Bizikletan nahiz korrika, igandean Plazaolara

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ira. 19a, 16:23

Antolakuntzak natur bideaz gozatzeko eta ingurunea zaintzeko deia luzatu die egun horretan, bizikletaz nahiz lasterka, ekintza ezberdinetan parte hartu behar duten lagunei.

Proben xehetasunak
Andoain-Lekunberri VI. bizikleta martxa Andoaingo Goiko Plazatik abiatuko da goizeko 10etan. Leitzarango bailaratik barna joatekoa da, eta 40 kilometroko luzera du. Plazaolako Partzuergo Turistikoak antolatu du martxa, Andoain, Leitza, Larraun eta Lekunberriko Udalen laguntzarekin.

Proba hori luzeegia eta gogorregia dela iruditzen zaien bizikleta zaleentzat, beste bi aukera proposatu dira. Familia Martxa deiturikoa da lehena, Leitza-Lekunberri ibilbidea duena; 15 kilometrokoa da, eta Plazaolako Geltoki zaharretik 11:30etan irteten da. Bigarrena, berriz, Haur Martxa deiturikoa da; Lekunberri-Mugiro-Lekunberri ibilbidea du; 4 kilometrokoa da, eta Geltoki zaharretik 12:30etan irteten da.

Azkenik, hirugarren maratoi erdia antolatu da. Leitza-Lekunberri ibilbidea du, eta Leitzako geltoki zaharretik bi kilometrora dagoen Erreka Sagardotegiko paretik 9:30etan irteten da.
Bi bizikleta proba txikiak eta maratoi erdia Plazaolako Partzuergo Turistikoak antolatu ditu, Leitza, Lekunberri eta Larraungo udalekin batera.  

Maratoi erdia ez beste proba guztiak ez lehiakorrak dira, eta beraz, ez dira denborak hartzen.

MARATOI ERDIA 200 PARTAIDEENTZAT
Maratoi erdiko lasterketa 200 korrikalarira mugatu da eta parte hartzeko aurre izen ematea irailaren 18an, ostegunean, bukatu zen. Gainerako probatan, berriz, egun berean, ordu bete lehenago, izena emateko aukera emango da.

Kuotei dagokionez, 11, 7 eta 2 euro dira bizikleta martxen kasuan (15, 9 eta 3 egun berean) eta 15 euro erdi maratoiaren kasuan.

Proba guztiei buruzko argibide gehiago (profilak, arauak…) jakiteko, www.plazaola.org da antolaketak jarri duen webgune elektronikoa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!