Gazte lokal berria Aurrera plazan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ira. 30a, 18:09

Joan zen irailaren 18an inauguratu zen Zizurkilgo Gazte lokala. Aurrera plazan dago kokatuta eta herritar guztiei zabalduta dagoela jakinarazi dute bertako hezitzaileek.

Natxo Torne, Miriam Segurado eta Leire Irastorza kale hezitzaileek, hirugarren ikasturteari eman diote hasiera aurten Zizurkilen. Orain arte kalean antolatzen zituzten ia ekintza guztiak; Atxulondo Kultur Etxean tresnak gordetzeko tartea izanagatik, ez baitzuten biltzeko leku egokirik. “Neguan bereziki, gazteek ez zeukaten elkartzeko aterperik. Bestalde, lanak eta egitasmoak garatzeko ere beharrezkoa genuen bulegoa”, azaldu dute hezitzaileek. 10 urtetik 18 urte bitarteko gazteekin egiten dute lan bereziki. “Helduagoekin ere bai, aurreko urtekoekin harremana mantendu egiten baita gerora ere. Esaterako, Mugikortasun Astearen baitan, 20 urteko gazteak ere etorri zitzaizkigun laguntzera”. Gazteen nahien arabera antolatzen dituzte ekintzak, “proposatutako ekintzak edo gogoko dituztenak antolatzen ahalegintzen gara”. Helburuen artean herriko gazteei euren proposamenak jaso eta bideratzeko aukera ematea azpimarratuko lukete, “gazteak motibatu eta haien beharretatik abiatuta, gustuko gauzak egitera bultzatu nahi ditugu. Betiere, baloreak eskainiz. Esaterako, bigarren eskuko azoka antolatu genuen iaz eta aurtengo festetan ere parte hartu dugu. Materialismo kutsua kentzen saiatzen gara ekintza horrekin. Kirol ekintzak antolatzen ditugunean, kiroltasuna bultzatzen ahalegintzen gara…”. Gutxi gorabehera, 60 gazte inguru biltzen da egitasmoan.

Astearte, ostegun eta ostiraletan

Gazte lokala astearte, ostegun eta ostiraletan egongo da zabalik, 16:30etatik 19:30etara. Hasiera batean behintzat, adinaren arabera banatu dituzte taldeak,  “asteartetan LH5 eta 6 mailentzat zabalduko da; ostegunetan DBH 1, 2, 3 eta 4 mailentzat eta, ostiraletan, guztientzat zabalik egongo da”. Asteburutan itxita egongo da lokala, “une jakinetan soilik irekiko da, ekintza zehatzen bat antolatzen denean”. Aurrerantzean ere kalean ekintzak egiten jarraituko dute, “gure asmoa ez da lokalean geratzea. Hau ekintzak txukun antolatzeko baliabidea da”. Herri txikietan gazteekin lan egitearen alderdirik onena gertukotasuna dela diote, “ezagutzen dituzunean, errazago azaltzen dituzte euren kezkak eta zuk ere hobetu ulertzen dituzu. Polita da harreman hori lantzen joatea”, aipatu dute. Herriko gazte nahiz helduei egin diete eurekin harremanetan jartzeko deia, “herriko baliabidea denez, herritar guztiei luzatzen diegu gugana etortzeko gonbitea”.

Ostargiko kide
Hiru hezitzaileak Donostiako Ostargi gizarte elkarteko kide dira, “talde handiagoa dago atzean eta, udan, ekintza bateratuak antolatzen ditugu. Esaterako, beste herrietako gazteei gure herria erakutsi edo alderantziz, haiena ezagutu… Helduagoen artean astebeteko kanpaldiak ere antolatzen ditugu”. Gainera, herri arteko kirol txapelketak ere antolatzen dituzte urtean zehar.

Gazteak gustura
Erika Nuñez zizurkildarrak ekimena martxan jarri zenetik hartzen du parte ekintzatan. “Gipuzkoa ezagutzen irteerak gustatzen zaizkit gehien. Futbol txapelketak ikustea ere bai”. Eneko Pagolak Villabonako Gazte lokalean hartzen du parte baina, Zizurkilgo lokala ezagutzera etorri zen inauguraziora, “Zizurkilgo taldekoekin ere harremana dudanez, lokala ezagutu eta meriendatzera etorri naiz. Futbol txapelketan parte hartzea gustatzen zait gehien”. Ioritz Otamendi zizurkildarra pozik dago lokala zabaldu dutelako, “lagunekin elkartzeko askoz ere aukera hobea dugu orain”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!