Urteroko tradizioari eutsiz, Sanmiel egunez, Urnietako norbanako edo herritar talde bat omendu ohi du Udalak, dagokion alorrean burutu duen lanagatik. Aurten, odol emaileen elkartekoei egokitu zaie omenduak izateko ohorea, urteetan zehar herrian egin duten lan handiagatik. Dantzari gaztetxoen eta Txanbolin Txistu Bandak eskainitako aurreskuarekin batera, Patxi Etxeberria eta Txomin Garmendiaren bertsoak entzun ahal izan dira, herritar eta udal ordezkariek bete duten udalbatza aretoan.
Udalaren izenean, alkate Mikel Izagirrek eskerrik beroenak eman nahi izan dizkie elkarteko kideei, dagoen behar bat bideratzen egindako ahaleginagatik eta aurrera begira ere lan horretan jarraitzea eskatu die.