Goiburuko Bentako alabarik gazteena, 2007. urteko irailean –duela urtebete, alegia– bere ahotik ezagutu ahal izan genituen Aiurrin Gerra zibilaren garaiko lekukotasun hunkigarriak, Jon Unanuek argitara eman ohi duen iritzi zutabean. Gerra zibilean bereak eta bi ikusi eta jasandakoa izan ziren Mikela eta haren familia, beste urnietar asko bezala, eta umiltasun baina jatortasun osoz eman zizkigun ezagutzera Mikelak gertakari haiek guztiak, hiru ataletan argitaratu genuen lantxo batean.
Azken urteetan Mikelak, uda garaian Urnietara etortzeko ohitura zuen, herrian zuen etxebizitzara. Atzerrira jo izan duen euskaldun orok bezala, Mikelak bihotza erdibiturik zuen: Mar del Platan zegoenean maiz Urnieta zuen buruan eta, alderantziz, Urnietan zenean, Argentinako lur eta inguru haiek borborka egiten zioten buruan eta bihotzean. Aurtengo maiatzean, 86 urte beteta zituela, Urnietara etortzeko bidaia prestatzen ari zen ere gaisotasuna ate joka etorri zitzaionean. Ezin izan zuen Urnietara bere azken bidaia egin, baina Argentinan gelditu da, bere Mar del Plata maitean.
Ostiral honetan, irailaren 27an, Mikelaren arimaren aldeko meza izango da Urnietako Mikeldeun Goiaingeruaren elizan, arratseko zazpietan.
Goian bego Mikela eta jaso beza guztion esker ona.