Egun handiaren atarian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ira. 30a, 17:32

Iruratar guztiek euren egutegietan gorriz borobilduta zuten urriaren 5a gain-gainean dute. Datorren igandean ospatuko da egun handia, Kilometroak 08 jaialdia.

Irurako Ikastolak, iaz, Bergaran lekukoa jaso eta Kilometroak jaia prestatzen hasteko lasterketari ekin zion. Urtebete geroago, buru-belarri lanean aritu ostean, guztia prest dute Iruran milaka euskaltzale hartzeko. Herria txikia da izatez, baina guraso, irakasle, ikasle, eta inguruko herrietako jende ororen laguntzaz, amets bat betetzear daude. Amets bat egi bihurtuko dute.

“Eraikitzen” lelopean
Igandean, beraz, jaia eta euskara uztartuz, festa erraldoia egingo da Iruran. Aurtengo Kilometroak 08 jaiak ere badu lelorik. Sinplea, argia eta esanguratsua da; “eraikitzen”. Azken hilabete hauetan, Gipuzkoako Ikastolen aldeko jaialdiaren inguruan lanean jardun diren lagunek gauza ugari eraiki dute elkarrekin: ametsak, herritarren arteko harremanak eta nola ez, Irurako haurrentzako ikastola berria ere bai. Herria asko hazi da azken urteotan, haur kopurua ere handituz joan da eta Irurako Ikastolak, egoitza berria eta propioa behar zuela erabaki zuen. Ametsa eraiki zuten, eta ikastola ere, jada, eraikia dute. Orain, eraikin berriaren gastuak finantzatzen joateko Kilometroak 08 jaialdian dute itxaropena jarria.
Hala ere, ikastola berriaz gain, gauza gehiago ere eraiki dute Iruran; kantu bat esaterako. Desordutan talde tolosarra arduratu da, inguruko musikarien laguntzarekin batera, Kilometroak 08ko abestia egiteaz:“Oinarria eraikitzen”.

Beterri-Aiztondo eskualdeko aztarnak
Jakina denez, aurtengo Kilometroak 08 jaia, Beterri-Aiztondo eskualdetik gertu ospatuko da. Eta gertutasun horrek, halako loturak sortu ditu, bailarako aztarnak utziz. Esate baterako, egun, Irurako alkate den Marimi Ugalde, Andoaingo Ikastolako lehen irakasleetako bat izan zen. Eta ikastolen aldeko festa honetan gogotsu lanean dabilen Joxe Mendizabal ere, izatez, villabonatarra da. Baita Izaskun Gaztañaga Irurako Ikastolako irakaslea ere.
Kilometroak 08 jaialdian parte hartuko duten musikariei erreparatuz gero, Beterri- Aiztondoko zenbait lagun ikus litezke. Tapia eta Leturia taldeko Xabier Leturia, villabonatarra da,  Desordutan taldeko saxofoi jotzaile den Mikel Elola, berriz, adunarra. Asteasuko trikitilaririk ere izango da Kilometroetan; Laket taldeko Maitane Ayerza esaterako, eta bere taldekide Iñigo Muñoz bateria-jolea, berriz, andoaindarra da.
Horrez gain, Amaia Agirre Villabonako bertsolaria ere, urriaren 5ean taula gainean izango da bertso-eskolako beste zenbait lagunekin batera.
Beterri-Aiztondoko eskualdea Irurarekin mugan egonik, argia da, beraz, aurtengo Kilometroetan izan dela bien arteko loturarik. Aurrez, zerrendatutako musikari, antolatzaile eta bertsolariez gain, ziur eskualdeko beste hainbat lagun ere arituko dela Irurako Ikastolaren alde lanean. Izen-abizenekin aipatu ez arren, ziur euskaltzale ugarik luzatuko dutela besoa Irura alderantz.
Kilometroetan izango diren eskualdeko lagunez gain, bada aipatzeko beste konturik. Sei kilometro eta erdiko ibilbidea Irura eta Anoetako lurretatik igaroko da, baina Villabonarekin muga eginez. Azken honetan gainera, autoentzat bi aparkaleku handi ere jarriko dituzte. Eta jai handirako seinaleztapen bereziak Andoaindik aurrera hasiko dira jartzen.

Adin tarte guztietarako egitaraua
Irurara gerturatuko diren euskaltzale guztien gozamenerako, goizeko 09:30etan hasita, ez da aspertzeko betarik izango. Sei kilometro eta erdiko ibilbidea, bost gunetan banatuta eta gune bakoitzean hamaika ekitaldi ezberdin izango dira. Musikak tarte zabala izango du, baina era berean ez dira pailazoak, jolasak, tailerrak, perkusio taldeak, bertsolariak edo dantza emanaldiak ere faltako. Hori guztia, Irura eta Anoetako txoko ezberdinetan kokatuta egongo da.
Kilometroak 08 festa nagusiko inaugurazio ekitaldia Irurako Ikastola berrian egingo da eta lehen gunea ere ikastolaren bueltan jarriko da. Gainerako guneak Katategin (Irurako industrigunean), Anoetako plazan, Anoetako Ikastolan eta Irurako plazan izango dira. Hiru jantoki ezberdinetan 2000 lagun ingururentzako bazkariak ere emango dira. Horrez gain, aurtengo berrikuntzen artean, bi dira nabarmentzekoak. Batetik zeliakoentzako jaki bereziak prestatuko dira jantoki horietako batean; hain zuzen ere Anoetako kiroldegian. Eta bestetik, haurrei fardelak aldatu eta bularra emateko bi gune berezi ere jarriko dira.
Arropa saltzen, trafikoa bideratzen, janaria prestatzen, zirkuitua zaintzen…, ehunka lagun arituko da lanean igandean. Izan ere egun handi eta festa erraldoiari begira egin  beharreko lana ere izugarria baita. 1400 biztanle inguru ditu Irura herriak. Urriaren 5ean, ordea, 1500 bat lagun arituko da lanean. Iruratar, nahiz ez iruratar, guztiak ikastola berriaren alde jardungo dira.

Deialdi berezia Iruratik hurbil bizi direnei
Kilometroetara gerturatzeko bide ezberdinak egongo badira ere, Iruratik hurbil bizi direnentzat, bada bat aproposetan aproposena: bizikleta. Garraiobide merkea eta osasungarria da zalantzarik gabe. Beterri-Aiztondo eskualdetik Kilometroetara gerturatu nahi duenak, beraz, horra hor pedalei eraginez joateko aukera. Sacemgo bidetik barrena, Allegi baserria pasa eta apur bat aurrerago dagoen egurrezko zubian, Kilometroetako sarreretako bat egongo da. Eta hortxe bertan, Etxezarreta kalean, bizikletak gordetzeko aparkaleku zaindua ere jarriko dute.
Bizikleta gainean, beraz, Kilometroetara gerturatzeko modu bikaina!

Irurara gerturatzeko bideak

  • Bizikleta. Aparkaleku zaindua Etxezarreta kalean egun osoan.
  • Trena. 10 minuturo ibiliko dira bi noranzkotan.
  • Autobus berdeak. 15 minuturo ibiliko dira bi noranzkotan.
XURDIN ETA BERE LAGUNAK KILOMETROETAN IZANGO DIRA
Kilometroetako bosgarren gunean, Irurako herrigunean izango dira Xurdin taldeko kideak.
Eguerdiko 12:00etan eskainiko dute euren emanaldia. Alaitasunaren basoa da ikuskizunaren izenburua eta musika eta dantza du erro nagusia. Kontzertuaren aurretik, eta amaitu ondoren, egun osoan zehar bosgarren gune horretan bertan postua jarriko edute Xurdin taldeko kideek. Pantaila handi batean, gainera, Xurdinen abenturak ikusteko aukera izango dute bertaratzen diren guztiek.
Kantu berria
Kilometroak festaren inguruan egindako abestia ere aurkeztuko dute Iruran. “Garbi utzi nahi dugu ez dela abesti ofiziala, baizik eta guk gure kabuz eta Kilometroak guztietarako egin dugun abesti orokor bat dela”, adierazi dute taldekideek.
Duela sei urte sortu zen Xurdin taldea eta badira hiru urte taldearen egoitza nagusia Adunan jarri zutela. Dofasol jauna, Ildefontsa, Haizeder, Zirri eta Borro eta Xurdinek hamaika abentura izan dute ordutik eta urriaren 5ean, Iruran izango dira haurren gozagarri.

Kilometroetarako abestia
Goazen festara, denok batera
euskara da bai, gure aukera
goazen korrika, jaia heldu da
Kilometroka hastera doa.
Pausoz pauso, bagoaz pausoka
metroz metro, bai metroka
neurtzeko dugu onena, pixkanaka.
Pixkanaka, astiro astiro
irabazten dugu aldiro
bidean nabari delako, gure giro
Kilometroz kilometro goaz gure bidea zabaltzen.
Gure hizkuntza, gurea delako
geroz eta indartsuago
guztiok laguntzen badiogu, ez da galduko.
Nortasuna, ematen diguna
izaera euskalduna
horkonpon Marianton, gustoko ez duna.
Kilometroz kilometro goaz gure bidea zabaltzen
denon laguntzaz gehituko dira kilometroak
denon laguntzaz gehituko dira kilometroak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!