Klisk eta klask, herrian bertan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ira. 30a, 17:46

Urriaren 11n, larunbatean, Argazki Rallya izango da Amasa-Villabonan. Idoia Lahidalga eta Iyuya Urrutia ari dira prestaketa lanetan eta parte hartzeko deia luzatu dute.

Duela bi urte hasi ziren Idoia eta Iyuya inguruko herrietako Argazki Rallyetan parte hartzen, “Aiztondo, Hernani, Asteasu, Astigarraga edo Zumaiako Rallyetan hartu dugu parte eta parte hartzaile moduan aritu garenez, orain antolatzaile lana ezagutu nahi dugu”. Parte hartu ez ezik, sari bat baino gehiago eskuratu dute batak zein besteak rally ezberdinetan. Argazkilaritza gustatuz gero, rallyetan parte hartzea esperientzia ona dela uste dute. “Ematen dizuten gaiak iradokitzen dizunaren arabera atera behar duzu argazkia. Zure argazkiak eginez eta besteek egin dituztenak ikusiz, ikasteko oso modu egokia da. Iaz, Adunan esaterako, karobiena zen gaietako bat. Oso modu ezberdinetara ulertu eta ikus dezake bakoitzak karobia eta ateratako argazkietan ederki sumatu zen hori”.

Lau sail
Rallyaren gaiak ez dituzte aurreratu, “ez dugu pistarik emango. Rallyaren zentzua horixe baita: ordu jakinetan gai zehatzen inguruko argazkiak ateratzea. Gai horietako batzuk herritarrek identifikatu beharko dituzte”. Lau sail ezberdin izango ditu rallyak eta lau argazkiko bilduma aurkeztu beharko dute parte hartzaileek. Sari dezente banatuko da. “Bilduma osoa sarituko da. Argazki bakoitzari puntuazioa jarrita, guztiak batu ondoren, emaitza altuena ateratzen duten lehen hiru bildumak sarituko dira: Lehenari 150 euro eta ziurtagiria emango zaizkio, 120 euro bigarrenari eta 90 euro hirugarrenari. Herriko onenarentzat 70 euroko saria izango da. Eta gainera, 50 euroko akzesit sariak ere banatuko dira sail bakoitzeko argazki onenarentzat”. Udaleko kultura sailak ahalbidetu du ekimena eta Naiara argazkilariak ere lagundu du. Epaimahaia, Idoia eta Iyuyaz gain, Naiara eta Karlis argazkilariek, Hautsi Izagirre kultur zinegotziak eta hainbat herritarrek osatuko dute. “Herritarrak epaimahaian egotea garrantzitsua dela uste dugu, gaien artean herriko ezaugarriak ere tartean izango baitira”.

Kamera dijitalarekin
Izen-ematea Errebote plazan egingo da urriaren 11n bertan, 08:30etatik 09:30etara. Parte hartzeko 5 euro ordaindu beharko da eta tartean, hamaiketakoa ere izango da. Behin gaiak jakinda, 13:00etan amaituko da argazkiak ateratzeko epea. “13:00etan partaideek ateratako argazki guztiak ordenagailuan jasoko ditugu, orduz kanpo argazki gehiagorik atera ez dela eta etxean irudiak txukundu ez direla neurtzeko. Egun gutxira, lehiaketara aurkeztuko duten argazki bildumaren erreferentzia azaldu beharko digute parte hartzaileek”. Aukeratutako hainbat argazkirekin, erakusketa egingo da azaroaren 3tik 8ra Gurea zinemako erakusgelan. “Herritarrei argazkiak erakusteko aukera eskaini nahi zaie. Herritarrak izan baitaitezke argazkietako protagonistak”. Lehiaketan nahi duen orok har dezake parte, bai herritarrek eta baita kanpotik etorritakoek ere. Baldintza bakarra, kamera dijitala erabiltzea da. “Argazkilaritza gogoko duenari egiten diogu bereziki parte hartzeko deia; modu interesgarria izan baitaiteke Villabonako beste ikuspegi bat ezagutzeko”. Larunbat goiza herrian mugimendua izaten delako aukeratu dute, “egun horretan kalean dabiltzan herritarren partaidetza ere garrantzitsua izango da; izan ere, gai batzuk herritarrekin lotura izan dezakete eta kalean topatutako herritarrei argazkiak atera beharra gerta daiteke. Ez daitezela harritu, beraz, jendea kamerarekin batetik bestera ikusita”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!