Bisitarien Etxea, gertukoa deskubritzeko

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ira. 30a, 17:41

Abuztuaren 1ean  ireki zituen ateak Leitzarango Bisitarien Etxeak. Txirrindularien, ibiltarien, arrantzaleen eta bailara ezagutu nahi duen edonoren topaleku izan nahi du.

Otieta parkean, Leitzarango sarreran jarri da etxe hau, eta Uraren Interpretazio Zentrua eta Arrantza Eskola kokatzen dira bere baitan.
Artelatz Ingurugiro Zerbitzuak izeneko enpresak kudeatzen du Bisitarien Etxea, Andoaingo Udalak jarritako lehiaketa publikoa irabazi eta gero. “Bisitariak bere ingurunearekiko, hots, Leitzaran ibaiaren biotopo babestuarekiko kontzientziatzea, biotopoa kontserbatzen lagundu nahia piztea eta arrantza kontinetala balioan jartzea, ur-ingurunearen iraunkortasun-irizpide zorrotzei jarraiki”. Horixe da ekipamendu honen helburu nagusia, Artelatzen esanetan.

Bitan zatitutako Etxea
Leitzarango ekosistemari buruzko informazioa ematen da egurrezko eraikinaren zati batean, eta arrantzatzen irakasteko baliabideak biltzen dira bestean.
Interpretazio gelara sartzen den bisitariak azalpen panelak, bideo proiekzioak, joko zein panel interaktiboak eta zenbait eraikuntzen maketak topatuko ditu. Horien bidez, Leitzaran bailararen ura, landaretza, fauna, ondare historikoa edo  mehatxuzko elementuak ezagutzeko aukera aparta izango du. Denbora eta gogoa edukiz gero, Leitzarani buruzko makina bat xehetasun jaso daiteke.
Bestalde, bailaran zehar bizikletaz nahiz oinez egin daitezkeen zenbait ibilbideren diptikoak banatzen dira. Mendi irteerak eta ibilbide interpretatiboak antolatzen dira eta gaika sailkatzen dira; kanalak (ura), botanika, aztarnategi arkeologikoak, trenbide zaharra, Ubarango bailara ezkutua…, hartzen dituzte kontuan besteak beste.
Arrantza eskolak hartzen du Bisitarien Etxeko bigarren zatia. Ikasleei, hasiberriei nahiz eskarmentu handikoei zuzendutako formakuntza ikastaro pertsonalizatuak emateko prestatu da zati hori. Besteak beste, teoria azaltzeko ikasgela, euliak montatzeko tokia, bideoak ikusteko gelatxoa eta liburutegiak osatzen dute tarte hori. Patxi eta Cristian Urruzuno anaiak dira ekipamendu horren ardura hartu duten hezitzaileak.
Urritik aurrera arrantzako ikastaroez gain, bestelako zerbitzuak ere eskainiko dira Bisitarien Etxean; tartean, hainbat hezkuntza-jarduera eskoletako ikasleekin, eta asteburuko programak, oinez nahiz bizikletaz, nahi duen orok parte hartu ahal izateko.
Informazio gehiago nahi izanez gero, ondorengo helbideetara jo daiteke: 943 300 929 telefonora, leitzaranbisitarienetxea@artelatz.com emailera, edota www.leitzaranbisitarienetxea.com web orrira. 

APARTA, GERTUKOA DESKUBRITZEKO
Amaia Santa Cruz eta Todor Martinez dira Interpretazio Zentruko harreran dauden teknikariak. Prest daude biak bisitariek eskatzen dizkien azalpenak emateko eta teknologia berriko interpretazio tresnak nola erabili erakusteko.

Zer moduzko harrera eduki du etxeak hasieratik?
Todor: Jendeari kosta egiten zaio etxea ireki dela jakitea. Goizegi da, agian, ezagutzeko. Abuztuan 200 bat lagun pasako zen hemendik. Eskolekin eta hasten garenean, badugu itxaropena ikasleek gurasoei, hauek lagunei eta horrela, ahoz aho etxearen berri zabaltzen joango dela pixkanaka. Bestela ere, publizitatea egiteko dago oraindik.

Iritzirik eman al dute etorri direnek?
Amaia: Kanpotarrek -katalanek bereziki- asko gozatu dute parajearekin. Bailara lehendik ezagutzen zutenei ere asko gustatu zaie; erakargarria egin zaie horiei, espero ez zituzten hainbat gauza ikusi eta deskubritu dutelako.

Nolako profileko jendea espero duzue?

Todor: Hona datorrena, benetan interesa duena izango da. Bailara, mendia edo kirola gustuko duena, eta natura kontserbatzeko ahalegina egiten duena.
Amaia: Badakigu jendetzarik ez dela izango. Bi euroko sarrerak ere bereizketa egingo du, nor sartu eta nor ez. Igandetan Otietara egun pasa datorren turismoa samaldan sartuko litzateke doan izanez gero; sartu, kuxkuxean ibili eta atera. Informazioa izugarri dago, eta dena inguruan zalapartarik gabe, patxadaz ikusteko aukera izango du bisitari interesatu horrek. Dena ikusteko, 45 bat minutu behintzat behar direla esaten diegu.

Leitzaran ezagutzen duen Andoaingo eta ingurukoetako jendeak baloratuko duela iruditzen al zaizue?
Todor: Turismo piloa erakarriko duela pentsatuta, etxe hau jarri izana gustatu ez zaionik izango da. Baina aldi berean, izango da horrelako eraikuntzen onura ikusten duena, era horretan naturaren zaintzan instituzioen eta gizabanakoen kontzientzia hartzea bultzatzen dutela sinetsita.
Amaia: Trentxikiaren bidean zehar ibiltzen garen andoaindarroi dena ezagutzen dugula iruditzen zaigu maiz. Baina gauza bat pasiatzea da eta bestea ingurunean, alboetan dauden landareak, zuhaitzak, animaliak, ondare historikoa…, ezagutzea. Esate batera, askori agian harrigarria egingo zaio Usabelartzan zohikaztegi bat dagoela eta Gipuzkoan den handiena dela; edo, Leitzaranen bertan Gipuzkoan hobekien kontserbatzen den altzadia dagoela jakitea.

Gertu-gertu daukaguna deskubritzeko lagungarri gerta dakiguke, hortaz, Bisitarien Etxea...
Amaia: Zalantzarik gabe. Hortxe eskura, zein bailara aberatsa daukagun ikusi ahal izango du bisitariak. Lehengoan gerturatu zen tolosar batek harrituta adierazten zigun nola joaten garen munduko ez dakit nora ingurumen zoragarrien bila, bitartean etxean, Leitzaran bezalako altxorrak edukita.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!