Urriaren 27a arte, txurreria Oriamendin

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ira. 30a, 17:56

Irailaren 10ean, La Montañesa txurro postua jarri zuten Oriamendi auzoan. Orduz geroztik, arratsaldero, txurro beroak jateko aukera eskaintzen dute. Hilaren 27a arte egongo dira bertan.

Sonia Polanco eta Concepción Pérez ama-alabek bideratzen dute La Montañesa txurreria. Euren lanbideak eskatzen duenez, herri batetik bestera ibiltzen dira eta azken hilabete honetan, Amasa-Villabonan kokatu dira. “Udan Donostian ibiltzen gara batez ere; Aste Nagusian Grosen jartzen dugu postua. Oiartzun eta Errenteria ingurura ere dezente jotzen dugu. Udako jaiak amaituta, Tolosa eta Goierri aldera etortzen gara gehiago”. Amasa-Villabonan postua jarri duten lehen aldia da eta gustura daudela adierazi dute, “gustura gaude Villabonan, leku zabala eta egokia baitaukagu bertan egoteko. Orain Tolosan bizi garenez, etxetik gertu gaude gainera”. Txurreriko berezitasuna txurroak dira, noski, eta, gozogintzako beste hainbat jakiren artean, txurroak saltzen dituzte nagusiki, “udan eskaintza zabalagoa izaten dugu: txokolaztezko txurroak, kremazko bonbak, buñueloak…”. Pentsa daitekeenaren aurka, salmentak udan neguan baino hobeak izaten direla adierazi dute. “Badirudi, hotzarekin gusturago jango direla txurroak baina, gehiago saltzen dugu guk udan. Jendea kalean ibiltzen denean saltzen da gehien eta, oro har, udako jaietan izaten da hori”.

Irina, gatza eta ura
Gofreak izan ezik, gainerako ia eskaintza guztia eskuz lantzen dute Sonia eta Concepción-ek. Txurroen masa egiteko, osagai modura, irina, ura eta gatza behar direla azaldu dute. “Ontzian irina eta gatza nahasi behar dira lehenik eta irakindako ura gehitu behar zaio gero. Ondo eragin behar dira osagaiak, masa gogortu arte”. Behin masa egindakoan, txurroei itxura eman behar zaie eta horretarako, muturrean izar itxura duen moldean sartzen dute masa. Hori guztia egindakoan, 180 gradutan, olio bero-berotan txurroak frijitu eta azukrea gehitzea besterik ez da falta. “Masa egitea oso erraza da baina, denean bezala, esperientziak erakusten du”.

La Montañesa
Ferietako salerosleen bizimodua polita eta, aldi berean, gogorra dela azaldu du Sonia Polancok, “ni giro horretan jaio nintzen eta bizimodu polita iruditzen zait, bidaiatzea gogoko dudalako. Baina, era berean, gogorra ere bada; batetik bestera ibiltzea ez baita leku finko batean lanean aritzea bezain samurra”. Familiatik datorkie txurrero lanbidea eta irrika. “Aitaren aldetik datorkigu: feriantea izan zen 77 urterekin zendu zen arte. Santanderren jaio zen, arbasoak zumaiarrak zituen arren. Gerra amaitu zenean, osabengana joan zen eta haiekin batera ikasi zuen lanbidea”. La Montañesa izenaren nondik norakoen berri ere azaldu dute. “Santanderkoei montañeses esaten zitzaielako jarri zion txurreriari izen hori duela 60 urte”. Aita-amengandik seme-alabengana, belaunaldika txurreria aurrera doala azaldu dute. “Orain gutxi arte, anaia ere lan honetan aritu da”. Sonia Leonen jaioa da, Iruñean hazia eta herri ezberdinetan bizi da. “Mundu guztikoa naiz”. Concepción-ek lehen feria gehiagotan ibiltzen zirela azaldu du: Galizian, Asturiasen… “Bizimodua karabanan egiten genuen lehen. Orain ez, Tolosan bizi gara eta handik lanera etortzen gara”.

Urriaren 27a arte
Urriaren 27a arte zabalduko dute Oriamendi auzoan kokatutako txurreria. Arratsaldero, 17:15etatik 21:00ak arte eta igandetan, goizez ere bai: 09:00etatik 13:00etara. Ohiturari eutsiz, Villabonatik Beasainera joango dira gero.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!