Julian Garagorri

  • 1.-    Bai, parte hartu dut festetako ekitaldi batzuetan.
  • 2.-    Urterokoen modukoak izan dira, niri ez zait iruditzen orokorrean aldaketa handirik egon denik.
  • 3.-    Beno, hor ibili gara lehenengo aldiz gizonen koadrilan, eta egia esan oso umore ederrean pasa genuen eguna, nesken txarangak asko lagundu zuen giroa hobetzen. Nik uste dut lehenengo urtea izateko oso ondo atera zela.
  • 4.-    Nik bere horretan ondo daudela esango nuke.

Anabel Kapaldegi

  • 1.-    Ez naiz askorik atera.
  • 1.-    Niri luzeegiak iruditu zaizkit. Sanmielen inguruko asteburura mugatu beharko liratekeela uste dut. Etxean soinua jasatea egokitzen zaigu, eta horrelako egoeran gaudenontzako        egun gehiegi dira.
  • 3.-    Azken egunean giro ona sortzen da San Juan plazan.
  • 4.-    Kaleko giroa. Jai hauek jai giro eskasa dute orokorrean, une eta momentu puntualetan sortzen da  giroa, baina gero giro hori ez da mantentzen..

Mikel Yurramendi

  • 1.-    Bai, parte hartu dut jaietan. Urteroko moduan haur danborradan ibili ginen jaietako lehenengo igande eguerdian.
  • 2.-    Eguraldi onak asko lagundu digu eta nire ustez jai onak eta animatuak izan dira.
  • 3.-    Hainbat gauza izan ditut gustukoak, adibidez aurten lehengo aldiz San Juan plazan igande eguerdian egin den dantza latindarren erakustaldia.
  • 4.-    Beno, nik nahiko ondo ikusten dut jaia. Horrela bat batean, ez dut ezer faltan botatzen.

 

Maialen Hernandez

  • 1.-    Bai, parte hartu dut eta aurten antolakuntza lanetan ere ibili naiz.
  • 2.-    Gauza berriak izan dira aurten. Horien artean K de calle taldeak eskaini zuen su artifizialen kale ikuskizuna polita izan zela uste dut.
  • 3.-    Horrela, orain bakarra esateko, ez dakit zer aukeratuko nukeen.
  • 4.-    Badirudi jai hauek urnietarrontzako bakarrik eginak direla. Faltan botatzen dut inguruko herrietako jende gehiago etortzeko zerbait egitea.

Ixabel Salaberria

  • 1.-    Bai, jaietan parte hartu dut.
  • 2.-    Gauza asko egon da, eguraldiarekin ere suerte handia izan dugu, bi asteburuak onak izan baitira.
  • 3.-    Niri jaietako azken eguna da gehien gustatzen zaidana. Oso egun polita izaten da. Jende ugari biltzen da herri giro ederrean San Juan plazan eta jaiei bukaera polit bat emateko modua izaten da.
  • 4.-    Nik faltan botatzen dut euskal giroa erromerietan. Jaietako bi larunbatetan kanpoko musika izan dugu, ni ez nago inondik ere musika mota horren kontra, baina gurearen falta nabarmena izan dela uste dut. Azken egunean Eganekin egoten den moduko euskal giroa gustatzen baitzait niri.

Joseba Labaka

  • 1.-    Lehen gauez gehiago ospatzen nituen, baina aurten egunez ibili naiz plaza inguruan jaiaz gozatzen.
  • 2.-    Niri jai politak iruditu zaizkit. Orokorrean pasableak.
  • 3.-    Nik herri giroko ekitaldiak, eta batez ere herri kirolak oso gustukoak ditut. Eta arlo horretan gauza asko antolatu dira aurten. Nik denetara joaterik ez dut izan lanagatik. Baina, ahal izan dudan guztian joan naiz eta oso ondo egon dira. Gainera, parte hartzaile asko herritarrak eta ezagunak izateak interesgarriago egiten ditu. 
  • 4.-    Ba, hainbat gauza kritikatu litezke, baita hobetu ere,  baina nik esango nuke orokorrean nahiko ondo egon direla festak.

Aingeru Lekuona

  • 1.-    Bai, lanak utzi didanean parte hartu dut.
  • 2.-    Gauza berri batzuk egon direla uste dut aurten, gainontzean aurreko urtekoaren nahiko antzekoak.
  • 3.-    Iñistor jaian parte hartu nuen eta oso giro ona egon zen, eta jaien azken eguna ere ondo egoten da. Baita ere, ikusten dut gazteek txosna gunean antolatzen dituzten ekintzak ondo daudela, sardiña jatea eta abar. Saiatzen dira gauzak antolatzen, eta lan polita egiten dute.
  • 4.-    Nik festa hauek oso sakabanatuak ikusten ditut. Nik uste dut gazteek ere San Juan plazan edo inguruan egon beharko luketela. Horrela, gune bakarrean egonik, festak berak irabaziko luke.

Joxemari Miranda

  • 1.-    Bai, parte hartu dut Iñistor jaiko ekintzetan, eta plazan jaien azken egunean sortzen den giro berezian ere gustura ibili naiz.
  • 2.-    Nahiko ondo, baina gure alabak dioenez, hamabitik hamasei urte arteko gazteentzat ez dago zer egin handirik jai hauetan. Barrakak geratzen zaizkie, eta garestiak dira.
  • 3.-    Iñistor jaia eta modu horretako jaiak. Niri gustatzen zaizkit parte hartzeko aukera ematen duten ekitaldiak, ez soilik begira egotekoak.
  • 4.-    Nik jaia kalean egin eta elkartu beharra ikusten dut, eta ez talde bakoitza herriaren punta batetan. Denok denon ekintzetan parte hartuz, herri txiki bat gara eta.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!