Mikaela-enea: Berdinketa nagusi herri inkestan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ira. 19a, 16:26

Larogeita bederatzi (89) herritar Mikaela Enea mantentzearen alde, eraikina botatzeko 83 eskaera, bestelako aukeren aldeko bederatzi bozka eta beste bederatzi nulu. Emaitza horiek utzi ditu, UDA-k urnietarren artean bultzatu duen kontsultak.

Inkestaren ardatza, Mikaela-Enean kokatu nahi den kultur etxe berria da. Eztabaidaren gakoa aldiz, eraikinaren egitura mantendu edo bota eta gune berri bat jaso behar den.

Berdinketa egon dela aipatzen dute elkargunetik, nulutzat jo dituzten bederatzi bozka horien artean, gehienak eraikina botatzearen aldekoak zirelako. Modu baikorrean baloratzen dute, bestalde, lehen aldia izateko ekimenak izan duen erantzuna; guztira, 190 herritarrek parte hartu dute. Jasotako emaitzak aztertzekoak dira UDA-koak. Aurrerago, gaia gainerako udal ordezkariekin batera batzorde batean eztabaidatuko dute. Alkate Mikel Izagirrek iragarri bezala, lehen kontsulta izan da hau, baina ez azkena.

 

POSTONTZIA, IRAKURLEEN TXOKOA:
Ez dut uste eraikin bat eraitsi behar denik barneratu nahi dena “ez delako sartzen” soilik. Zein da programa? Ez al da handinahia izango, dena hor sartzeko? Hor bakarrik izan liteke? Ezin al da ba beharrei erantzungo dien “XXI. mendeko” etxe berri bat eraiki beste nonbait?

Eta dagoen eraikina, ezin al da beste zerbitzuetara bideratu? Ez al dago estaltzeko nahiko behar? Gazteentzat apartamenduak, tailerrak… jada eraikia dagoen etxe berezi bat baliatuta?

Eta azkenean, zerbitzuak Mikaela Enean kokatzea erabakitzen bada, egungo eraikina mantenduta, ez al dago nahikoa leku kiroldegi aldera, Pintore kale aldera? Eta ezin al da soto bat ireki hor atzean, egungo eraikinaren perimetrotik kanpo, handitzekoak diren zonaldearen azpialdean?

Orduan, Idiazabal kaleko espaloiaren zabalera al da dagoen arazo bakarra? Ezin al dira planteatu espaloia zabaltzeko beste modu batzuk, sarrerarena Idiazabal kaletik konponduta?

Edozein kasutan, zer du txarretik sarrera Pintore kale aldetik egitean? Mikaela Enea ez dago gainerako eraikinekin lerrokatua, baina ez al zegoen han Idiazabal kaleko trazaketa berrantolatu zenean?

Jada autobidearen trazaketak aitzineko trenaren harrizko biaduktua txikitu zuen, beste gauza batzuen artean. Urnietak ez du ondare askorik. Horrela jarraituz gero, zer geldituko da?

Edozein kasutan, ideien lehiaketa bat proposa daitekeela uste dut. Lehen alternatibaren aldeko hautua egiten dut. Mikaela Enea eraikinean planteatzen diren zerbitzuei ostatu ezin zaiela eman erakusten bada, hirugarren alternatiba aukeratzen dut; eraikin berri bat egitea beste nonbait, Mikaela Enea mantenduta.

Daniel Segurado Iriondo
Arkitektoa • URNIETA

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!