Miren Argi Weill, Salkin elkarteko kidea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ira. 24a, 19:38

Buruntza taberna-jatetxea klasikoa da Andoainen, tradizio handikoa. Miren Argi Weillek poza adierazten du, bereziki, bezeroekin. Fideltasun handia erakusten diotelako. Lanbidearekin ez dauka, beraz, kexatzeko arrazoirik. Bere inpresioa oso bestelakoa da Salkin elkarteaz edota herriaz, oro har, hitz egiten duenean.

Pintxo lehiaketaren inguruan sortu den mugimenduarekin pozik al zaudete?
Miren Argi Weill.
Bai. Nik uste dut, oro har, igaro dugun astea interesgarria izan dela. Ez bakarrik pintxo lehiaketa, baizik eta ardo dastaketa nahiz lore azoka. Pena da merkatariek oso gutxi parte hartzen dutela. Herritarren aldetik erantzuna ona izan da baina Salkineko kideek praktikan izan dutena baino parte hartze handiagoa erakutsi beharko lukete.
Gure elkarteko kideek ez dute gehiegi parte hartzen, egia esan. Jakin badakigu oso lanpetuta gabiltzala, baina azkenean ekimen hauek guztiak beste kideentzat ere interesgarriak dira. Gu tabernariak gara eta egun guztian gaude lanean, baina denbora ateratzen ari gara ekimen hauetarako.
Pintxo lehiaketa, esan bezala, interesgarria da baina lau kidek bakarrik hartu dugu parte.

Errepikatzeko prest? Lehiaketarekin aurrera egingo duzue?
M.A.W.
Bai, pentsatzen dugu baietz. Ea tabernarien artean parte hartzea handitzen den. Lau tabernak bakarrik parte hartzea nahikoa pobrea iruditzen zait. Partaidetza handitzen badugu lehiaketa bera hobetu egingo da. Egungoa ez da batere adierazgarria.

Denek jakin dute lehiaketaren berri?
M.A.W.
Bai. Guk asteazkenero bilera egiten dugu. Eguberriak datozela eta, eskaparatismo ikastaroak egiten gabiltza dendariei begira. Egia esan, Eguberrietan eskaparate politak jartzea lortu da herrian. Aspaldian ez dira hain politak egon.
Udalak ematen digun laguntza eskasarekin hamaika gauza egiten ditugu.
Esan beharra dago ere, Udalak urtetik urtera laguntza murrizten digula. Hizki handiekin iragarri beharko genuke hori. Pena galanta da, horrelako herri handi batean laguntzarik ez izatea. Aste honetan Oreretako merkatari elkartea gonbidatu dugu Andoainera eta Oreretan Udalaren aldetik 60.000 euro jasotzen dituzte. Guk, aldiz, 2.000 euro bakarrik. Pentsa ezazu 2.000 eurorekin zer egiten dugun guk!

Zailtasun handiak eta ezberdinak dituzue, beraz.
M.A.W.
Horrela da, bai. Bazkideen kuotarekin osatzen dugu aurrekontua.

Bazkideen kuota ordaindu behar izana aitzakia al da Salkineko kide ez izateko?
M.A.W.
Ez dugu hor arazorik ikusten. Errazena kuota ordaintzea da. Eta askotxok ordaintzen dute. Zailena inplikatzea eta gauzak egitea da. Andoainen parte hartzea txikia da, herri zaila da alde horretatik.

Ekimen berriak sortzen ari dira beste herrietan, hala nola, Garagardo Azokak…
M.A.W.
Hemen bitan saiatu ginen hori egiten. Baina ezinezkoa da, inolako laguntzarik ez dugulako. Udal ordezkariek ez digute batere laguntzen horrelako ekimenak aurkezten ditugunean. Dagoeneko ez dakigu zer pentsatu, baina ez dugu elkar ulertzen. Salkin Andoaingo merkatarien elkartea da eta ez zait iruditzen behar lukeen garrantzia ematen diotenik.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!