Behar-Zana pilota eskolako partidak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko urr. 1a, 20:01

Joan zen asteburuan pilota festa arrakastatsua izan zen Amasan. Behar-Zana eta Oberena pilota eskolako pilotari gazteak izan ziren protagonista. Iñaki Lizasok azaldu duenez, asteburu honetan ere izango da partidarik Amasako pilotalekuan.

Joan zen larunbatean, goizeko 09:30etan hasita, Behar-Zana eta Añorgako Oberena pilota eskoletako 6 eta 12 urte bitarteko gazteek 17 pilota partida jokatu zituzten. Jaialdian 68 pilotarik hartu zuen parte. Giro ona nagusitu zela adierazi du Behar-Zana pilota eskolako kide Iñaki Lizasok. "Partidak eta gero, bi taldeen armarriekin osatutako kamiseta bana eta Behar-Zanako pegatinak banatu ziren. Behar-Zana elkartean bertan eskaini zen bazkariarekin amaitu zen festa".

Pilota partidak asteburuan.
Asteburuan lau partidaz gozatzeko aukera izango dela jakinarazi du Lizasok:
-Urriak 3, ostirala: Iluntzeko 21:30etan hasita, bi partida jokatuko dituzte Behar-Zanako pilotariek. Lehenengoa Ander Aranburuk buruz buru jokatuko du senior mailan Ozkarbi (Elgeta) taldeko pilotariaren aurka. Ondoren, kadete mailan eta binaka, Kepa Nazabalek eta Jon Ander Artazak Añorgakoen aurka jokatuko dute.
-Urriak 4, larunbata: Goizeko 11:00tan hasita, beste bi partida izango dira ikusgai. Lehena, kadeteen 2. mailan Iñaki Otaegi eta Mikel Otañok Hernaniko taldekoen aurka jokatuko dute eta ondoren, kadeteen 3.mailan, Unai Otaegik eta Mikel Etxarrik LAPKE (Lazkao) taldearen aurka jokatuko dute.


Senior mailako Iñaki Lizaso eta Pebetek Añorgan jokatuko dute aste honetan. Iraeta-Arretxe bikoteak, berriz, atsedena izango du.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!