Xabier Bitoria Bengoetxeak agur esan dio erremonteari

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko urr. 1a, 18:10

Pasa den larunbatean jokatu zuen bere azken partida erremonteko profesional gisa. 1992an debutatu zuen, eta harrezkero, bere eskumutur bihurri eta jostalariak frontoiak alaitu ditu. Larunbatean eman zuen azken erakustaldia, 13 tanto bikain eginez.

Aiurri: Polita izan zen agurreko partida, zure tantoak izanik ikusgarrienak.
X. B.: Urduri joan nintzen aurreneko tantora, baina partida aurrera joan ahala gero eta gusturago aritu nintzen. Bikotea eta hirukotearen artean oreka falta zelako edo, erraz irabazi genuen. Baina hori ez zen inportanteena egun horretan.

Zer moduz senide eta lagunek ondoren antolatutako afaria?
X. B.: Polita izan zen. 50 bat lagun bildu ginen, eta ezusteko ugari prestatu zizkidaten: arkua, aurreskua, koiñatak bapatean botatako bertsoak… Oso gustura geratu nintzen egin zidaten guztiarekin.

Zerk eraman zaitu erremontea uztera?
X. B.: Arrazoiak pilatu egin dira. Pilotarien plantilla mozten hasten baziren, banekien hor joango nintzela. Azken aldi honetan sufritzen ari nintzen pilotalekuan; gutxi entrenatu eta jokoz gaizki nenbilen; belaunak ere ez zidan bakean uzten. Gazteak badatoz lekua eskatuz eta, ni berriz, hemen lanez gainezka, goizean goiz jaikiz eta  arratsaldeetan ere lanean. Gero dago familia, horiekin ezin disfrutatu… Hitz batean, azken urtetan inertziaz ari nintzen jokatzen, eta piskanaka erretzen…

Herrian jarraitu dute zure ibilbidea, urte horietan?
X. B.: Pilotazaleak badakite zertan ibili naizen. Bizilagun eta bezeroek ere ezagutzen dute nire kirol jarduera. Baina gainerakoan, erremontea ez da ezaguna. Zesta puntarekin nahasten dute askok, “Ameriketan jokatzen den joko hori?” galdetzen dizute. Baina ezjakitasunerako arrazoiak egon litezke, herri honetan sekula ez baita ezer egin erremontearen alde.

Pilotari ibilbidearen balantzea egiteko moduan?
X. B.: Pozik nago, pribilegiatu bat izan naizelako hainbeste urtetan nahi dudana eginez, eta gainera profesional modura… Makina bat kirolarik guk baino askoz gehiago entrenatzen dute, eta ezeren truk! Maila pertsonalean gustura nago egin dudanarekin. Serio jokatu dut beti. Ez naiz izan figura figura bat, baina paper ona egin izan dut txapelketetan, bai bikoteka baita bakarka. Jakina, Zeberio eta horien kolpea izan banu, pilotari hobea izango nintzen…

Erremonteak zenbateraino jipoitzen du gorputza?
X. B.: Oso kirol gogorra da. Sorbaldak asko izorratzen ditu. Pisu handiko zestuak dira eta pilota abaila bizian doa; artikulazioak sufritzen dute pilo bat eta sorbalda izorratzen da. Gorputza ere maiz botatzen dugu lurrera, eta mokorrak kolpeak jasaten ditu.

Nola sartu zinen erremontearen munduan?
X. B.: Umetan palan, eskuz, futbolean… denetara jokatzen nuen. Askotan irabazi nituen eskuzko herriko txapelketetak. Gero Tomas Oiartzunen bidez, Galarretako pilota eskolan sartu nintzen 15 urte nituela. Afizionatuetan arituta, 18 urterekin debutatzera nindoan, baina aste bete aurretik lagunekin futbolean hasi eta belauna hondatu nuen (markatuta geratu zait harrezkero). 20 urterekin egin nintzen profesional.

Kirolarekin lotuta jarraitzeko asmorik?
X. B.: Herriko pilota eskolan lagunduko nuke adibidez, baina ez daukat denbora askorik. Ahal dudanean, orain arte erremonterako kaltegarriak ziren bizikleta, pala eta igeriketa praktikatuko ditut gustura, izerdia ateratzeko. Golfean aritzeko asmoa ere badaukat.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!