Xoxoka jaietan: Jai Batzordea, egitaraua, besabi...

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko urr. 2a, 11:11

Tradizio luzea duten jaiak, Xoxokakoak. Goiburu aldeak bizirik jarraitzen duela argi uzten duen erakusgarri dira jaiak. Antolatzaileek bertara joateko gonbita luzatzen dute.

Sanmielak bukatu eta Xoxokako jaiak segidan izatea, zuentzat abantaila edo desabantaila da?
Maitane Errazkin: Segitzen dugu, urtero hala egiten delako. Duela urte pilatik egiten dira modu horretan. Ez dugu sekula egunez aldatzea planteatu, beti urriko lehen astean izan ohi dira. Tradizioa jarraitzen dugu, eta espero luze segitzea. Zehazki zenbat urte ez dakit, baina Xoxokako jaiek ehundik gora izango dituzte.

Meritua baduzue, hain auzune txikian jaiekin jarraitzeko?
M.E.: Bai. Egunen batean amaituko dira, gazteak geroz eta gutxiago baikaude. Herriko jendea laguntzera igotzen ari da. Oraingoz behinik behin aurrera doaz jaiak. Hurrengo urtean pentsatuko dugu zer dagoen.

Gazteak, geroz eta gutxiago beraz?
M.E.: Haurrak badaude, baina segida egiteko adina... Ezkontzen direnak ere bertatik atera egiten dira. Geroz eta jende gutxiago geratzen gara.

Egitarauari erreparatuta, gau sorpresa izango dela iragartzen duzue. Zer moduzko harrera izan ohi du?
M.E.: Oroitzen dut, txikia nintzenean, luxuzko ezkontza bat izan zen. Apaiza, tarta, musika eta guzti. Gogoratzen dudan sorpresa onena da. Bost bat urte nituen. Galtzen ari da ohitura, baina zerbait egiten saiatzen gara, jendea urtero horren zain egoten baita.

Jaietako ekitaldi gehienak astegunetan izango dira. Horregatik, jendea erakartzea ez al da zailagoa?
M.E.: Astelehena beti auzoko adinekoentzako hartzen da. Asteartetan berriz garai batean beti haurrentzako jokoak antolatzen ziren. Eskolako haurrak gora igotzen ziren. Orain ordea ez. Gainerakoan urteroko ekitaldiak izango dira.

Nola ikusten duzue jendearen parte hartzea?
M.E.: Taldean jende gutxiago gaude, baina animatuta. Parte hartzeari dagokionez, jaitsi da. Ez dira garai bateko festak. Guk diogun bezala, jaiak gutxienez auzotarrentzat izan daitezela. Ikusi dadila bizitza dagoela auzoan, auzoa ez dagoela geldirik.

Festak noiz hasten zarete prestatzen?
M.E.: Gehienetan beti justu samar ibiltzen gara. Oro har, saiatzen gara lau hilabete lehenago bilera bat egiten, zenbat diru dugun edota zenbat jende gauden ikusteko. Azken hilabeteetan ia ostegunero gelditzen gara, dena prestatzeko. Ez dirudi, baina denbora behar da.

Zuen ingurunea, Urnietako errepublika independentea izango da?
M.E.: Guretzat bai. Beti esan izan dugu, Urnieta Urnieta dela eta Goiburu, Goiburu. Beti. Ez da apartatzen, Udalik ez dugulako, ezta alkaterik ere. Baina bestela, beti independentea dela esan izan dugu.

Zer du goialde horrek behe aldeak ez duena?
M.E.: Lasaitasuna. Urnieta beti lo egiteko herri lasaia izan arren, goran dagoen lasaitasuna eta nahi dena egiteko askatasuna ez dago hemen behean. Goikoa bezalako bizimodurik ez dago. Goi alde horretan biziko naiz, ahal baldin badut.

Behemendik eta Udalak bultzatuta, landa eremuko gizarte ongizate beharren azterketa egin berri da. Zer behar sumatzen duzue zuen inguruan?
M.E.: Orain aurrerakuntzak badaude; birziklatzeko ontziak ditugu. Postaria ere igotzen da. Adinekoak badaude eta haiek laguntza behar dute. Gazteak moldatzen gara, baina helduentzat, geroz eta gehiago egonik, gutxienez laguntza bat egotea.

Amaitzeko, luzatu gonbita herritarrei.
M.E.: Jendea joateko, festa politak dira eta. Geroz eta giro gutxiago egotea ez dugula nahi, geroz eta gehiago baizik. Gutxienez hor goian gazte batzuk zerbait egiten dugula ikusi dezatela. Herritarrak igo daitezela, hurrengo urtean ere jaiak izaten segitzeko.

EGITARAUA
Urriak 6, astelehena

11:00 Festen hasiera.
11:30 Herri kirol erakustaldia: Telleria eta Mugertza aita-semeak elkarren aurka. Besteak beste harri jasotzen eta aizkoran lehiatuko dira.
12:30 Dantzaldia Joseba Iparragirre eta Ander San Jose trikitilarien eskutik. Ondoren, Jexux Mari Irazu eta Amets Arzallus bertsolariak.
14:00 Herri bazkaria Adarra jatetxean bertsolari eta trikitilariekin.
18:30 Bertso saioa.
23:00 Dantzaldia trikitilariekin goizaldera arte.

Urriak 7, asteartea
17:00 Idi-proba: Telleria eta Itsasburu. Saria Manterola Anaien eskutik izango da.
23:00 Gau sorpresa.

Urriak 10, ostirala
20:30 Bertso afaria Besabi jatetxean.
Urriak 11, larunbata
16:00 Mus txapelketa.
17:00 Haur jokoak. Jarraian txokolatea banatuko da haur guztientzat.
17:30 Xoxokako I. Tiro Lehiaketa.
18:00 Xoxokako III. Toka Txapelketa. Saria Frontoi tabernaren eskutik izango da.
23:00 Gau-pasa Kupela taldearekin.

Urriak 12, igandea
10:00 Salda eta pintxoak
10:00 Artzai zakur txapelketa.
12:15 Meza nagusia.
13:00 Egape dantza taldearen erakustaldia.
17:00 Herri kirol lehiaketa. Auzoko gazteak zaharren aurka lehiatuko dira.
18:30 Trikitilariak.
18:30 Sagardo dastaketa: Oianume, Eula, Otsu-Enea, Elutxeta eta Setien.

Betizuen haragia Besabin

Urnietako Goiburu auzoan, izen bereko baserri zaharraren ondoan dago Besabi jatetxea. 300 metrotako altueran, Adarraren magalean, eta itsasoa bistan duela, leku pribilegiatua da. Askorentzat ezaguna da leku hori, Adarrako gailurrera oinez abiatzeko, kotxea bertan aparkatzen dutelako. Iritsi berri den udazkenak ekarri digun lehen lanbro artean egin dugu Urnieta eta Besabi arteko sei kilometro inguruko bidea. Joxe Mari Pagola, bertako jabeak hartu gaitu. Bera hernaniarra bada ere, ama bertakoa zuen. Amaren anaia batek, Joxe Antonio Kortajarenak, ireki zuen jatetxea 1967 urtean “orduan errepiderik ere ez zegoen, gurdibidea besterik ez hona etortzeko”. Hasiera haietan, batez ere,  inguruko baserritarrek eta mendizaleek erabiltzen zuten merienda lekua zen. 1976an errepidea egin zuten Xoxokatik bertaraino, eta duela 26 urte, 1982an, osabak utzi, eta berak hartu zuen jatetxea.
     
Hasieratik betizua
 Osaba bera hasi zen, taberna ireki eta berehala, betizuaren haragia prestatzen. Hasiera hartan, bi egunetan bakarrik izaten zen betizuaren haragia jateko aukera, Errosarioko Ama Birjinaren ondorengo astelehena eta asteartean, hau da, Xoxokako jaietan, eta inguruko jendea izaten zen bertara joaten zena. Betizuak ere auzoko baserritarrenak izaten ziren, “orduan mendira igo, tiroz bota, gurdian jaitsi, hemen bertan larrutu, eta prestatzen zuten”. Joxe Mari, jatetxearen kargu egin zenean, berehala ikusi zuen betizua jan nahi zuten guztiak ez zirela kabitzen bi egunetan, eta pixkanaka epea luzatzen joan zen, “orain irailaren 10ean hasi eta urriaren 12ra arte prestatzen dugu”.
   
Bertakoak eta Faltzesekoak
Gaur egun hiltzen dituzten betizuak, erdiak hemengoak dira, baina  beste erdiak, Nafarroakoak, Faltzesekoak hain zuzen ere. Azken hauek ere mendian hazitakoak dira, eta soka-muturrean eta hainbat jaietan plazetan ibiltzen dituzten  vacas bravas  ezagunak dira. Urtebete ingurukoak izaten dira, bai Faltzesekoak, bai hemengoak. Baina, betirako bukatu ziren tiroak, orain legeak zorrotzak eta betebeharrekoak baitira, eta nahitaez denak hiltegitik pasa beharra izaten dute. Zenbat betizu jango diren aurtengoan, galdetutakoan, “guztira, dozena eta hamaseiren artean ibiliko gara” erantzun digu.

Krisirik ez
Eguerdian egunero irekia izaten dute jatetxea, hori bai, astearte eta asteazkenetan arratsaldez  itxita izaten dute. Eta, aurten, aurreko urteekin konparatuz, ez dute izan beherakadarik  bezeroen kopuruari dagokionez, “hemen  beti bezala ari da etortzen jendea, ez dago krisirik. 70 lagun kabitzen dira jangelan eta larunbatak eta igandeak aspaldian osatuta ditugu, aste egunetan ere bada-ezpada aurrez deitzea hobe”. Inguruko herrietatik etortzen da jenderik gehiena, baina, esan daiteke, egun hauetan Gipuzkoa osoko haragijaleak izaten dituztela Besabin, horren adibide da urtero Oñatitik etortzen zaien taldea. “Guk ez dugu propagandarik egiten, ahoz-ahokoak funtzionatzen du gure kasuan”. Era guztietako jendea izaten dute, “batzuk, betizu zale direnak, haragi hutsa jaten dute, askotan ezta entsaladarik ere, eta gero  badaude beste batzuk, probatu bakarrik egin nahi dutenak. Horiek otordu ohikoa egin, eta tartean haragi gisatu edo erre pixka bat jaten dute. Prezioa berriz, 20-30 euro tarte horretan izaten da, jan denaren arabera”.

Gisatua eta errea
Lehen ganadu zaharragoak hiltzen zituzten eta gisatuta jaten zuten dena. “Orain, askok erreta ere jan nahi izaten du,  eta horregatik gazteagoak ekartzen ditugu. Jendeak, bi eratara jan nahi izaten du, gisatua aurrena, eta erreta ondoren. Erreta jartzen ditugu txuletak, eta izterretik, tapa, babilla eta kadera, gainontzeko guztia gisatuta”. Menu hau, aukeran, afaltzeko baino bazkaltzeko hobea ote den galdetuta, Joxe Marik esan digu, ez zaiola iruditzen  otordu oso astuna denik.
Hilabete pasatxoko menu berezi horretatik aparte, urte osoan zehar eguerdietan jende dexente hurbiltzen zaie eguneko menua jatera. Asteburuetan kartarekin lan egiten dute. Hori bai, urtean zehar beraien espezialitatea, haragia izaten jarraitzen du, esneko txekorraren kostilla, batik bat. “Bertara propio bazkaltzera edo afaltzera etortzen den jendea izaten da, mendizaleak gero eta gutxiago gelditzen baitira hemen, orain ia denak kotxean etortzen dira, eta bazkaldu aurretik aldegiten dute hemendik”.
Urriaren 10ean Xoxokako jaien barruan, afari herrikoia izango da Besabin, betizu jatea, eta afalostean bertsolariak, Amaia Agirre eta Aitzol Barandiaran.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!