Menditarte baserrikoen zaletasuna

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ira. 30a, 18:14

Zaletasunak bultzatu zituen Menditarte baserriko kideak zuhaitzak ezagutu, landatu eta zaintzera. Tolosako azokan jartzen dituzte salgai ekoiztutako fruituak. Etxean hazitako akuriak ere ez dira falta izaten.

Urriaren 19an, hutsik egin gabe izango dira Joxe Angel Loidi eta Xanti semea Zizurkilgo Azoka berezian. Beraiek ekoiztutako fruituak eta etxean hazitako akuriak jartzen dituzte salgai Menditartekoek. “Hau ez da, inondik inora, gure ogibidea; zaletasuna baizik. Lanetik ateratakoan, eguraldi ona izanez gero, etxe inguruan pasatzen ditut orduak. Eguraldi txarra denean ere, izaten da zer eginik intxaurrak edo hurrak sailkatu edota Tolosako azokarako gauzak prestatzen”, dio Joxe Angelek.

Akuriak, garai batean bezala
Menditartekoek badute, gainera, afizio berezi bat ere. Etxe ondoko belazean, itxitura ezberdinetan banatuta, akuriak dituzte. “Ile luze eta motzekoak edukitzen ditut. Ume nintzela, Zubietako baserrian, berrehun akuri izatera iritsi nintzen. Garai hartan baserri gehienetan izaten ziren akuriak. Gaur egun, ehundik gora akuri daude gure etxean eta azokan salgai izaten ditugu. Etxean edukitzeko erosten dituzte askok, banaka gehienetan. Baserrietarako bikoteak eramaten dituzte, garai bateko ohitura berreskuratze aldera”, dio Joxe Angelek.
Duela berrogei urte inguru, baserrietan akuriak izatearen arrazoia ere azaldu du Joxe Angelek: “Oso zabalduta zegoen akuriak zeuden tokian arratoirik izaten ez zen ustea, horregatik zen hain ohikoa akuriak izatea. Esan beharra dago uste hori ez dela egia. Gure akurien etsairik handienak arratoiak eta katuak dira. Arratoiek eta katuek, goserik badaude, akurien kumeak jan ditzakete”.

Botikarik gabeko fruta
Kalitatearen eta ekoizpen naturalaren aldeko apustua egin dute Menditarteko kideek: “Ahal dela, zuhaitz eta landareei ez diegu tratamendu kimikorik ematen. Zuhaitzaren beraren bizitza arriskuan jartzen denean bakarrik jotzen dugu botiketara, gainerantzean, ez erabiltzeko erabakia hartu genuen. Jende gaztea tratamendurik gabeko produktuaren atzetik ibiltzen dela antzematen da, helduei gehiago kostatzen zaie produktu horiek erostea. Erosten ari den sagarrak barruan arra izan dezakeela pentsatzeak atzera egiten die batzuei”.
Lan handia egiten dute Menditartekoek azokara eramaten dituzten produktuak sailkatzen: “Intxaurrak, esaterako, banan bana sailkatzen ditugu. Pisuagatik eta egiten duten soinuagatik jakiten dugu hutsak dauden edo ez. Lan handia eskatzen du horrek guztiak. Horrez gain, hurra eta intxaur zuritu eta erreak, menbriloa edota bizkotxoa ere saltzen ditugu. Bezero asko ez dira horretaz konturatzen baina, lan ordu asko dago produktu horien atzean”.

Pikuak, mizpirak
Beste apustu bat ere egina dute Menditarten: “Kontsumo txikiko fruituak ekoizten ditugu. Mizpira, pikua..., fruitu horiekin oso zaila da kontsumitzaile berriak sortzea. Gazte jendeak ez ditu ezagutu ere egiten. Feijoa eta kakia ere eskaintzen ditugu, baina nahiko fruitu berriak dira. Kakia apaingarri gisa erabili izan da orain dela gutxi arte eta fruta-dendatan orain dela gutxi sartu da. Oso zapore mikatza du eta jan ahal izateko tratamendu natural berezia egiten zaio. Guk kapritxoz prestatzen ditugu batzuk, baina prozesu zaila da. Feijoa berriz oso berria da. Brasilgo fruitua da eta oso ondo egokitu da Euskal Herrira. Oso zapore berezia du. Franbuesak ere baditugu eta  ondo saltzen dira. Bestalde, zenbait senda belar aurretik ezagutzen dituztenen eskuera jartzen dut”, azaldu du Joxe Angelek.
Zaletasunak erakutsi dio Joxe Angeli zuhaitz bakoitzaren zainketa lanak modu egokian egiten: “Liburuak baditut eta neronek sortutako fitxeroa ere osatu dut. Zuhaitz bakoitzeko orri bat osatzen dut. Etxe inguruan, zuhaitz eta landare artean, ehundik gora ditugu”. Urriaren 19an, Zizurkilgo azokan jarriko dute postua Menditartekoek: “Guretzat ez da urte garairik onena uzta aldetik, baina ahalik eta posturik osatuena jartzen saiatuko gara”, diote.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!