Iruñea-Andoain mendi bizikletaz, Leitz KKE-ren eskutik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko urr. 1a, 18:06

Andoaingo hogeita hamaika mendi bizikleta zaleek osatutako Leitz KKEk Iruñea-Andoain zeharkaldia antolatzen du urtero.

Aiurri: Klasiko bihurtu da Iruñea-Andoain, Plazaolako bideari jarraituz
Aitor Larrañaga: Zortzi edizio egin dira orain arte. Leitz dendak itxi eta gero, Leitz Kirol Kultur Elkartea osatu genuen 2001ean, mendi bizikletaren praktika herrian zabaltzeko asmoz. Ekimen berezi bezala, Santakutzetako zeharkaldia eta Iruñea-Andoain martxa sortu genituen orduan. Denborarekin, jaietakoa alde batera utzi genuen arrazoi ezberdinak medio, baina bigarrenari eutsi egin diogu gaur arte.

Ez omen zen erraza izan bidea asmatzea aurreneko urtean.
A. L.: Ametsa zen guztiontzat garai bateko Trentxikiaren bidea egitea, baina liburuetan ez zegoenez markatua, aztarnen atzetik hasi ginen; Iruñea-Lekunberri zati galduan batik bat. Iruñeko hirigunetik bost lagun abiatu ginen, itsumustuka. Orain aurrera orain atzera, aldapan gora aldapan behera, tunel bat bilatu hurruna... Sena piska bat erabiliz, azkenean bideak berak esan zigun nondik jo Lekunberriraino. Aurten GPSan markatu eta leitz-mtb.com web orrian sartzeko asmoa dugu.

Zailtasunik ba al du martxak?
A. L.: Berezirik ez. Latasa eta Huitzin mendate txiki bana daude, eta gero Huitzin hiru kilometroko tunela dago; ez dago garbi, eta partaideek argiarekin igaro edo ondoko bidetik zeharkatu dezakete. Gainerakoan, aldapan behera goaz ia beti. Bizikletan piska bat ibiltzen den edonork egin dezake beraz. Noski, jakinda ordu asko direla eta ipurdia bizikletara ohitua egon behar duela.

Ez dela lehiaketa, azpimarratzen duzue
A. L.: Lehenbiziko urteetan etorri ziren zenbait, ea abailan noiz hasi behar genuen eskatuz. Zeharkaldi honen helburua, argi eta garbi, bizikleta zaleek Iruñea-Andoain bidea ikasi eta egun polit bat pasatzea da.

Leitzako sagardotegian bazkaria eginda, ikustekoa izango da zuen itzulera Andoain arte…
A. L.: Umore onean jaisten gara. Iaz bat atera zen puru eta guzti, “ni Trentxikiko lokomotora bezala, kea botatzen!”. Eta halako batean, danba! muturrekoa tuneleko hormaren kontra.
Nola antolatzen da 54 laguneko kuadrila 80 kilometroetan?
A. L.: Taldeko bost lagun joaten gara aurretik, erdian eta atzetik. Bidean zehar, zenbait puntutan, denok biltzen gara. Eta gero, badaezpada, bi auto gure atzetik doaz, min hartutakoak, bizikleta puskatutakoak… jasotzeko.

Malkartsuagoak dira urtean zehar jartzen dituzuen irteerak…
A. L.: Hamabi antolatu ditugu aurten. Andoain paradisua da mendiko bizikletaren zaletuentzat; etxetik gertu, mendi ugari (Adarra, Mandoegi) eta zelaia (Leitzaran) daukagu.

 

IRUÑEA-ANDOAIN
2008-X-11. IX. Edizioa

Ibilbidea: Iruñea-Irurtzun-Lekunberri-Leitza-Andoain.
Deskribapena: Iruñeatik irten eta  Lekunberrin geldialdi luzea, diaporama ikusteko. Lekunberritik Leitzara, bertan bazkaltzeko.  Bazkaldu eta beste 25 km eginda Andoainera, iritsiera 17:30etarako.
Aholkuak: Argia eramatea eta aldatzeko arropa. Motxila guztiak furgoneta batean eramango dira. Kaskoa derrigorrezkoa da.
Autobusa: 07:00, Goikoplaza.
Prezioa: Izen-ematearen balioan, autobusa eta janaria barne. Antolakuntza arduratuko da bazkariaren erreserbak egiteaz. 33 euro.
Izen ematea: Transferentzia bidez, 3035.0026.21.0260054670. CLP.
Epea: Urriak 6, astelehena.
Oharra: 18 urtetik beherakoek ez dute izena ematerik izango.
Informazioa: 665 752 968.
leitz@leitz-mtb.com / leitz-mtb.com

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!