Leire Albizu eta Ane Bermejo korrikalariak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ira. 24a, 20:25

Haur eskolako langilea bata, gurasoa bestea. Nola edo ahala, egunerokotasunak jartzen dizkien oztopoei aurre eginez, biek bilatzen dute tarte bat kirola egiteko. Behobia-Donostia probarako prestatzen hasiak dira jada.

Proba bat tarteko hasi zineten korrikan?
Leire Albizu.
Beti egin izan dut kirola, urte askotan eskubaloia, eta hori utzi nuenean, neure kontutik zerbait egiteagatik korrikan hasi nintzen. Kirol mundua gustuko izan dut beti, sasoi batzuetan beste batzuetan baino gehiago. Baina ez dut gustuko beti korrika egitea. Tartekatu egiten dut; mendira joatea edota txirrindularitza ere gustuko baititut.
Ane Bermejo. Kirola betidanik gustuko izan dut, baina haurdunaldiak zirela eta, hamar urte ezer egin gabe egon naiz. Gerora haurrak bizkortu direnean, kirola egiteko beharra sentitzen nuen. Baina ordutegia arazo bihurtu zen.

Denborarik ateratzen al dugu?
L.A.
Haur eskolan goizez egiten dut lan eta arratsaldetan badut denbora. Baina gero, ikastaroak direla… beti dago zerbait. Baina nahi izanez gero, ateratzen da denbora.
A.B. Txandaka, ahal dugun moduan moldatzen gara.

Baina ez da erraza?
L.A. Buruari gogor egin behar zaion egun asko daude. Mantendu nahi baduzu, behar da.
A.B. Behin hasita, garrantzitsuena erritmoa ez galtzea da. Neure kasuan oso zaila da jarraitzea, lana, etxea eta haurrak izanda. Lehengusinarekin ateratzen naiz. Erritmoa galdu gabe, probaren bat baldin badago, parte hartzen dugu.

Behobia, Herri bira… Zer probatan parte hartu ohi duzue?
L.A.
Aurten Herri Biran eta Zizurkilgo mistoan parte hartu dut. Ondo, Zizurkilgo mistoan zortzigarren postuan sailkatu ginen. Saritxo bat irabazi genuen. Asteburuan dudan planaren arabera, momentuan erabakitzen dut parte hartu edo ez. Urnietakoan ere hala erabaki nuen. Ez dut helburu finkorik, asteburu askotan Pirinio aldera ere joaten bainaiz.
A.B. Behobiarena iazko kontua izan zen. Iristea zen helburua eta iritsi ginen.

Behobia-Donostia gerturatzen ari da. Asko bezala, zuek ere prestatzen ari zarete jada?
L.A. Aurten urte berezi samarra dut, oposaketak egokituko zaizkigu eta. Lana eta oposaketak izanda, entrenamendu saioak bigarren mailan geratuko dira. Duela bi urte dezenteko marka egina nuen, eta iaz, ezustean, oso denbora ona egin nuen. Pozik geratu nintzen. Aurten marka hori jaistea zail samarra izango da. Hala ere, Behobian jada izena eman dut.
A.B. Duela hilabetetik. Hortxe gabiltza, ezin tarte bat hartu. Saiatzen gara aste tartean bitan ateratzen eta behin asteburuan. Asteburukoa familia giroan egiten dugu; haurrek bizikletak hartuta eta gu korrika. Garrantzitsuena erritmoa mantentzea da. Proba egunean jendeak eramaten zaitu. Giroa izugarria da. Polita da, merezi du.

Parte hartzaile kopurua gorantz doa herri probatan?
L.A. Betikoak diren lasterketa batzuk daude eta horietan jende pila biltzen da. Eta Behobian zer esanik ez, ikaragarria da. Giroa polita da, baina bere eragozpenak baditu; masifikazioa. Baina denok dugu eskubidea eta gustagarria da animatzea eta jendea hor egotea. Nork ez du gustuko jendea hor egotea? Entrenamenduetan zu zurekin zaude, zuk zerorren burua animatu behar duzu. Hor dagoen jendeak asko motibatu eta laguntzen du.
A.B. Norbere buruari gogor egiten, dena bezala ikasi egiten da. Duela oso gutxi hasi naiz. Zeure buruaren aurkako borroka bat da, sufritu egin behar duzu. Lasterketatan ateratzen den jendea oso prestatua dago. Horregatik, jende arruntak parte hartzeko eskubidea duela aldarrikatu nahi dut.

Entrenamendu saio horien emaitza dira kirol probak?
L.A. Saria. Eta emaitzak onak badira hobeto, beteta gelditzen zara.
A.B. Helburua ondo sentitu, adrenalina guztia atera eta ondo pasatzea da. Uste dut, meritua badugula, egindako esfortzua izugarria baita.

Emakumezkoen parte hartzea nola ikusten duzue?
L.A: Hazten doa pixkanaka. Gainera, adin askotako jendea ikusten da. Helduak, eta pixkanaka, gaztetxoak ere. Gainera, neskek indartsu entrenatzen dute. Ardura gehiena askotan emakumearena izanik, meritua are handiagoa da. Izugarrizko meritua dute ama direnek. Txalogarria benetan.
A.B. Rolen kontuan asko dago egiteko. Emakumezkoen kasuan, saiakera bikoitza egin behar dugu. Senarrak betidanik egin baitu kirola, baina ni zerotik hasi naiz. Guk ez dugu kirola egiteko kulturarik jaso eta hasten zarenean, gorputzak ez du berdin erantzuten. Zeure eginkizunak lana, etxea eta haurrak direla suposatzen den arren, ni ez nago horrekin ados. Gainera neure buruari galdetzen diot, ia zer transmititu nahi diedan nire semeei. Argi dut; ni ere gai naizela. Emakumeak animatu nahi nituzke.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!