Leitzaran Bolei taldearen galera, denboraldi hasierako albiste iluna

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko urr. 1a, 18:11

Andoaingo EHU Leitzaran bolei taldea hainbat urtez Euskal Herriko kirol elitean aritu ondoren, aurkeztu ezinik geratu da denboraldi berrian.Taldeka egiten diren kirol jardueretan albiste on ugari izan da azken bi denboraldietan: Euskalduna futbol taldea Preferente mailan dago, areto futboleko lehen taldea Nacional B mailara igo da, eskubaloia ere albiste bikainen iturri bilakatu da... Boleiak, berriz, galdutako maila iaz berreskuratu zuen. Alperrik, ordea, Andoaingo talderik gabe hasiko baita 2008-09 denboraldia.

Zalantzarik gabe, denboraldi hasierako albiste iluna. Taldea desagertzeko arrazoiak aurkitu asmoz, Aiurri harremanetan jarri da klubeko talde eragilearekin.
Andoni Arribillaga Elola taldeko eragileari burumakur somatzen zaio. Emandako atzerapausuarekin etorkizun iluna dauka boleiak Andoainen.

Albiste txarra zuen aldetik jaso duguna. Klubarentzat une zailak izango dira hauek, ezta?
Andoni Arribillaga Elola. Noski, oso une zailak dira hauek talde eragilearentzat eta jokalari gehienentzat. Bereziki, azken hamar urte hauetan gurekin izan direnentzat. Orain hamairu urte abian jarri zen boleia Andoainen, Luis Mari Arrizabalagaren eskutik. Orduan, eskubaloi taldearen adarra zen. Garai haietan Arrizabalagarekin batera lanean aritu ziren Juantxo Arregi, Manolo Alaña, Jose Mª Aizpurua eta Agustin Zubillaga. Hurrengo urtean sortu zen klub modura, Leitzaran Boleibol taldea izenarekin. Geroztik, 50 jokalari baino gehiago aritu da taldean kadete, jubenil eta senior mailan. Ordea, piskanaka taldea murriztuz joan da eta horregatik iritsi gara egoera honetara.

Sorreratik elitean izan zarete eta zuek egindako lana Lehendakariak ere nabarmendu zuen...
A.A.Elola. Horrela da, bai. Azken urteotan elite mailan Fortuna eta Leitzaran aritu dira. Gurea Gipuzkoako lehen talde bezala hartu zuten horri esker Kirolgik ezinbesteko laguntza eskaini zigun sei urtez. Liga Autonomikoa delakoan aritu gara, Euskal Herrian, Errioxan nahiz Kantabrian jolastuz. Denboraldi bat kenduta, eliteko lehen mailan aritu gara.
Emakundek 2000 urtean klubean egiten genuen lana saritu zuen eta saria Ibarretxeren eskutik jaso genuen.


Bapatean, talderik gabe geratu zarete. Ez al duzue jokalaririk aurkitu?
Andoni Arribillaga Elola. Talderik gabe geratu gara taldearen oinarria galdu dugulako, arrazoi ezberdinak direla mezio. Batzuk ezkondu direla, beste batzuk kanpora joan direla lanera edota ikastera... oinarria galduta, han eta hemen hasi ginen jokalari bila. Hernanin, Donostian edota Tolosan egon gara baina ezinezkoa izan da. Eskarmentu handiko jokalariak behar genituen, zentzurik ez daukalako esperientziarik gabeko jokalariekin hain maila altuan aritzea.

Gauzak horrela elitera itzultzea zaila izango da, ezta?
A.A.Elola. Egia da, zaila izango da elitera itzultzea. Helduleku bakarra, oraingoz, eskola mailan behar adina jokalari biltzea da. Iaz infantil mailan aritu ziren jokalariekin aurrera eginez gero datorren urtean kadete mailan klubean sar daitezke. Horrelakorik ez bada gertatzen taldea desagertu daiteke betiko.

Egoera zail honetan, zerbait gehiago adierazi nahi al duzue?
A.A.Elola. Urte luzez klubak babesleei eta laguntzaileei esker egin dugu aurrera eta alde horretatik gure eskerrona adierazi nahi diegu. haiek gabe taldearen mailari eta egiturari eustea ezinezkoa izango zelako.
Zaletuei eta eskualdeko hedabideei ere eskerrona adierazi nahi diegu. Haien animoak, laguntza eta babesa oso garrantzitsua izan da klubaren biziraupenean.
Argi ikusten duguna da kirol jarduera honek etorkizun iluna duela, baldin eta instituzioek egoera bideratzeko ez badute deus egiten.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!