Etorkizunaren aldeko apustua

Ume hotsak bete du Larraulgo plaza. Eskola zerbitzua bertan izateak herri giroa berpiztu du, eta arratsaldero hainbat haur eta guraso biltzen da plaza inguruan.

Guraso talde batek bultzatu zuen Larraulen eskola zerbitzua jartzearen ideia. Maider Sanz Guraso elkarteko lehendakaria da eta barnetik bizitu du eskolaren sorrerako prozesua. “Gu Larraulen bizi gara eta gure umeak Larraulen haztea nahi genuen, horrek bultzatuta hasi ginen eskola sortzeko lehen pausoak ematen. Eskola sortzeko azken txanpa urtebetekoa izan da, baina aurretik, saiakera gehiago ere egin izan da. Ume faltagatik edo egoitzarik ez zegoelako ez zen aurrera ateratzerik izan”, azaldu du.
Guraso elkarteak eta Udalak elkarrekin lan egin dute eskolaren sorrera prozesuan. Xabier Mujika alkateari, guraso ere baden aldetik, paper bikoitza egokitu zaio: “2007ko irailaren 26an egin zen eskolaren inguruko lehen herri bilera. Eskola txikietako ordezkariak gonbidatu ziren bilera hartara, garrantzitsua iruditu zitzaigulako eskola txiki baten funtzionamendua nolakoa den ezagutzea. Altzoko eskolako kide batek azaldu zizkigun eskola txikia sortzeko eman beharreko pausoak. Haren esanetan, oso garrantzitsua da Udala eta gurasoen arteko elkarlana eta horretan saiatu gara. Alde batetik, gurasoen konpromisoa lortu beharra zegoen eskola ireki ondoren jarraipena ematerik izango zela ziurtatzeko. Udalak, bere aldetik, administrazio lan handia zuen egiteko”.
Ikasturte honetarako, haurreskola zerbitzua eta Pello Errota ikastetxeko gela bat bertaratzea lortu dute larrauldarrek. “Eskola zerbitzua herrian bertan izatea lortu dugu eta hori pauso handia da. Nahiz eta oraindik herriko eskola sortzea ez den lortu, zerbitzua bertaratzea garrantzitsua izan da”, dio Xabierrek. Eskolarekin batera, haurreskola zabaltzea ere lortu dute. “Aurten, hiru ume joaten da haurreskolara eta bi zaintzaile dituzte. Oso zerbitzu zaindua eskaintzen da. Bestalde, eskolako haurrentzako jangela zerbitzua ere antolatu da herriko ostatuan. Bertan egindako janaria ematen zaie eta hori eskertzekoa da”, gaineratu du Xabierrek.

Elkar ezagutzeko bidea
Lan handia eskatu du eskolaren sorrerak, baina gustura aritu direla adierazi du Maiderrek: “Oso prozesu polita izan da. Herri mugimendu handia sortu da eskolaren inguruan. Jende asko inplikatu da eta herrian beste bizi bat ikusi da. Helburu berdinaren inguruan bildu gara denak. Zalantzarik ez dago lan handia ekarri duela, baina oso positiboa izan da. Kanpotik etorri den jendearekin bildu, elkar ezagutu eta integrazioan laguntzeko ere balio izan du”.
Eskola sortu denetik umez gainezka egoten da herriko plaza. “Asteasuko eskolara joaten zirenean, ume asko bertan geratzen zen jolasean eta beste asko kotxez etortzen zen Larraulera. Plazan lagunak ikusi ezean zuzenan etxera joaten ziren. Orain berriz, askoz ere errazagoa da umeak plazan geratzea. Larraulgo eskolan ibiltzen direnak bertan geratzen dira arratsaldean eta haiek jolasean ikusita, beste ume asko hurbiltzen da. Orain, Larraulgo umeek ez dute inora joan nahi izaten, oso gustura egoten direlako bertan”, dio Maiderrek.

Aurrera begira
Bederatzi haur hasi da eskolan ikasturte honetan eta datorren urterako beste zortzi haur gehituko zaizkie. “Hamazazpi haur izango dira eta bi gela beharko dituzte. Momentuz, sei urte arte jarraitu ahal izango dute Larraulen, hamabi urte arteko jarraipena izan dezaten. Udala, guraso eta irakasleen arteko lantaldea sortuko dugu otsailetik aurrera, eskolaren inguruko gaiak lantzen joateko. Gai horien artean eskolari jarraipena ematen saiatuko gara. Horretarako baldintza garrantzitsuena haur kopuru egonkorra izatea da eta baldintza hori betetzen dugu”, azaldu du Xabierrek.

MAIKAR IURRAMENDI, IRAKASLEA
Aste gutxi dira ikasturtea hasi zela eta oraindik ere egokitze prozesuan ari dira guztiak. “Uste genuena baino hobeto egokitu dira haurrak, baita bi urtekoak ere. Guztiak elkar ezagutzen dute eta horrek gauzak erraztu ditu. Gurasoek ere gogo eta ilusio handia jarri dute eta horrek eragina du haurrengan”, dio Maikar Iurramendi irakasleak. 
Irakasleentzat ere egokitze egunak dira hauek: “Amaia Iparragirre eta biok izaten gara goizetan eta bion artean programa osatuz joan gara. Tokia eta haurrak ezagutzen ari gara, muga eta arau txikiak zehazten. Pixkanaka, materiala ere osatzen ari gara”.
Bi eta lau urte arteko haurrak ikasgela berean elkartzen dira: “Adin aniztasun horrek ikasteko modua aldatu egiten du; modu naturalagoa bihurtuz. Adin ezberdineko haurrak gelakide izatean, handiek txikiei laguntzen diete eta txikiek handiek egiten dutenetik ere ikasten dute”.

IKASLE OHIA
Maria Carmen Solaetxe Montoya izan zuten irakasle Pili Urkolak eta gelakideek. Bosgarren mailara arte ibili zen Pili Larraulgo eskolan: “Ondoren, eskola itxi eta Asteasura jaitsi ginen.Urte asko pasatu da ordutik, eta gauza askorik ez dut oroitzen. Udaletxe zaharreko behealdean zegoen gure ikasgela eta adin guztietako neska-mutilak elkarrekin joaten ginen bertara. Ikasgaiak erdaraz izaten ziren, izan ere, irakaslea bera kanpotarra zen eta ez zekien euskararik. Udaletxeko goialdean, eskolaren gainean bizitu zen irakasle hura ikasturteak irauten zuen bitartean. Jolaserako berriz, elizako zimiteriora edo plazara joaten ginen, orduan ez baitzegoen haurrentzako parkerik eta horrelakorik”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!