Sanmielak Urnietan, lehen egunetako kronika

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko urr. 2a, 11:05

"Istripu handi bat izan nuen. Hemen ez nintzen egongo, odol emailerik ez balitz”, zioen Txomin Garmendiak bere bizitzako pasadizo bati erreferentzia eginez, Patxi Etxeberriarekin batera odol emaileen elkarteko kideen omenaldian bota zuen bertsoan. Hain zuzen, urteroko ohiturari jarraituz, dagokion alorrean burututako lanagatik Sanmiel egunean norbanako urnietarrak edo herriko talde bat omendu ohi du Udalak.

Aipatu bezala, aurtengoan odol emaileen elkarteko kideek egindakoa goraipatu zuten irailaren 29an, udalbatza aretoan ziren senitarteko, herritar eta udal ordezkarien aurrean. Zorion eta esker hitzak nagusitu ziren ekitaldian, eta bolondres haien esker ona txalotu nahi izan zuten. Alkate Mikel Izagirrek odola ematearen bi alderdiak azpimarratu zituen; ematen duenaren elkartasun jarrera batetik, eta bestalde, behar duenaren egoera. Egunen batean, gutako edonor beste pertsona baten odola jasotzeko beharrean aurkitu gaitezkeenez, odola emateko deia zabaldu zen ekitaldian.

Modu berean, alkateak etorkizunari begirako konpromisoa eskatu zien odol emaileen elkartekoei. Aurrera jarraitzeko deia, jakinik haiek direla Izagirreren esanetan, herritarren borondatea bideratu eta antolatzen dutenak.

Herriko bi gaztetxok aurreskua dantzatu zieten omenduei, Txanbolin txistu bandak lagunduta. Goiz mugitua izan zuten bi dantzariek, txistulariekin batera, San Juan plazan emanaldia eskaini baitzuten omenaldia hasi baino minutu batzuk lehenago. Gurasoak, lagunak, ikaskideak… inguruan zituztela, eta une hartarako apropos jantzita, adin tarte desberdinetako dantzariek, musika pieza ezagunen erritmora hara eta hona etenik gabe mugitu zuten soina. Aipatzekoa, txikienek zuten meritua, plazan primeran moldatzen direla erakutsi baitzuten.

KARGU ALDAKETA, haurren egunean
Nork jakin, etorkizuneko udal ordezkari berriak izango ote diren. Sanmiel hauetan, Udala gobernatzeko hautagai finak aurkitu dituzte. Gainera, ez zuten lan makala; egun batez, Urnietaren kargu egitea alajaina. Aurtengoan, zeregin horietarako Mikel Goenaga eta Naroa Agirre herritar gaztetxoak hautatu dituzte. Biak asteartean ospatu zen Haurren Eguneko Alkate Txikiak izan ziren.

Agenda zereginez beteta zuten egunari hasiera emateko, jendaurrean aurkeztu zituzten udalbatza aretoan. Dantzarien emanaldiarekin, argazki flashak eta bideo grabazioak nagusitu ziren udalbatza aretoan, behar bezala kargua hartu zezaten.
Udaletxeko atarira irten ziren gero, San Juan plazatik begira zituztenak agurtu eta egun ahaztezina ofizialki hasteko txupinazoa botatzera. Lainotuta esnatu zen irailaren 30eko goiza, euriaren mehatxua gertu zen, baina horrek ez zituen suziriak bota ostean antolatuta zegoen kalejiran parte hartu behar zutenak kikildu. Txanbolin Txistu bandak alaitu zuen, San Juan plazatik abiatu, herri erdigunea zeharkatu eta Kiroldegian amaitu zen ibilaldia. Tarte horretan helduak oinez, eta gaztetxoenak korrika saio ederrak egin zituzten. Buruhandiak irteten direnean, ez baitituzte oso gogoko haien maskuri kolpeak. Izerdi patsetan amaitu zuen batek baino gehiagok.  

HAUR PARKEAREKIN KIROLDEGIA LEPO BETE ZEN
Hala ere, batzuk zein besteak helmugara iristeko gogoz ziren. Kiroldegiko pista haur parke erraldoian bihurtu baitzen. Sarrera lehenbizi, egun hartako protagonistentzat soilik ireki zuten. Dotore asko jantzita, haur parkea estrainatzen lehenak izan ziren Alkate Txikiak. Denbora tarte batean, saltoka, korrika eta txirristan behera ibili ziren, gainerako haur eta gaztetxoak zain zituztela. Besteek baino ardura gehiago izateak, trukean ematen dituen pribilejio txikiak ziren horiek.

Haur Parkeko sarrera denentzat zabaldu zenean, geldi ezineko gaztetxo uholdeak kiroldegi barruko pista bete zuen. Oinetakoak kendu eta etxean bezala, korrika bizian joan ziren, primeran pasatzeko zituzten puzgarri eta bestelako jokoetara. Goiz eta arratsalde osoa zuten jolasteko aukera, aspertu ahal izateraino alegia. Baina probatzen zuten jolas berri bakoitza haur eta gaztetxoentzat bertan egoteko azken aukera bailitzan, bizi zuten une bakoitza. Segundu eta minutu bakoitzari ahalik eta zuku gehiena atera nahian.
Iluntzean utzi behar zituzten Naroak eta Mikelek, Alkate Txikiei zegozkien ardurak eta zereginak. Egun hura ez dute berehalakoan ahaztuko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!