Ordenagailuetara gerturatu nahi?

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ira. 30a, 17:36
Uztailaz geroztik, Josune Artola beasaindarra arduratzen da Adunako KZguneaz. Herritarrei beldurrik gabe gerturatzeko deia luzatu die.
Joan den uztailean hartu zenuen Adunako KZguneko ardura. Zer moduz?
Uztailean hasi nintzen, bai. Abuztuan itxita izan dugu eta irailean hasi gara berriro martxan. Asteazkenetan, egun guztian zehar egoten naiz bertan. 9:00etatik 13:00etara eta  16:00etatik 20:00etara.

Azal iezaguzu zuen eskaintzaren berri…
Tutoreon lana jendeari laguntzea da, bai ikastaroak emanez edo zalantzak argituz. ONA txartelak ere bertan bideratzen ditugu.

Zer da ONA txartela?
ONA Osakidetzako txartela da. Hiritarraren txartel berdearekin eta Osakidetzako betiko txartel urdinarekin bat eginda eratu da. Txartel horrek betiko funtzioaz gain, erabilera ezberdinak ditu. Besteak beste, udaletxeko errolda agiriak, administrazioko dokumentazioa edo N.A.N-eko txanda eskatzeko nahiz kotxeko karnetaren puntuak ikusteko balio du. Aparatu txiki bat behar da: irakurgailu bat eta, ordenagailuan txartela sartutakoan, programa bat instalatzen da. Modu horretan, internet bidez, etxetik bertatik dokumentazioa inprima daiteke. Sinadura digitala du gainera, edonora joan eta bertan sinatzearen pareko funtzioa betetzen du. Momentuz 16 urtetik gorakoei bakarrik zuzentzen zaie. Herri txikietan jende gutxi animatzen da txartela egitera; pena da, bai baitauzka erabilera interesgarriak.

Informatikari lotutako ikastaro ezberdinak ere eskaintzen dituzue…
Maila guztietako ikastaroak eskaintzen ditugu, jendearen eskaeraren arabera, baita zero mailatik hasitakoak ere. Norbaitek ordenagailuak erabiltzeko ideiarik ez badauka, ez dadila beldurtu; oinarri-oinarritik abiatzen gara horrelakoetan. Esaterako, internet-a edo posta elektronikoa erabiltzen ikasteko, 20 orduko oinarrizko ikastaroak ere eskaintzen ditugu. Gaztetxoenetatik adineko pertsonetaraino, herritar guztiei egiten diegu parte hartzeko deia. Informazio Teknologien Erabiltzailearen Ziurtagiria (IT txartela) ere eskaintzen dugu. Kasu horietan, ziurtagiria jasotzeko azterketak egiten dira.

Jende helduari oraindik ere beldur pixka bat ematen al dio ordenagailuaren aurrean jartzeak?
Bai eta beldur hori galtzeko aukera ona eskaintzen dugu hemen. Sagua zer den, teklatua nola erabili…, oinarrizko azalpenetatik abiatzen gara. Jende askok, oraindik ez du ezer jakin nahi ordenagailuekin, baina egun, oinarrizko erabilerak jakitea, ia beharrezkoa da, norberaren independentziagatik besterik ez bada.

Ordenagailuak doan erabiltzeko aukera ere eskaintzen duzue…
Hiru ordenagailu daude herritarren eskura. Niri pena ematen dit ordenagailuak libre ikusteak. Ahalik eta zuku gehien ateratzea nahi nuke. Herritarrek jakin dezatela haien zerbitzura gaudela. Anima daitezela etortzera.

Zein da zuen funtzionamendua?

Etortzen denari inskripzio-orria betearazten diogu eta modu horretan, alta ematen diogu KZgunean. Behin orria beteta, gainerako herrietako KZguneetara ere jo dezake lasai ederrean. Gainera, gune elektronikoa ere badugu: http://www.kzgunea.net eta, hemen ikasitakoa errepasatzeaz gain, posta elektronikoa begiratu edo txartelak egiteko izena eman daiteke, beste aukeren artean.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!