Txikitan hasi zinen...
I.A. Bai, zazpi urterekin. Aitaren bidez, Villabonan bizi ginenean. Izebak Agustin Leitza elkartera eraman ninduen eta han xakearen ikasketak jaso nituen.
Afizioa, pasioa... zer da xakea zuretzat?
I.A. Afizioaren eta pasioaren artean kokatuko nuke. Izan dira urteak urrun samar izan naizela baina azken urteetan berriro murgildu naiz kirol jardunean.
Barreneraino bizi al duzu xakea?
I.A. Lehen, orain baino gehiago. Txikitan partidan pentsatzen nuen etengabe, orain ere bai. Batez ere galtzen duzunean!
Xakearen onurak zeintzu direla uste duzu?
I.A. Xakearen inguruan zenbait mito daude eta norbaitek esaldi borobila bota zuen: “Xakeak soilik xakean aritzeko garatzen du adimena”. Zerbaiterako balio izan dezake baina izan gaitezen zintzoak, ez du hainbesterako balio. Nire esperientziaren arabera, kontzentrazioa hobetzeko baliagarria izan zait.
Ez zarete asko xakearen munduan...
I.A. Xakea ez da sekula jende askoren kirol jarduera izango. Txikitan gehienak futbolari begira bizi ziren eta ni bezalakoak lau katu ginen! Xakea sustatzeko ez da behar bezala egiten. Ulertzen dut jendeari xakea urrunekoa egitea, xakean aritzeko araudia ezagutzea ezinbestekoa delako. Eta asko ikasi eta jolastu beharra dago xakearen munduan aurrera egiteko.
Geroz eta gutxiago gara, gainera. Gainbehera dator. Lehen, estatu mailan euskaldunak punta-puntan genbiltzan. Orain, berriz, makal samar.
Ez da giro, beraz, xakearen inguruan. Zuen artean aldiz zer moduz konpontzen zarete?
I.A. Oso ondo, giro polita dago. Ostiralero ordu txikiak arte Agustin Leitza elkartean partida biziak jokatzen ditugu, ika-mika ugarirekin, gainera! Xakean bi inteligentzia elkar lehiatzen dira. Irabaztea azkarrago zarela erakustearen pareko da eta horrek tira-birak sortzen ditu.
Udan, bestalde, hamabost partida batera jokatu nituen beste hainbeste lehiakideren aurka. Lasai aritu nintzen, baina bi partida galdu nituen. Aurkari bat oso ona zen eta Villabonako beste gazte baten aurka ere galdu nuen akats larria egin nuelako. Txikitandik oso lehiakorra izan naiz partidak jokatzerakoan. Ez dut galtzea batere gustoko!
Bestela, esandakoa, xakea gainbehera dator. Andoainen 12 urtetan ez da neska-mutil bakarra ere gerturatu. Orokorra da Gipuzkoan.
Beste kirol jardunetan bezala denboraldirik antolatzen al duzue xakearen inguruan?
I.A. Bai, laster hasiko da, gainera, buruz burukoa. Kategoria ezberdinetan jokatzen da urrian hasi eta abendura bitarte. Asteburuetan jokatzen da. Ez dut parte hartuko, ez dudalako behar bezalako prestakuntza egin.
Mundu bat da, beraz, xakea
I.A. Bai, bai. Jendeak ezagutzen ez duen mundua da, sarkorra. Estrategia oso garrantzitsua da, teoria ikasi beharra dago erasoa nahiz defentsa prestatzeko. Intuizioa ere funtsezkoa da.