Sanmielak Urnietan, amaiera gozoa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko urr. 8a, 18:45

Eguraldi ederrarekin, jendetza bildu zen San Juan Plazan jaien azken egunean. Bukatu dira aurtengo Sanmielak. Herriaren itxura egun batzuetan aldatu duten Pintore kaleko karpa, Errekalde kaleko barrakak, edota San Juan plazako oholtza eta txosna dagoeneko desagertu dira... eta urnietarrek ohiko bizitzari heldu diogu datorren urtera arte. Baina oraindik, festa gogoa duenarentzat, behintzat eta patrikak guztiz hustu ez baldin baditu aurreko bi asteburuetan, azken aukera bat izango da Goiburuko auzoko jaietan parte hartzeko asteburu honetan.

Ehundik gora lagun otordu gehienetan
Otordu ugari eginda aurtengo jaietan, giro ezin hobean hainbat elkarte eta koadrila bildu dira mahai-bueltan. Lehenengoa, adinekoek egin zuten irailaren 27an zahar etxean, eta 198 lagun elkartuz ziren. Hurrengo egunean, Iñistor jaiaren txanda izan zen, hemen 101 lagun izan ziren herri bazkarian. Urriaren 4an hainbat bazkari eta afari ospatu zen. Bazkarien artean, urterokoa egin zuten txosna-gunean Poxta Zaharren eskutik, eta bertan 130 gazte bildu ziren. Egun berean emakumeen bazkari egin zen Egape ikastolako jangelan, eta lehenengoz egin zen gizonezkoen koadrilaren bazkaria Zaldundegi jatetxean, 30 partaide izan ziren lehenengoan eta 24 bigarrenean. Azkenik, Tomakandela taldeak antolatutako afaria egin zen larunbatean, hasiera batean San Juan plazan egiteko asmotan baziren ere, azken orduan erabaki zuten Lekaio kultur etxean egitea, eta bertan 78 lagunek parte hartu zuen.
Aurtengo berrikuntzak, gehiengoaren gustukoak
Ekintza ugari izan da aurtengo jaietan, horietako batzuk berriak. Lehenengo aldiz egin diren ekintza hauen artean, nabarmendu litezke, su artifizialen ordez K de calle taldeak eskainitako su artifizialen kale ikuskizuna, gizonen koadrilaren irteera nesken txaranga batek lagunduta, eta Tomakandela taldeak pasa zen larunbata eta igande eguerdian antolatutako hainbat ekintza.
Herri kirolak toki nabarmena izan du jai hauetan. Gizon proba, harri-zulatzaileen Euskal Herriko txapelketa ikusgarria, idi probak, emakumeen kirol erakustaldia, Beñat Telleriaren marka berria 100 kiloko harria bizkarreratuz 12 urterekin, eta igande arratsaldeko behorren arteko proba dira horren adibide.  

URNIETAR PRESTU IZENDAPENA MARTXELIRI
Iñistor jaiaren II. edizioa ospatu zen irailaren 28an, aurtengoa bi berrikuntzekin, kantu kalejira Txanbolin txistu banda, eta Egape dantza taldearekin eta bestetik Urnietar Prestu izendapena, eta biak ala biak izan ziren arrakastatsuak.
Toka nahiz mus txapelketak oso harrera ona izan zuten eta lau bertsolari gazte arduratu ziren bazkalondoan umorea jartzeaz.

GURE AMETSA-Continuitat DANTZA IKUSKIZUNA
Aipatu beharrekoak dira baita ere, odol-emaileen elkarteak Sanmiel Udaletxean jasotako omenaldia. Irailaren 27an Sarobe goraino bete zuen bertso saioa, Aurrera Gure Ametsa herriko dantza taldearen eskutik, Kataluniatik etorritako Continuitat dantza taldeak, bai larunbatean Saroben eta igandean plazan eskainitako sardana saioak eta nola ez, kontzejupean  nahiz  pilotalekuan jokatu diren pilota txapelketak eta Poxta Zaharrek antolatutako areto futbol txapelketa.

JENDETZA san juan plazan, AZKEN EGUNEAN
Baserritarren eguna, festen azken eguna, klasikoa bihurtu da Urnietan. Igandean giro ederra lagun, jendetza hurbildu zen San Juan plazara. Aurtengoan eskulanen erakusketa bertan egiteak asko lagundu zuen jaia girotzen. Arratsaldeko zekor jatea eta sagardo dastatzea oso jendetsuak izan ziren, 540 sagardo baso saldu ziren eta zekorren pintxoa hartzeko ilarak elizako sakristiako atetik Santa Leokadiarainokoak izatera iritsi ziren. Aipatu behar, gainera, plazan banatu zen zekorra, lehen Urnietakoa eta orain Lasartekoa den Zapal baserrikoa zela.
Egan taldeak alaitutako dantzaldia eta zezensuzkoarekin eman ziren bukatutzat aurtengo Sanmielak. Jadanik gertuago daude 2009koak! 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!