“Iparraldea Andoainen”, edizio berriaren atarian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ira. 24a, 19:37

Iparraldeko errealitatea eta kultura ezagutzeko zenbait ekitaldi antolatu ditu Andoaingo Udalak Basteron, azken urtetan hasitako ekimenarekin jarraituz.

Aurelia Arkotxa euskal idazle eta euskaltzain osoak emango dio hasiera ekitaldi sortari, urriaren 2an, arratsaldeko 19:30etan. “Hendaia, muga edota fronterako bizimoldea eta harremanak” izenburuko hitzaldia emango du Baigorriko idazleak. Uztailaren 19an Euskaltzaindiak euskaltzain izendatu zuen ekitaldian emandako mintzaldian oinarrituko da.
Bordagarai Taldeak musika emanaldia eskainiko du urriaren 3an, arratsaldeko 20:00etan. Jojo Bordagaraik abeslariak sei musika jotzailez (bandenoia, akordeoia, pianoa, gitarra, kontrabaxua eta perkusioa) osatutako taldea gidatzen du. Definitzen zaila den soinu unibertsoa sortzen du taldeak, pop eta jazz estiloetatik hurbil dabilena. 10 euro da sarrera.
Elirale Konpainiak “Lodikroko” dantza saioa eskainiko du urriaren 6an, arratsaldeko 17:30etan. Amaia Hennebutte-Millard irakasleak idatzitako liburuan oinarrituz, hamabi poema eta kondairatxoz osatutako ikuskizuna ikusi ahal izango da. Doan da.
Azkenik, txangoa dago antolatua urriaren 11n. Baigorriko haran menditsua (Baigorri, Banka, Aldude eta Urepele herriek osatuta) ezagutu nahi da bidai honekin. Mikel Erramouspe historialaria izango da gidari, eta egunean zehar haraneko feria ikusi eta “txerri euskalduna” hazten duen Pierre Oteizaren saltokira joango da bidaiari taldea. Irteera goizeko 09:00etan izango da Makaldegiko geltokitik. 24 euro balio du bidaiak eta bazkarirako txartelak; urriaren 3 arte eskura daitezke, Bastero Kulturgunean.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!