Kilometroak 08 jaira joateko gomendioak

Datorren igandean Iruran izango den Kilometroak 08 festarako gonbitea ez ezik, hainbat gomendio luzatu ditu Adunako Udalak. Antolatzaileek egin duen deiari jarraiki, garraio publikoa erabiltzeko deia egin dute.

Kilometroak jaira autoz joango direnei, autoak uzteko guneak jarriko dituztela adierazi dute. "Gune horietako bat Adunan jarriko dute, eta kanpotik etortzen direnei autoak Adunako Ibaiondo eta Urtaki industriguneetan utzaraziko dizkiete, baita Amasa-Villabonako industrigunean ere".

Autoak aparkaleku horietan utzi eta LurraldeBuseko autobus bat bueltaka ibiliko da Adunako zubi ondoko autobus-geltokitik Kilometroen guneraino (EMUSI enpresaraino). "Txanda bakoitzean bete eta hustu egingo da autobusa, eta zuzenean bueltaka ibiliko da. Horrez gain, LurraldeBuseko lineako autobusak ere betiko ordutegian ibiliko dira, goizean goizetik hasita. Kasu honetan Laskibar parean jaitsi beharko duzue".

Hori guztia dela eta, Adunako zubiaren ondoan  dagoen autobus-geltokiraino oinez jaistea gomendatzen dute Udaleko kideek, "maiz izango dituzue autobusak Kilometroak jaira joan eta bueltan etortzeko".


Jaian parte hartzeko gonbitea ere egin dute Adunako Udaletik, "animatu eta ondo pasa! Bejondeizuela bertan lan egin behar duzuenoi!".

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!