Elkarrizketa: Rosa Ayerbe Iribar historialaritzan aditua

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ira. 19a, 16:22

Unibertsitateko irakaslea eta historialaria da; Gipuzkoako historigrafiako pertsonarik emankorrenetakoa. Erdi aro eta aro modernoko makina bat alor jorratzen ditu, eta amaitezina da gai zerrenda: zuzenbidearen historia, Gipuzkoako foru egiturak, basogintza, burdinolak, monastegiak… Hori aski ez eta hainbat erakunde zientifikoetan goi ardurak hartuta dabil aspalditxo honetan.

Aiurri: Esaiguzu, lehenengo eta behin, nongotarra zaren, egindako ikasketak…
Rosa Ayerbe:
Ni Hernanin jaio nintzen. Aita Diputazioko basozaina zen, eta Hernaniko mintegitik Urnietako Arizmendi izenekora pasa zenean familia ere hara joan zen; nik 14 urte nituen orduan. Urnietako Xoxoka aldean bizitu nintzen ezkondu eta Andoainen kokatu nintzen arte.
Hala ere, ez dut Urnietako bizipen handirik gordetzen, Donostian ikasketekin murgilduta bai nenbilen. Ikasketak, Hernaniko moja alemandarren eskolan hasi, Peñafloridako Institutuan jarraitu eta EUTG eta Bartzelonako unibertsitateetan bukatu nituen.  

Aiurri: Nori kontsultatu, halako herrikoa zarela azaltzen da…
R.A.:
Ni gipuzkoarra sentitzen naiz batez ere. Hala ere, beti esango dut gizakiok maitatu behar ditugula bai jaioterria eta baita hartu zaituen herri-
a.
Alde horretatik, Hernani, Urnieta eta Andoainek toki berezia hartzen dute historia ikertzeko garaian, niretzat.

Aiurri: Andoaini buruzko historia libururik garrantzitsuena atera zenuen 1996an, “Andoain de tierra a villazgo (1379-1615)” izenekoa. Zure senar Luis Miguel Diez de Salazar historialariarekin hasi eta hura hil zenean, bakarrik jarraitu zenuen urtetan…
R.A.:
Konpromisu pertsonala izan zen. Pazientzia, konstantzia eta denborarekin egina. Zuzenbide fakultateko oposaketa ateratzeko garai zaila izan nuen hura, bi haur txiki nituen…, urteak pasa ziren baina atera zen lana.
Bertan hainbat gai aztertzen dira: Andoain eta Leizaurri buruzko zenbat aspektu, Andoaingo lurraldearen eboluzio historikoa, erlijio bizitza, ondasunak, etxe eta baserriak...

Aiurri: “El imposible vencido”, ezina egina alegia, aipatzen duzu hitzaurrean.
R.A.:
XIV. mendean hasi eta Andoain udalerri edo “villa” gisa sortzen den 1615 urtean amaitzen da liburua. Egin kontu Andoaingo udal artxibategian ez dagoela liburuak hartzen duen garai historiko horri buruzko materialik; soilik herria sortuz geroztikako agiriak daude. Beraz, kanpoko artxibategiekin (pleitoak, notario protokoloak…) osatu zen liburu hori. Alde horretatik, lehenbiziko aldia izan zen era horretako desanexio prozesu bat ikertzen zela Gipuzkoan.

Aiurri: Andoaingo desanexio prozesua Gipuzkoan eredugarria izan zela dio liburuaren azpitituluak…
R.A.:
Andoainek hartu beharreko bidea erakutsi zien beste herri txiki askori herrialdean. Bera lehena izan zen eta atzetik 30 bat herri txiki udalerri bihurtu ziren segituan, Urnieta tartean. Zer esan nahi zuen udalerri bihurtzea? Udal forua edukitzea, hots, autonomia bere burua antolatzeko, erregearen zerbitzura betire.

Aiurri: Urnietako historia ere, garai beretsukoa, ikertzen omen zabiltza azken urteetan…
R.A.:
Urnietarekikoa ere konpromisu pertsonala da, lehen esan bezala. Bilduta daukat bildu daitekeen material gehiena. Mordoa da eta Hernani zein Andoaingoa bezain aberatsa; 2010erako edo atera nahi nuke. Eta horretarako aurten nahi nuke erredakzio lanei ekin. Proiektu txiki asko dauzkat eskuartean, baina behin buru belarri jarrita, Urnietakoa izango da handiena. Udaleko agintariekin hitz egin nuen bere garaian eta konpromisua betetzea dagokit orain. 

Aiurri: Gipuzkoako Foru Aldundiko agiriak inork ez bezainbat ezagutzen dituzu.
R. A.:
Aspalditik ari naiz Batzar eta diputazioetako aktak transkribatzen eta argitaratzen. Denbora eta pazientzia asko eskatzen dit, eskulana baita asko; gogoz ari naiz hala ere. Egunotan bertan 28. alea entregatu dut. Jada Gipuzkoako ehun urteko historia argitaratu da, egunez eguneko herrialde baten bizitza instituzionala alegia. 

Aiurri: Goitik behera jakingo duzu Gipuzkoako foru egitura, beraz.
R. A.:
Bada beste jendea foruak jorratu dituena, baina ni izango naiz ziurrenik, agiriekin lan gehien egin duena. Akten ale bildumaz gain, azken urteetan beste zenbait liburutxo pedagogikoagoak edo entseguak ere egin izan ditut. Besteak beste, batzarren berreskurapenen 25. urteurrena zela eta atera zen liburua koordinatu nuen; edo batzarkide berriek egunean jartzeko irakurtzen duten entsegua.  

Aiurri: Benetako pasioa da zuretzat artxibategiak miatzen ibiltze hori...
R. A.:
Nik artxibategiren batera astero joateko benetako premia sentitu ohi dut. Izugarri gozatzen dut holaxe. Maiz aurrez zer topatuko dudan jakin gabe joaten naiz. Susmaezineko gauza ederrak topatzen ditut gehienetan.

Aiurri: Egundoko garrantzia ematen diezu, beraz, dokumentuei.
R. A.:
Jatorrizko iturriak non egon, hara joaten naiz. Askok ez dute gogoko jatorrizko iturrietara jotzea, ez omen delako oso zeregin atsegina. Niri, ordea, ezinbestekoa iruditzen zait informazio historikoaren sorburura jotzea; argitalpenetan beti saiatzen naiz horiek ere tokia izan dezaten.

Aiurri: Hainbeste lan egunez, aberasten ari zarela pentsatuko dute batzuren batzuk.
R. A.:
Calahorrako artxibategian egon naiz egunotan, hango artzapezpikutzaren menpe baitzeuden Bizkaia eta Gipuzkoa. Triste itzuli naiz ez baitut gauza handirik topatu, baina datorren asteburuan Valladolidera noa, material aberatsa egon den ziurtasunez. Artxibategiak ordenatu ere egiten ditut, eta Hernaniko agustinatarrenari heldu behar diot uda honetan. Eta dena, gratis et amore. Maite dudalako zeregin hau.  

Aiurri: Paleografian ere oso aditua zara. Zertan datza historiako diziplina hori?
R. A.:
Idatzi zaharrak irakurri eta interpretatzen dituen zientzia da. Euskal Herriko Erdi Aroko idatziak transkribatzeko eta argitaratzeko Eusko Ikaskuntzak sortutako egitasmoaren koordinatzailea naiz une honetan. Bi helburu ditu egitasmoak: historialariari edo irakurle soilari Erdi Aroko agirien irakurketa erraztea batetik, eta jatorrizko agirien kontserbazioa ziurtatzea bestetik. Aurki daitekeen agiri zaharrenetik hasi eta 1.520 bitarteko guztiekin egiten dugu lan. Bizkaiko artxibategietakoekin amaitu, eta orain Gipuzkoakoekin ari gara; Zestoako liburua kaleratzekoa da egunotan eta 136. alea da. Araban, Nafarroan eta Iparraldekoekin ere hasiak gara. Luzerako egitasmoa da, oso polita eta interesgarria; ni hilko naiz eta hor jarraituko du egitasmoak. Bitartean, ea jende gazte formatua hurbiltzen zaigun lanera, izan ere transkribatzaile gutxi gaude.

Aiurri: Bokazio gutxi ikusten duzu belaunaldi berriei begira, ala?
R. A.:
Historia ikasten hasi direnetatik askok aro modernoa edo garaikidea hautatzen dute. Bestela ere, ez dago bokazio askorik, oraina eta etorkizunari begiratzen diote iraganari baino. Dena den, ulertzen diet gazteei: “primum vivare, deinde philosophari” da nagusi egun. Alegia, gauzak dauden daudenean, lehenbizi jatekoa ziurtatu behar, eta gero, gustukoa egin. Instituzioek dirua jarriz ahalbideratuko balute historiarekin bizimodua ateratzea, pentsatzen dut orduan gazte ugarik hautatuko lukeela historiagintza. Orain gabiltzanok zaletasunagatik gabiltza, herriari ondasun bat utzi beharraren kontzientzia daukagulako. Iruditzen zait ez garela ari bizitzen kultur ziklorik onena, ezta historiagintzan ere. Hala ere, badut ziklo historiko berri bat helduko denaren itxaropena; berpizkundean edo erromantizismoan gertatu bezala, non atzera begiratuko den.

Aiurri: Gustura, hala ere, historiako irakasle bezala?
R. A.:
Leioan eta Donostian ari naiz, eta pribilegiatua sentitzen naiz herri honetako historia besteekin konpartitu ahal izateagatik. Helduen klaseekin gozatzen dut batipat, zenbateko gogoz etortzen diren gelara! Gainerakoan ere, ikaragarrizko satisfazioa da niretzat ikasle izan ditudan asko orain han hemengo artxibategietan topatzea.

Aiurri: Jendeak badu historiarekiko benetako interesik? Argitalpenen edizio murritzak ikusita, ez dirudi ala denik…
R. A.:
Baietz uste dut. Hori bai, nik pena hartzen dut nobela historikoek daukaten arrakasta ikusita. Nobela horiek zer dira, bada? errealitate baten fantasia. Errealitatea da den bezalakoa, eta ez dago nobela eder eta interesgarriagorik, gure arbasoek bizi duten historia baino! Historia horrek miseriak eta handitasunak gordeko ditu, baina gure arbasoek idatzi dute, interes handia jarri zutelako bere garaian guri trasmititzeko nolakoa zen euren bizimodua. Jendeari iruditzen zaio historiako liburu bat aspergarria dela, lodia izate hutsagatik. Bada ireki, eta hasi dadila irakurtzen; ohartuko da zein oker dabilen…  

Aiurri: Curriculum eta bibliografia paregabeak izateaz gain komunikatzaile ona zara; ez zara komunikabideetan ateratzen, hala ere.
R. A.:
Ez naiz gizartean nabarmentzearen aldeko. Gainera, nire eginahala isila da, begiratu luzekoa, urratsez urrats egitekoa. Komunikabideei begira egonez ezin bestelako lanak egin, eta jakina, hil artean ez daukagu soberan denbora.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!