Sanmielak08: Jaigiroan, Bosko Anitz txaranga

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ira. 19a, 16:08

Inauterietan, eguberrietan, beste elkarteekin elkarlanean, jaietan… Bosko Anitz txarangako kideentzat ikasturte berria bizia izan ohi da, emanaldi ugari eskaintzen baitute herriko festatan.

Bosko Anitz Txarangako arduradun Juanma Zarranzek taldea gertutik ezagutzeko zirrikituak eskaini ditu honako lerrootan. Txarangakideek lanak hartzen dituzte jaigiroa alaitzen, jaietan bereziki.

Aisialdi taldea edo txarangarekin, Bosko Anitzek non izan zuen abiapuntua?
Juanma Zarranz:
Lehenik, aisialdi taldea osatu zen. Hor barruan zeuden gazte eta helduak musika gustuko zuten. Duela hamar bat urte, begirale talde gazte animoso bat kantu errazak jotzen hasi zen; tronpeta, saxofoia… baliatuta. Gehienbat aisialdi taldeko ekintza eta Salesiar ikastetxeko ospakizun eta jaietan animatzaile izateko sortu zen.

Zu iritsi zinenean nola zegoen taldea?
J.Z.:
Ez zeukan halako egitura finko bat, urtero aldaketa asko egon izan baitira. Musika sartzen saiatu nintzen, Musika Eskolarekin batera. Hain zuzen, taldera datozenei, musika ikastea proposatzen zaie beti. Geroztik Urnietako Musika Eskolako kide egin gara eta hobetzen joan da maila musikala eta horrekin batera, baita teknika ere. Ordutik, gure taldearen sendotzea etorri da.

Musika sartzen ahalegindu izan zara. Musika mundutik zatoz?
J.Z.:
Salesiarretan musika irakaslea naiz. Baina hortik aparte, baita zaletua ere. Beti izan ditut gogoko halako ekintzak eta bultzatu ditut. Beste heldu batzuk badaude, jende animatua, eta horrek taldea sendotu du. Gaztetxoentzat aukera bat da.

Zuen musika errepertorioan zer nolako abestiek dute tartea?
J.Z.:
Txarangako kanta ezagunenek. Tolosako inauterietakoak, herrikoiak, mexikarrak, geldirik jotzeko batzuk, martxak, pasodobleak… Guretzat kantu berriak direnak sartzen ditugu, baina errepertorioa betikoa da. Abestiak sortuak daude. Saiatzen gara gure egokitzapenak egiten, baina zaila da. Musika Eskolarekin elkarlanean gabiltza.

Elkarlana, baita Urnietako beste talde batzuekin ere?
J.Z.:
Udaleko Kultura Sailarekin, herriko ikastetxeekin… Txaranga eta Musika Eskolaren arteko elkarlanean, iaz banda txiki bat sortzen hasi ginen. Bestalde, urtean zehar herriko zenbait ekintzetan parte hartzen dugu; Sanmieletan, eguberrietan, baita inauterietan eta Dantza Egunean ere. Sanmieletan bizpahirutan jotzen dugu; xexenetan, kalejiran edota erraldoiekin. Ikastetxean ere festa giroa denean ere jotzen saiatzen gara…

Eta herritik kanpo?
J.Z.:
Azkoitiara joaten gara, hango ikastetxeekin batera inauterietan jotzera. Eta beste zerbait sortzen bada, gu oso gustura.

Bosko Anitzen esanahia, hitz joko baten emaitza da?
J.Z.:
Bosko, gure patroia eta Salesiarren sortzailea izanik, berak gustuko zituen gazteen zaletasunak, musika, antzerkia… bultzatzea. Eta Anitz hitzak, anitza, irekia esan nahi du. Bi hitz horiekin azaldu nahi zuten, aisialdi talde bat ez dela itxia, eta denek parte hartu eta gauza guztietara irekia egon daitekeela. Hasieratik, planteamendu hezitzaile bat bultzatu nahi izan dugu.

Jaietako testuinguruan, kale giroa nola ikusten duzue?
J.Z.:
Beste herri batzuk Urnietak baino askoz giro gehiago dutela komentatu izan dugu maiz. Oinez ibiltzeko erraza den inguru herrikoi bat falta zaio Urnietari. Hemen, sakabanatuta bezala ikusten da herria, gainbehera handia dago erdigunean. Bestela, azken urteotan parte hartzea hobetzen doala ikusten dut. Baina horretarako baliabideak jarri behar dira eta ordutegi ona behar da, eguraldia bezala. Jotzen hasi eta zenbat aldiz egon izan ote gara udaletxeko aterpean, ezin mugitu. Ni ez naiz kexatzen, dagoena dago. Jendeak parte hartzeko exigentzia puntu bat behar du, eta horrek esfortzu bat eskatzen du. Eta herritarrak ezagutu behar dira, jende berri asko baitago.

Txarangan parte hartu nahi duenak zer baldintza bete behar ditu?
J.Z.:
Egun batean entseatzera etorri, gutxieneko maila izan, errepertoria ikasten hasi eta gogoa, portaera ona izatea. Musika Eskolako kide izatea bultzatzen dugu. Helburua hori da, Musika Eskolarentzat lekua egotea, ikasleek emanaldietan parte har dezaten.
Entsegu eguna, ostiraletan 16:00-18:00 artean izaten dugu. Musika Eskolako irakasle bat etortzen da laguntzera. Gurasoen laguntza ere azpimarratzekoa da.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!