Oinezkoen mugikortasun arazoak aztertzen aritu dira ikasleak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ira. 24a, 19:36

Etxetik eskolara joan-etorrietan erabiltzen dituzten ibilbide nagusiak aztertu zituzten Andoaingo ikasleek pasa den astelehenean. Segurtasunaren eta mugikortasunaren aldetik oinezkoek aurki ditzaketen oztopoak hartu zituzten kontuan La Salle-Berrozpe, Ondarreta eta Aita Larramendi Ikastolako DBHko 4. mailako ikasleek, Andoainen.

Ingurugiroan lan egiten duen Eguzki-Ihintza enpresako teknikari batekin egin zituzten ibilbideak. Hau guztia Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astearen barruan burutu da. Europako Batasunak sortu zuen halako astea, eta aldi berean, “Nire autorik gabeko eguna” izendatu zuen irailaren 22a.  Egun esanguratsu horien karira etorri dira, hain zuzen, Andoaingo kaleetan burutu diren ekimenak. Erakundeetatik auto gidariengan eragin nahi izan da aurreko urteetan, egun seinalatu horietan autoa ez erabiltzeko kontzientzia sortzearen bidetik. Urtez urte emaitza ikusgarriak apenas antzeman izan diren, eta hori dela eta, hezkuntzaren munduan eragingo duen kanpainatxoa jarri du abian aurten Andoaingo Udalak.

Ikasleekin egindako ibilbide horiekin, bi helburu nagusi bultzatu nahi ziren: herrian zehar oinez ibiltzeko joera zabaltzea eta ikasle komunitatearen ibilbideen diagnostikoa egin.

Galderak eta proposamenak
Ibilbideetan zehar, ingurugiro teknikoek galdetegia betearazi zieten ikasleei, segurtasunarekin eta oztopoekin zerikusia zutenak. “Bidegurutzean pasabidea al dago?“, “Espaloiak nahiko zabalak al dira?”. Horiek eta antzeko galderak luzatzen zizkien teknikoak ikasleei, horiek erantzun zezaten. Ondoren, proposamenak eskatzen zizkieten.
Tarteka, isun sinbolikoak ere jarri zizkien ikasleek hiri arauak betetzen ez zituzten autoei. Isunaren bidez, ikasleek autoen jabeei aurrerantzean betebeharreko zigor zehatza adierazten zieten: “hemendik aurrera autoa behar den tokian utziko duzula hitzeman beharko duzu”.
Hiru ikastetxetako ikasleek jasotako lanaz baliatuz, herri osoko ibilbideak aztertuko ditu Eguzki-Ihintza taldeak. Oinezkoen ikuspegitik eginiko hiri-mapa osatuko du, era horretan.
Aurreko astean Basteron eman zen antzerki emanaldiak eman zion hasiera kanpaina honi. “Hiri basatia” izenburuko antzerki didaktikoa ikusi ahal izan zuten ikastetxeetako DBHko 1. eta 2. mailakoek.  
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!