Etxeberrieta Berri jatetxeko “Salkin” pintxoa, irabazle

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ira. 26a, 12:52

Datorren asteazken arratsaldean Gorka Unzuetak Pintxo lehiaketaren II. edizioari dagokion irabazlearen saria eskuratuko du, Salkin elkarteko arduradunen eskurik.

Taberna-jatetxean bertan jaso zuen saria eta, egia esan, oso urrutira ez da joango eskuratu duen sariarekin. Jatetxetik atera eta Goiburura igotzea besterik ez baitu izango. Izan ere, sari modura asteburua igarotzeko aukera izango du Txertota aterpetxean.
Salkinek modu honetan amaiera eman dio irailean aurrera eraman dituen ekimen ezberdinei.
Ardo dastaketarekin martxan jarri zen merkataritza astea. Peña Santa krutz elkartean uste baino jende gutxiagok parte hartu zuen. Igandeko lore azokan, berriz, giro polita sortu zen. Inondik inora herritarren interes handien piztu duena pintxo lehiaketa izan da. Askotxo izan dira aitzakia horren inguruan batean eta bestean izan direnak. Lehiaketa martxan egon den bitartean aurtengo irabazleak eta Buruntza jatetxeko Weill andereak bere iritzia plazaratu dute Aiurrin.

Gorka Unzueta Etxeberrieta Berri, elkarrizketa:

Pintxo lehiaketarako prest?
Gorka Unzueta.
Bai, nahikoa garbi daukagu. Aurkezteko modua aukeratzea besterik ez zaigu falta. Salkin pintxoa deituko diogu.

Iaz, pozik agertu zineten ekimenarekin.
Gorka Unzueta.
Halaxe da, bai. Iaz, astean zehar ohi ez bezalako jende kopurua zebilen. Adibide bat jartzearren, asteazken iluntzean pintxo lehiaketaren aitzakiarekin koadrilak genituen tabernan. Horrek poza ematen du, herri giroa sortzen delako. Bestela, Andoain iluntzean ia hutsik geratzen da. Ekimena ikusgarria izan zen.

Horrelako ekimenekin bat egiten duten merkatariak gutxi dira. Zu zara bakarrenetakoa.
G.U.
Herrian egiten diren ekimenekin bat egin nahi  dut, eta ahal den neurrian babestu ere bai. Negozioaz haratago, iluntzean herri girorik ez dago eta hori aldatzeko sortzen diren ekimenak baliagarriak dira.

Eta zer dela eta hain parte hartze txikia tabernarien artean?
G.U.
Utzikeria izan daiteke. Salkinen eginbeharra oso gogorra da, oro har merkatariak ez daudelako burua estutzeko gogo handiarekin. Horietako askok bizimodua bideratuta daukate, eroso daude eta egitasmo berrien aurrean ez dira animatzen. Ziurrenik bere negozioa aurrera ateratzeko sistema bideragarria aurkitu dutelako.
Elkarteak indar handiagoa erakutsi behar du, bestetik merkatariak ere inplikazio maila handiagoa erakutsi behar du. Batzar orokorra egin zenean, ostalaritza sektoreko hiru ordezkari ginen eta merkataritza sektoreko beste hamabi. Bazkideak, ordea, askoz gehiago dira.

Zure negozioak duen martxarekin pozik zaude?
G.U.
Bai, gorabehera handiak izan ditugu. Agian, gure hasierako eskaintza ez zen egokiena izan eta aldaketak egiten jardun gara. Orain nahiko animatuta eta pozik nago, negozioa bideratzen asmatzen ari garelako. Lantaldeari esker nahikoa pozik nago.

Kirol jardueren babesle zarete, besteak beste
G.U.
Kirol talde baten babesle gara, futbol talde batena ere bai. Guretzat esfortzua handi samarra da, baina esandakoa, herriko ekimenekin inplikatu beharra dago.

Karta ere etengabe berritzen ari zarete
G.U.
Irailaren hasieran ogitartekoen eta plater konbinatuen eskaintza berria aurkeztu dugu, kalitate handikoak. 25 ogitarteko ezberdin eskaintzen ditugu orain. Bat aipatzearren, harrigarriena agian, “Lo que me da la gana” izenekoa da. Ezberdina izango da beti, eta ohikoaz aldenduko da. Sukaldariak dituen osagaiekin plater konbinatu modukoa da, baina ogi artean! Ogitartekoa atera orduko bezeroa harri eta lur geratzen da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!