Iñaki Izagirre, zaldien lagun

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ira. 30a, 18:21

Haragitarako behor baten gainean hasi zen Iñaki Izagirre abereen munduan sartzen. Zaletasunak, zaldiak gertutik ezagutzera eraman du gazte asteasuarra.

Nola hasi zinen abereen munduan murgiltzen?
Duela hamairu bat urte, anaiak eta biok lursail bat erosi genuen eta hura garbi mantentzearren, haragitarako behor bat erosi genuen. Harekin hasi nintzen lehendabiziko frogak egiten, ahokoa eta aulkia jarrita. Mundu horretan sartzen hasi eta bi urteko zaldi española erosi nion Asteasuko Iñaki Tolosari. Harekin denboraldi luzea egin nuen, baina egun batean, zaldia errepidera atera eta kotxe batek hanka hautsi zion. Hura saldu eta beste bat erosi beharrean suertatu nintzen. Arabiar arrazako zaldia erosteko gogoa banuen ordurako eta Oiartzundik ekarri nuen Fikus izeneko urtebeteko zaldia. Gaur egun Fikus eta angloarabiar arrazako bi behor ditut.

Zaldi gainean ibiltzen ikasteko, ezinbestekoa al da ikastaroetan parte hartzea?

Ni nire kabuz hasi nintzen, baina ikastaro batean parte hartzea erabaki nuen. Postura egokiak hartzen erakusten dizute, hankak modu egokian jartzen..., hori guztia ondo egiten baduzu, askoz ere erosoago ibiltzen zara eta zaldia ere lasaiago joaten da.

Nolakoa izaten da zaldi baten zainketa lana?
Argi eduki behar da egunero egin beharreko zerbait dela. Baserrian bizi garenok zorte handia dugu abereak etxe ondoan edukitzeko aukera dugulako. Horrek asko errazten du, izan ere, egunero joan beharra izaten da zer moduz dauden begiratzera. Zaldiari erakusterako garaian berriz, zaldi bakoitza mundu bat da eta bakoitzak bere izaera du. Hori oso kontuan izan behar da.
Lasterketei begira, zaldiari zerbait eskatu baino lehen, kontuan hartu behar da zer nolako prestakuntza eman diozun. Batere ibili gabeko zaldia lasterketan ateratzen baduzu, lesioren bat izatea posible da. Lasterketarako zaldi bat prestatzeak lotura handia eskatzen du, asko ibili beharra dagoelako. Horregatik, utzi egin nion lasterketatan ateratzeari.

Garestia al da abere bat mantentzea?
Norberaren araberakoa da hori. Nire zaldiak, Fikusek, kilo eta erdi inguru pentsu jaten du eguneko eta pentsu kiloa 40 zentimotan dago. Alde horretatik ez da garestiegia. Horri, beste gastu finko batzuk gehitu behar zaizkio. Esaterako, bi hilabetez behin perrak aldatu behar izaten zaizkie zaldiei eta horrek 70 euroko gastua suposatzen du. Hortik aurrera norberak aukeratzen du zenbat gastatu. Aulkia erosteko, esaterako, 120 euro nahikoak izan daitezke, baina badaude 3000 euroko aulkiak ere. Norberak jartzen dio neurria.

Nolako harremana sortzen da zaldiaren eta zaldunaren artean?
Azkenean, zaldia lagun bat da. Izaki biziduna da eta ezin duzu txoko batean baztertuta utzi. Egun txar bat pasa ondoren, zaldia hartu eta mendira joatea bezalakorik ez dago niretzat. Lasaitu egiten nau. Gainera, zaldiak konfiantza osoa du zaldizkoagan eta horrek erlazio berezia sortzen du bien artean. Esaterako, beldurragatik bere kasara jaitsiko ez lukeen malda batetik jaisteko esan, eta zaldiak esana egiten badu, zugan konfiantza osoa duelako da eta hori ikustea oso pozgarria izaten da.

Zein gomendio emango zenioke zaldi gainean ibiltzen hasi nahi duenari?
Animatzeko, oso afizio polita dela. Garrantzitsua da zaldi gainean jarri behar duen lehen aldian lasai egotea; zaldiek berehala sumatzen dutelako urduritasuna. Zaldia erostera animatzen direnei berriz, eskatzen duen lotura kontuan hartzeko esango nieke. Zaldi bat ezin baita aparkatuta utzi.

Zaldien inguruko zaletasuna asko hazi da azken urteotan. Zein iritzi duzu?
Bere alde onak eta txarrak ekarri ditu. Jende askok erosi ditu abereak eta askotan, zer erosten duten ondo jakin gabe. Zaldia erosterako jakin egin behar da zein behar izango dituen eta batzuek ez dute asmatu. Lasterketatan zaldia atera, dituen guztiak eman, zaldiaren burua berotu eta ondoren, inola ere frenatu ezinezko abereak izan daitezke.

Zaldien inguruko ekitaldirik antolatzeko asmorik ba al duzue?
Aurten, eguraldi txarra zela eta, Santamañako lasterketa egiterik ez zen izan eta horren ordez, irteeraren bat egiteko asmoz gabiltza, nahiz eta oraindik ez dagoen guztiz lotuta. Aurreko urteetan Zaldi Eguna ere antolatzen genuen eta oso arrakastatsua izaten zen, baina izugarrizko antolaketa lana eskatzen zigun. Herrian bertan izaten zenez, guk hartzen genuen lan gehienak egiteko ardura, eta gustura egiten bagenuen ere,  nekagarria izaten zela aitortu behar da.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!