Martxeli Gorriti Urnietar prestu Iñistor jaian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko urr. 2a, 11:09

Eguraldi bikainarekin ospatu zen igandean bigarren jaia. Iazko edizioari bi ekitaldi gehitu zaizkio aurtengoan eta biak arrakastatsuak izan ziren. Jaiaren beste berrikuntzetako bat izan zen Urnietar prestu izendapena. Lehen edizio honetan Martxeli Gorritik jaso zuen ohorezko aipamen hau.

Arratsaldeko bostetan bertso saio betean egin zen ekitaldian, lehenik, Martxelik saria jasotzeko egindako merezimenduak aipatu zituen Xanti Gorrotxategik. Ondoren, herriko armarria brodatuta zuen zapia lepoan jarri zion Rosa Elosegik. Izendapenaren berri ematen duen agiria eta lore sorta ere jaso zituen.

Amaitzeko, bere lagunek oparitutako landare bat eskuratu, eta Egape dantza taldeko bi neskatok agurra eskaini ondoren, esker oneko hitz batzuk zuzendu zizkien omenaldiaren antolatzaileei.  

KANTU KALEJIRA
Eguerdiarekin batera eman zitzaion hasiera Kantu kalejirarekin II. Iñistor jaiari. Txanbolin txistu bandaren gidaritzapean, eta Egape ikastolako dantza taldea bertan zela, herritar kopuru polita hurbildu zen ekitaldian parte hartzera.
Hasieran jendeari apur bat kosta egin zitzaion kantuan hastea, baina azken aldera dezibelioek nabarmen goraka egin zuten.

HERRI BAZKARIA
Ehun lagunetik gora elkartu zen giro ederrean eginiko bazkarian, iazko kopurua gaindituz. Eguzkiak ere bertan izan nahi izan zuen eta jendeak hainbat buruko txano inprobisatu behar izan zuen. Antolatzaileak, saiatuko dira datorren edizioetarako arazo honi irtenbideren bat aurkitzen.  

BERTSO SAIOA
Egoitz Aizpuru oñatiarraren esanetara, Uxue Alberdi, Aitzol Barandiaran, Oihana Bartra eta Jokin Labaien izan ziren kantari. Umorez betetako saioa eskaini zuten. Bukaeran, entzuleek ere parte hartu zuten, “Aita semeak” kantu ezaguna  abestuz bertsolariak koplak tartekatzen zituzten bitartean.

MUS  ETA TOKA LEHIA
16 bikote izan ziren mus txapelketan parte hartu zutenak, eta 60 lagun inguru toka txapelketan. Herritarrez gain, kanpotar ugari erakartzea lortu zuten. Lehia, bizi-bizia, eta gaua gainera etorria zen mus txapelketa bukatzerako.  
Mus txapelketa, sailkapena:
1. Pedro Moreda-Luis Rosco
2. J. Luis Toledotxiki-Iñigo Izeta
3. Maixabel Iribarren-Fermin Arizaga

Toka txapelketa, sailkapena:
1. Antonio Amondarain (9)
2. Prudentzio Olano (7)
3. Karmele Bengoetxea (5)

Bi bertso, askoren aRtean
Martxeli Gorriti Urnietar prestu izendatu ondorengoa:

Jokin Labaien:
Martxeli Gorriti zaitugu
Prestu eta dotorea,
itxura denez zure herriak
zaitu buruan gordea;
urte luzetan jardun baitzara
galdu gabe umorea,
lana muxutruk egiten duenak
merezi du ohorea;
dauka meritu doblea.

Agurrean, Uxue Alberdi:

Eskerrik asko hartzeagatik
gu halako maitekiro,
joe nolako martxa dagoen
jo aze nolako giro;
azken batean giroa gora
nahi genuen gaur igo,
gutaz aspertu ez bazarete
etorri baietz berriro!

MARTXELIREN ESKERRONA 

Urnietar Prestuari dagokion zapia eta agiria jaso aurretik Iñistorra Biltzarreko kideek –zehazki Xanti Gorrotxategik irakurri zuen agiria– Martxelik egindako lanaren nondik norakoen berri eman zuten, “Batetik Urnietako elizako serora izan zen 30 bat urtez, nahiz beste horrenbeste eginda zituen ere bere aurretik serora izandako ahizpari, amari eta amonari laguntzen. Bizitza osoa Urnietako elizaren zerbitzuan, soldatarik gabe, elizako lan ezkutu eta astun askotaz arduratzen: kanpaiak jotzea zela, eliza aldenik alde garbitzea, apaizen meza-jantziez arduratzea…, eta abar luze bat.

Seroratzako lanak utzi zituen –erdi utzi, esango genuke– Egape Ikastolan lanean hasteko aukera izan zuenean Eliz-Ondo zinearen lokaletan. Egape Ikastolan sukaldari gisa eta jangelaz arduratzen egin zuen lana isila izan zen, baina ez nolanahikoa, bertan ibilitako ikasleren batek aitortu digu handik ikasle guztiak ondo bazkalduta ateratzen zirela, nahi ez zuenak batzuetan manu militari bazkaldu behar bazuen ere. Sukaldari eta arduradun lan hori bakar-bakarrik egin zuen Martxelik urte askotan, gaur egun pentsaezinak liratekeen lan-baldintzetan, Egape Ikastola diruz beti urri zebilen garai haietan”.

Laburbilduz, horiexek Martxeliren merezimenduak. Ongi merezitako omenaldia jaso zuen, beraz, Martxeli Gorriti Perurenak irailaren 28an Iñistorra Euskaltzaleen Biltzarraren eskutik eta jaian parte hartu zuten urnietarren aldetik, bazkaltzera etorritako ehundik gora lagunez gain beste horrenbeste bilduak baitziren ordurako Martxeliren omenaldia ikusi eta bera zoriontzeko zain.

Martxeli, txalo zaparrada batekin gerturatu zen mikrofonora. Eta berak, Iñistorrakoek egin bezala, idatziz prestatu zuen eskerrona. Urduri eta hunkituta, etxekoak eta bereziki aita, herrikideak eta Iñistorra nahiz Aiurri gogoan izan zituen. Denentzat izan zituen eskerroneko hitzak. Aurtengo jaietan estrainekoz burutu zen Urnietar Prestu omenaldi ekitaldia. Giro ederrean, laguntasunean. Abiapuntu ezin hobea izan du. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!