Pintxo lehiaketa eta lore azoka asteburuan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ira. 19a, 16:25

Oilaskoa, tomatea eta baratxuri berriak. Hiru osagai horiek ezinbestekoak dira pintxo lehiaketaren bigarren edizioan parte hartzeko. Eta hortik aurrera, nork bere artea erakusteko aukera izan dezake. Dagoeneko Buruntza, Danena, Etxeberrieta Berri eta Txitibar taberna-jatetxeetan prest dute pintxo berria.

Bakan batzuk dira aste hasieran pintxo berriaz gozatzeko aukera izan dutenak. Gehienek ere astearen amaieran izango dira batean eta bestean pintxo berriak dastatzen. Horixe da hain zuzen ere iazko edizioan pintxo lehiaketak sortu zuen joera: pintxo lehiaketaren aitzakipean jatetxe batetik eta bestetik igaro, ohiko ez den mugimendua sortaraziz. Aurten parte hartzen ari diren lau lehiakideak zalantzarik ez dute egiten iaz lehiaketak eskaini zien onurarekin. Guztiak bat datoz: bezero gehiago gerturatu zituzten hainbat egunez eta onura ekonomikoa nabarmena izan zen. Beraz, gauzak horrela, zer dela eta hain parte hartze txikia tabernarien aldetik?

Lehiakideen iritzia
Danena jatetxeko Juan Urangak etsipen aurpegia jarriz, “horrelako ekimenak beharrezko dira Andoaingo giroa supertzeko” adierazi du. Etxeberrieta Berri jatetxeko Gorka Unzuetak utzikerian aurkitzen du arazoaren gakoa, “tabernari asko eroso dago eta egitasmo berrien aurrean ez dira animatzen”. Buruntza jatetxeko Miren Argi Weill serio demonio jartzen da galderaren aurrean, “Salkin elkartean nabil azken ia lau urtetan eta konturatu naiz jendeari gustatzen zaiola muturrean dena eginda ematea. Baina parte hartzeko inor ez da animatzen. Lanerako gogorik ez dago eta horrelako ekimenetan argi ikusten da. Iaz, lehen aldiz izan zelako edo, oso ondo joan zen dena. Aurten, egia esan, oso motel dago egoera”. Andoainen 90 taberna izanik, soilik 4 parte hartzea etsigarria da Weillentzat.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!